Gautegiz Arteagako Udalak EH Bilduren "koherentzia falta" salatu du
Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) inguruan Gautegiz Arteagako EH Bilduk plazaratutako kritikaren aurrean, udalak "koherentzia falta" salatu du, alde batetik. Bestetik, argi utzi du ez duela EH Bilduren jarrera ulertzen.
Aste honetan jakinarazi du Gautegiz Arteagako EH Bilduk tramitazio fasean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko eskaera egin diola Bizkaiko Foru Aldundiari. Planteamendu horri egindako kritika aintzat hartuz, Gautegiz Arteagako Udalak EH Bilduren “koherentzia falta” salatu du, 2022ko maiatzean egindako osoko bilkuran HAPOen proposamen hori aho batez onartu zela argudiatuz.
Izan ere, “EH Bilduk ere horren aldeko botoa” eman zuela nabarmendu dute, eta gainera, esan dute proiektua herritarrei aurkeztu zietela, partaidetza-prozesuak egitetik harago. Euren berbetan, “hogei ekintza baino gehiago” egin ditu udalak horren baitan, zeintzutan herritarrek banakako zein taldekako parte hartzea “nabaria” izan den.
“Gautegiz Arteagako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) hasierako onarpena egin zuen, honako irizpide hauen arabera: garapen iraunkorra, interes publikoaren mende egotea, urigintza-planteamenduaren eskumena, urigintza-antolamenduaren koherentzia eta herritarren parte-hartzea. Hasierako onarpena aho batez egin zan 2022an, maiatzaren 13ko osoko bilkuran zeuden zinegotzi guztien aldeko botoekaz, EH Bilduko ordezkariek barne. Beraz, ez dogu ulertzen EHBilduren koherentzia falta, HAPO barriaren alde bozkatu ondoren, orain kritikau egiten dau eta”, gaineratu du Patrik Saitua alkateak.
Aurreikuspenak.
Gauzak horrela, azaldu dute izapidetzen ari den HAPO berriak bizitegi-hazkunde moderatua eta ingurunera egokitutako hainbat tipologitako etxebizitza-eredua aurreikusten dituela: “Herriko erdiguneko iparraldean 30 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten da. Horreez gain, errepide nagusiaren ekialdean eta mendebaldean egin daitezkeen beste 80 be badaude. Gainera, bi bizitegi-eraikin kolektibo eraikitzeko aukera planteatzen da: bata, 22 etxebizitzarako eukieragaz, eta bestea, alkarri-itsatsitako 15 etxebizitzaz osotua. Eremu horretan lankidetza publiko-pribaturako aukera aurreikusten da, udalerriko gazteei etxebizitza prezio merkeetan eskaintzeko”.
Horren aurrean, Saituak argi esan du plan berri horrek aurreikusten duela “herriko gazteentzat etxebizitza eskuragarriak” sortzea, udalerria bizilagunen behar berrietara egokitzea eta dinamika demografiko negatiboa etetea”.
Aurreikuspenez gain, planteamendu berriak “erdigunea sendotzeko eta hobetzeko apostu irmoa” ere egiten duela azpimarratu dute udal ordezkariek; etxebizitzak berritze eta zaharberritzeari lehentasuna ematen diola esan, eta udalerriaren “ondare arkitektonikoa” balioan jartzen duela gogoratu dute.
Zifrak albo baten utziz, HAPOen plangintza berriak funtsezko helburu bat duela esan dute: udalerri orekatu eta koherente bat eratzea, non ingurune naturala eta uri-espazioa modu harmonikoan biziko diren. Ondarea ere indartzen duela arrazoituz, horrenganako babesa eta etorkizuneko belaunaldientzako interes kulturalaren bermatzea lehen lerroan jarri dute Gautegiz Arteagako Udaletik.