"Galerna"
Leire Lekuona Elizondo idazle bermeotarrak bere ‘Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa’ ipuin liburua oparitu digu Hitzan plazaratzeko. Kapituluka eta barikuro, gure orrialdeetan irakurriko duzue. Gozatu!
Beteta sentiarazi ninduzun. Eta jakin nuen momentu hartan haurdun gelditu nintzela. Lamina nintzen arren, nire itsasora bueltatzeko grinak itxaron beharko zuen. Bederatzi ilargiren ostean nire haragia ireki zen, eta Enea deitu genuen gizontxoa ekarri nuen mundura. Zeruko aingerua izan zen, inoiz izan nuen oparirik politena. Nire aurpegia zuen, baina, urteak pasa ahala, kiribiltxo gorrixkak hasi zitzaizkion. Irribarrea ere zurea zen.
Urte politak pasatu genituen mendiko gure etxean. Gertu genituen pinuak, lizarrak eta haritzak. Batzuetan itsasertzaren falta nabaritzen banuen ere, ez nuen hondartzarik berriro zapaldu, eta itsasoa ez nuen urrunetik besterik ikusten. Zuk askotan ontziratu behar izaten zenuen, eta nik, Enearekin batera, itxaron egiten nizun etxe aurreko aulkian, amantalean batutako soroko sagar freskoak zuritzen nituen bitartean.
Udako egun berotsu hartan ere ontzian zinen. Goizetik agurtu ninduzun, laster etorriko zinelakoan. Baina zorigaiztoak berriro joko ninduen, ez bainintzen kapaz izan etortzear zegoena aurreikusteko, nahiz eta goizetik arratsaldera arte zirrarak nabaritu nituen sorbaldan gora. Sagarrak eta madariak batzen nenbilela usaindu nuen itsasoak zekarrena. Kaioek ere ekaitzaren berri eman zidaten. Ur gaziak erakutsiko zuen laster zein zen bere indarra.
Haizeak biraka egin zuen, eta haize hotzaren etorrerak galerna izugarria eragin zuen itsasoan, eguraldia guztiz goibeldu zelarik. Ez nuen birritan pentsatu. Enea besoetan hartu, eta bidean behera joan nintzen ahal izan nuen lasterren. Herrirako bidea ez zen inoiz erraza izaten, baina egun hartakoa oztopoz beterikoa iruditu zitzaidan, harri handiz, asunez eta arantzez betetakoa. Kanpai-hotsak entzun nituen, geroz eta hurbilago. Talaiara heldu nintzenerako ia arnasa hartu ezinik nengoen, lur jota. Olatu ikaragarriak ikusten ziren bertatik, inoiz izandako altuenak, zioten han batutako gizon zahar batzuek.
Ekaitzaren orroak Leviatanen bortizkeria oroitarazi zidan, eta kikildu egin nintzen, Enea besoetan estutzen nuelarik. Itsasontzi batzuk bueltan ziren, baina gehienek oraindik zirauten olatuen enbatak tinko jasaten. Alferrik, ordea, gizakiak ez baitzuen ezer egiterik Ortzi nire aitaren haserrearen aurrean. Oparotasuna zekarren itsasoak ez zuen egun hartan heriotza besterik ekarriko. Ontziak apurtzen hasiak ziren, eta gizonak itotzen, han bilduta geunden herritarren etsipenerako.
Isabel aurkitu nuen emakume gazte negartien artean. Haren besarkada beroak ez zuen baretu, ordea, nire bihotzeko estutasuna, non ote zinen besterik ez baitzidan barruak itauntzen. Agian herrira bueltatu zirenen artean zinen, baina, hala ez bazen, ziurrenik ez zintudan berriro bizirik ikusiko, ezta gure semeak ere.
Heriotzaren usaina zekarren haizeak. Malkoak eta esperantza gabeko begiak ziren nagusi neskatxoen artean, herriko gizon gazteak baitziren danbatekoak jasaten zebiltzanak. Portura jaitsi behar nuela esan nion Isabeli, zure berri izan nezan. Enea berak zainduko zuen, eta musu bana emanez, karriketan behera egin nuen. Han ere jendea bildua zen, baina ez zintudan ikusi. Berriak oso txarrak ziren. Itotzat jotzen zituzten han gelditutakoak.
Ekaitzari begira, bihotza erdibitu zitzaidan. Zu han zinen, olatuen preso, eta zuregana joan banintekeen ere, nire bizitza berria utzi beharko nukeen, betirako. Etxea, lurra, semea… Banekien eta, Xixili bihurturik, ez nukeela bueltatzeko ahalmenik izango. Salbatu ahal zintudan, baina zu gabe biziko nintzateke. Eta gure semetxorik gabe.
Erabakia hartu behar nuen. Ez zitzaidan erraza izan, baina zureganako maitasunak eta nire benetako izateak beste guztia itzalperatzen zuten. Negarraren lehenengo malkoak aurpegian, aurreratu nintzen ertzeraino. Lokatzez zikindutako zapatak kendu nituen, astiro. Gaineko alkandora eta soinekoa erantzi nituen. Galtzerdiak, aldagarriak, hileko kordela… atzean lehengoa ez zen zurrumurrua entzun nuen, baita norbait niri deika ere. Baina ni, jada, ez nintzen harkaitzetan topatu ninduten emakumea, Xixili baizik. Prest nengoen itsasoko nire erreinura bueltatzeko, eta ez nien jaramonik egin.
Atzera begiratu nuen azken aldiz eta aho bete hortz ikusi nituen haietariko asko. Itsasoak emana, itsasora bueltatua, hori zen gertatu beharrekoa. Eskerrak eman nizkion bizitzari herri hartan bizitzeagatik. Eskerrak izandako seme ederrarengatik. Eskerrak zorioneko momentu guztiengatik. Taupadak arindu zitzaizkidan, eta ikusezinezko sokak bultzada eman zidan.
Ni harrapatu nahian harriduraz korrika zetozenei denbora eman gabe, salto egin nuen uretara, esku artean irrist egiten duten arraintxo biluzien modura.