Eskutik eskura, herria egiten
Abiatu dute Errigoraren nafar helgoaldeko uztaren 'Eskutik Eskura' kanpaina, eta martxoaren 18ra egongo da martxan. Kontsumitzaleei hausnarketa eragiteko asmoz, 'Eragin saskiari!' ekimena egingo dute aurten.
Errigoraren balioen aurkezpena. Errigora Martxan dago Errigoraren Eskutik eskura kanpaina. Gaur (otsailak 26) aurkeztu eta abiatu dute, eta martxoaren 18ra bitartean iraungo du. Aurtengoan, Eskutik eskura egiten dugu herria lelopean egingo dute kanpaina, eta Nafarroa erdi eta hegoaldeko oliba-olio, kontserba, arroza, lekale eta ardoak eskainiko dituzte, eta, bide batez, kontsumitzaileei beraien eguneroko hautuen bidez hausnartzeko eta herria egiteko aukera eskainiko diete. Izan ere, azken erronka horri tiraka, aurtengo edizioa “are bereziagoa” izango dela esan dute Errigorako kideek, kontsumitzaleei hausnarketa eragiteko asmoz Eragin saskiari! ekimena aurrera eroango baitute Asisko Urmeneta ilustratzaileagaz, Euskal Herriko sei herritan, martxoko bi astetan.
Eskutik eskura Errigoraren bi kanpaina nagusietako bat da, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko baratzeko produktuak Euskal Herriko plazara eroan nahi dituena. Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko modu bat da, “kontsumitzeko modua aldatuz, ekoiztekon eretan eragiteko bide bat”.

Errigoraren ekoiztetxea.Errigora.
Praktrikan, oliba-olio birjina estra. ardoak eta arroz, pasta, lekale eta kontserba sortak eskaintzen dituzte, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta. Aurten ere, urte guztirako besteko eskaera egiteko gonbidapena luzatu dute: “Hortaz, oliba olio birjina estra bidoi handietan eskainiko dugu, eta gainontzeko produktuak 12 unitateko sortetan”. Salbuespena dira arroz ekologikoa, ardo sortak eta arbendolak seiko lotetan banatuko direnak.
Eta ohikoa den legez, zenbait berrikuntza egongo dira aurten: ardoa sortetan (6 botila) banatuko bada ere, ekoizle bakoitzak barietatearen araberako eskaintza landuko du; babarrun zuri ekologikoak eskainiko dituzte lehen aldiz, eta pikillo piper zati ekologikoak ere txertatuko dituzte katalogoan; arbendolak moten arabera banatutako loteetan eskainiko dituzte, 200 gramoko sei paketeko lotetan; eta, pasta loteak ere izango dituzte, 400 gramoko paketeetan ohiko albahaka fussiliaria eta belar probentzak zaporedun fussiliaei kotxa txuriak ere gehitu zaizkie.
Eskerak martxoaren 18ra bitartean egin ahalko dira, online bidez errigora.eus webgunean, eta telefonoz 848 87 12 23 telefonora deituta. Gero, eskaerak apirilaren amaieran eta maiatzeko hilean zehar jaso ahalko dira.
Kontsumitzeko erak.
“Hizkuntzak egiten gaituen bezala, kontsumitzeko erak ere egiten gaitu herri. Gure kontsumo hautuek eredu eraldatzaile bat indartu dezakete, eta hori herria egitea da. Herria hizkuntza da, lurra da baina baita ekoizle eta kontsumitzaileak ere, eta euren arteko harremanen nolakotasuna. Herritarrek ere badugulako erabakimena eta gure eguneroko hautuek badute zeresana eraldaketa horretan”, azaldu dute Errigorako kideek. Hala, azpimarratu dute kontsumo ohiturak aldatzea “beharrezkoa” dela herriaren alde egiteko, indartzeko edo izaera emateko, izateko edo ez izateko.

Errigoraren banaketa.Errigora
Ondorioz, gogoratu dute Errigoraren Eskutik eskura kanpainak beste gisara kontsumitzeko aukera bat eskaintzen du, eta Euskal Herri osoa biltzen duen proiektu amankomun baten alde ekoizleak eta kontsumitzaileak biltzen ditu: “Balioetan oinarritutako ekoizpen eraldatzaile bat —parte hartzailea, bertakoa, euskalzalea eta bidezkoa— bultzatzeaz gain, Nafarroa erdi eta hegoaldeko produktuak gure etxeetaraino jatorrizko prezioan ekartzeko bide bat eskaintzen digu. Gure lurrak emandako produktuak kontsumitzeko, eta beraz, herria egiteko aukera bat da”.
Gehitu dute elikadura burujabetza dela Euskal Herrian kontsumitzen diren elikagaiak hemen ekoiztuak izateaz gain, elikagaien ziklo guztiaren gaineko (ekoizpena, banaketa eta kontsumoa) erabakimena ere herriaren eskuetan egotea. “Horretarako, ekoizle nahiz kontsumitzaileen parte eta kontzientzia hartzea ezinbestekoa dira. Bide hori sustatuz, denon komunitate osoaren zaintza helburu nagusi bilakatzen da, eta, horrela, eskematik kanpo uzten ditugu bata zein bestearen miseria elikatzen duten enpresa erraldoien interesak”.
Eragin saskiari!
Kontsumitzaileek elikadura sistemaren baitan duten zeresana azpimarratu nahi du oraingoan Errigorak, eta kontsumitzaileen kontzientzietan eraginaz hausnartzeko Eragin saskiari! ekitaldi berezia prestatu dute. “Urmenetak Errigoraren jatorria eta musioa modu irudimentsu eta artistikoan azalduko die ekitaldira gerturatzen direnei, eta kontsumitzaile gisa eguneroko hautuek duten rola ere irudikatuko du. Azalpenen ostean, hausnarketa kolektiborako tartea zabalduko dugu”, azaldu dute Errigorakoek. Saioak Galdakaon, Bilbon, Iruñean, Donapaleun, Amurrion zein Oiartzunen egingo dituzten, eta horietan bildutako hausnarketak, behin kanpaina pasata, kontsumitzaileen hausnarketa kolektibo bezala kaleratuko ditu, “elikadura eta kontsumo ohiturek ere herria egin edo desegin dezaketela argi uzteko”.

900 nekazari baino gehiagoren lana
Errigoraren komunitateak sortzen duen inpaktua “neurtzea zaila” da askkotan, baina badira zenbait datu esaguratsu, eta horietako bat da Errigorak merkaturatzen duen prouektuen lehengaien atzean 900 nekazari baino gehiagoren lana dagoela.
Gainera, 2022ko Nafarroako oliba-olioaren ekoizpen ekologikoaren %11 Errigoraren bidez merkaturatu zen, eta txitxiro ekologikoen kasuan, %65 izan zen zenbatekoa. “Horrek argi erakusten du kontsumitzaile-arduratsuen sare honek baduela zeresana sektorean”, adierazi dute.
Horrez gain, nabarmendu dute Eskutik eskura kanpainaren kontsumitzaile kopurua handitzen doala, eta dagoen eskarirako eskaini ahal dituzten produktuei begira, “beti geratzen direla eskas” esan dute: “Hala ere, gabezia dirudien horrek erronka berriak ez ezik, baldintzak ere eragiten ditu ekoizpen alorrean aurrerapausoak emateko”.