Gazte independentisten topagune izango da Gernika-Lumo
Gernika-Lumoko Independentzia Egunean bilduko dira gazteak etzi (otsailak 28), udalerrian. Egun osoko egitarauaren baitan, eskaintza politikoa eta aisialdia uztartuko dituzte.
Independentziara ekitaldia Gernika-Lumon.Hibai Agorria Euskal Herriko gazte independentisten topagune izango da Gernika-Lumo zapatuan [otsailak 28], Independentzia Egunean bilduko baitira gazteak bertan. Gazte independentistek eskaintza politikoa eta aisialdia uztartuko dituzte herriko kaleetan, egun osoko egitarauaren baitan, eta herritarrei zein ingurukoei Gernika-Lumoko Independentzia Egunera bertaratzeko deia egin diete. “Gernika-Lumoko zein inguruetako gazte independistei dei egiten diegu zapatuan udalerrira etortzera, batez ere ekitaldira, baina egun osoko egitarauan parte hartzeko deia luzatzen diegu”, azaldu dute.
Asko dira gaur egun euskal gazteriaren beldur eta erronkak, are gehiago “Espainiar estatua eta frantsesaren zapalkuntza nazionala eta soziala” egungo errealitatea dela uste duten honetan: “Ikusten dugu faxismoa gorantz ari dela, matxismoa ere bai, eta prekarazazioa nagusi dela gazteen artean. Zer esanik ez euskararen kontrako oldarraldiari buruz”. Horren aurrean, ehundaka gaztek “ezkerreko gazte antolakunde iraultzailea” den Ernairen aldeko apustua egiten dutela jakitun, horren inguruan hitz egingo dute zapatuko ekitaldian: zergatik Ernai?. “Ekitaldia galdera horri erantzuteko izango da. Zergatik parte hartzen dute gazte horiek Ernain?”, gehitu dute.
Hala, orain arte egindakoak landuko dituzte, baita aurrera begira dituzten asmoei buruz berba egin ere: “Militantzia, topagunea… gauza desberdinak lagunduko ditugu, betiere aipatutako galdera nagusi horren bueltan”.
Baina, ekitaldi politikoaz gain, eguna Gernika-Lumoko eta inguruko gazte independentisten topaleku izango dela nabamrendu dute: “Egunaren beraren garrantzia, batez ere, hori da: udalerria topaleku izango dela”. Bertan, eskaintza politikoa eta aisialdia uztartuko dituzte, eta, beraz, hausnartzeko eta gozatzeko momentua izango da: “Herriko kaleetan eta leku ezberdinetan zehar egingo dugu hori. Ekitaldia Elai Alai izango da, marianitada Arranon, bazkaria Harizpen, trikipoteoa Arranon, kontzertua Pasealekuan eta gero DJa berriro ere Arranon”.
Garai hauetan, aldarrirako eta aisialdirako “lubaki” modura ulertzen dute zapatuko hitzordua, eta, apirilaren 2tik 5era Abadiñon izango den Gazte Topagunean parte hartzeko deia ere egingo dute: “Zapatukoa, Gernikako gazte independentisten lekua izango da, eta Abadiñokoa, Euskal Herri mailako gazte independentistena, zeinetan aisialdia eta aldarri politikoa berriro uztartuko ditugun”.
Ernaiko antolatzaileek jakinarazi dute etziko bazkarira joateko tiketak oraindik ere eskuragarri daudela, beraien sare sozialetara mezua bidalita, edota beraiekin zuzenean harremanetan jarrita.
EGITARAUA.
12:30. Zergatik Ernai? ekitaldia, Elai Alai aretoan.
14:00. Marianitada Arranon.
15:00. Bazkaria Harizpe txokoan.
Gero. Bingo musikatua.
19:00. Trikipoteoa Arranon.
20:30. Kontzertua Pasealekuko arkupean: Ilberri.
00:30. Dj Askatasuna Arranon.