EAJk udal aurrekontua "kontinuista eta anbizio gutxikotzat" du
Bermeoko Udalak urte honetarako 30. 625.990,81 euroko udal aurrekontua onartu zuen atzo [otsailak 26], baina EAJk kontrako botoa eman zion. Bermeotarren "benetako lehentasunetatik urrun" dauden aurrekontuak direla uste dute jeltzaleek.
Bermeoko Udalak urte honetarako 30. 625.990,81 euroko udal aurrekontua onartu zuen atzo [otsailak 26] arratsaldeko osoko bilkuran. Udal gobernua osatzen duten alderdien aldeko botoekin —EH Bildu eta Guzan— onartu zen aurrekontua. Oposizioko alderdi bakarra den EAJko zinegotziek kontrako botoa eman zuten, proposatutakoak “kontinuistak, anbizio gutxikoak eta bermeotarren benetako lehentasunetatik urrun” dauden aurrekontuak direla iritzita.
Kopuru horretako aurrekontuarekin “politika egiteko aukera” dagoela nabarmendu zuen Ander Garate zinegotzi jeltzaleak, beraien ustetan udal gobernu taldeak “Bermeorentzat etorkizunerako norabide zehatzik” definitzen ez duela zehazteagaz batera: “Ia 2024 eta 2025ekoen erreplika dira. Ez dago plangintza estrategikorik, ez dago proiektu berririk eta ez zaie aurre egiten herritarren egunerokotasunari eragiten dieten arazoei”. Jeltzaleen ustetan, aurrekontuak “ausardiaz landu barik” usten ditu, besteak beste, aparkaleku falta, hiri-garbiketa, irisgarritasuna, auzoen mantentze-lanak edota segurtasunaren hobekuntza. Bermeok “aurrera” egin behar duela nabarmendu dute, baita ezin dela udalerria “beste urte bat utzi norabide argirik gabe”.
Horregatik, EAJk zortzi emendakin aurkeztu zizkion udal gobernuaren aurrekontu proposamenari, “jarduera zehatz eta bideragarrietan” oinarritutakoak. Gobernu taldeak denak atzera bota dituztela salatu dute.
Zuzenketak. Aurkeztutako lehen emendakina Tellaetxe tar Josu kalean aparkaleku berri bat egiteari lotutakoa zen, gune horretan “auto asko” dabiltzalako: “Etorkizunean Ormaza Berriako etxebizitza berriak egingo dira gaur egun aparkaleku moduan erabiltzen den lorzoruan, eta auto guzti horien beste leku batzuetara aldatu beharko dira”. Jeltzaleentzat irisgarritasuna eta mugikortasuna “herriarentzat estrategia arloa” direla, eta horregatik, aparkaleku gisa erabiltzeko kalifikazioa duen lursail bat erosteko 200.000 euroko zuzenketa aurkeztu zuten: “Erantzuna argia izan da, ez dutela dirurik hori aurrera eramateko”, azpimarratu zuen Garatek.
Bestetik, Europatik datorren legea betetzeko helburuagaz urrian hondakinen kudeaketa tasa igo zela gogoratu zuen: “Uste dugu zabor batze tasa igotzea herritarren bizi kalitatea hobetzera bideratuta egon behar dela eta zerbitzuak hobetu behar direla”. Horregatik, “egoera nahiko beltzean” dauden herriko zenbait gunetako organikoaren edukiontzi marroiak edukiontzi urdin eta grisen renting-aren berritze-kontratuan sartzea eskatu dute. 2025arekin alderatuta garbiketa berezietarako diru saila handitu bada ere, EAJkoentzat “ez da nahikoa” herriak behar duen kale garbiketa aurrera eramateko eta horretara bideratu dute hirugarren emendakina: “Guk garbiketa horietarako ditu saila handitzea proposatzen genuen. Negozioazioan eta osoko bilkuran errepikatu dute helburua hidrogarbigailu berri bat izatea dela, baina guk badakigu egon badagoela. Aurrekontu honekin ez da hidrogarbigailu berri bat erosiko, orain arte egon den kontratua berritu baino”.

Era berean, etxebizitza turistikoak herritarren zein beraien kezka direla eta, etxebizitza horien udal erregistroa eguneratu eta jarduera irregularra antzematea eskatu zuten jeltzaleek. Lurralde kohesioari lotuta, Agarre auzoko argiteria hobetzeko zuzenketa erregistratu zuten: “Negozioazio batzarrean komentatu zuten orain arte 5.000 euro erabili direla eremu desberdinetan 14 farola ipintzeko, tartean Agarren. Guk ikusi dugu eta herritar batzuk ere hala esan digute, ez dela nahikoa izan”. Horregatik 30.000 euroko emendakina aurkeztu zuten, hala ere, tekniko batzuekin hitz egin dutela esan eta zenbateko horrekin “agian labur” geratu zirela nabarmendu zuen Garatek.
Bizkaiko Jaurerria kaleko irisgarritasunaren, antolamenduaren eta bide-segurtasunaren “hobekuntza integralari” lotutakoa da beste zuzenketetako bat. 2024ko aurrekontuaren eztabaidan ere aurkeztu zuten jeltzaleek proiektu horrekiko zuzenketa, eta orduan udal gobernu taldeak proiektua “udaleko langileekin aurrera eramango zela” esan ziela esan ziela gogoratu dute: “Ez dugu ikusten aurrerapausorik egon denik. Esan digute proiektuagaz hasiko direla baina guk zalantzan jartzen dugu. Nahiago genuke erratuta egon eta proiektuak aurrera egitea, baina momentuz ez dugu ikusten”. Planteatzen dutena “proiektutik harago” doala zehaztu zuten jeltzaleek, proiektua diseinatzea baino, obrak burutzeko 400.000 euroko zuzenketa aurkeztu baitzuten.
Zazpigarren emendakina San Martineko haur parkeko estalkia egitekoa zen: “Klimatologikoki, euri asko egiten duen lurralde batean bizi gara eta, uste dugu, Erretenen dagoen guneaz gain, herrian beste gune bat egon behar dela ume eta nagusiak estalpean egon ahal izateko”. San Martinen aukeraketaren zergatiari dagokionez, “gero eta jende gehiago” bertara bizitzen doala eta euria ari duenean Erreteneraino joango ez direla zehaztu zuten. Azken zuzenketa, ostera, Nagusien Behatokia programa berraktibatzeagaz lotuta dago, biztanleria zahartzen ari delako. Kalteberatasun egoeran dauden adinduak daudela eta, zuzunketaren helburuetako bat “bakardadean eta kalteberatasun egoran dauden pertsona nagusiak ahalik eta arinen identifikatzea” da: “Udal gobernutik esan digute Eusko Jaurlaritzagaz programa bat lantzen ari direla eta gu horrekin guztiz ados gaude. Halere, uste dugu programa martxan jarri arte denbora pasatuko dela; horregatik, guk proposatzen duguna da programa horrek ekarriko lukeen emaitza aurreratzea”.
Proposatutakoak “neurri onargarriak eta beharrezkoak” direla defendatu zuten, eguneroko arazoei “irtenbide praktikoak” ematen dizkieten proiektuak direlako. Hala, gobernu taldearen partetik izandako erantzunak “akordiorako borondate falta” erakusten duela salatu dute: “Guk aurkeztutako emendakinak 823.000 eurokoak dira, baina ez da proiektu bakarra, zortzi baizik. Ikusi dugu udal gobernuak ez duela izan interes handirik akordio batera iristeko. Aurrekontuari zuzenketak proposatzeko azken eguna otsailaren 2a zen eta guk ordurako erregistratuta genituen. Otsailaren 2tik 6ra arteko epea zegoen aurrekontuak negoziatzeko epea eta udal gobernuak otsailaren 6an, azken egunean deitu zigun batzartzera”
Modu berean, Garatek udal gobernuko ordezkariek osoko bilkuran esandakoei erantzun zien batzar osteko prentsaurrekoan: “Esan dute gure emendakinak gastu hutsak direla eta ez dugula aztertu nondik kendu gastu hori. Egia da 2016an eredu bat jarri zela mahaigainean, eta geroztik eredu hori jarraitu dela non, gastu edo proiektu bat planteatzean nondik kendu ere zehazten zen. Orain arte horrela egin dugu, baina 2024ko aurrekontuak eztabaidatzean, 2023ko abenduaren 12ko osoko bilkuran, gure proposamena gu barregarri uzteko erabili zuen udal gobernu taldeak, gure proposamenari barre egiteko. Ordutik aurrera gure erabakia ez aurkeztea izan da, nahiago dugulako ez dugula aurkeztu esatea, gure proposamenei barre egitea baino”.