Turismo Bulegoak Gernikako historia hurbilduko die ikasleei doako bisita gidatuekin
Gernika-Lumoren historian eta ondarean garrantzitsuak diren guneetatik ibiliz belaunaldi berriei historia hori modu "dinamiko eta parte hartzailean" transmititzea bilatuko du Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak. Horretarako, 7 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzendutako doako bisita gidatua prestatu dute.
Hitorian zeresana izan duten guneetatik ibiliz historia gazteengana gerturatzea bilatuko du Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak. Izan ere, ikastetxeei zuzendutako eskola dinamika berria jarri du martxan: udalerriaren historian eta ondarean garrantzitsuak diren guneetatik ibiliz belaunaldi berriei historia hori modu dinamiko eta parte hartzailean transmititzea. Horretarako, 7 eta 12 urte bitarteko gazteei zuzendutako doako bisita gidatuak eskainiko ditu, Ezagutu Gernika modu dibertigarria ekimenaren bitartez.
30 pertsonako taldeetan banatuta, eta euren adinera egokitutako azalpenen zein dinamika txikien bitartez, udalerriko gune enblematikoetatik eskainiko dituzten bisitak “esperientzia hurbil eta entretenigarriak” izatea bilatu gura dute. Hala, ezagutza historikoa eta hausnarketa bideratzeko hizkuntza erabilerraza uztartuko dituzte.
Bisita gidatua Foruen plazan hastea aurreikusi dute, non Gernikako sorrera eta bere garrantzia historikoa “modu errazean” azalduko dituzten. Gero, Guernica horma irudirantz abiatuko dira, bertan 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketari buruzko zein obra horren nazioarteko proiekzioari buruzko datuak ikasleen adinera egokitutako sentsibilitatez lantzeko.
Ibilbideak Pasealekuko aterpea bisitatzea ere aurreikusten du, bonbardaketan zein gatazketan biztanleak zelan babesten ziren jakinarazteko. Eta, Batzarretxearen eta Gernikako Arbolaren inguruan, euskal askatasunen ikurra hobeto ezagutzeko aukera izango dute ikasleek.
Proposamen horregaz, Turismo Bulegoak belaunaldi berriek udalerriko memoria historikoa eta ondarea ezagutzea eta balioan jartzea bilatuko du, bere hezkuntza eta gizarte eginkizuna indartzeaz gain.
Hala, bisitak doakoak izango dira, baina interesatutako ikastetxeek aldez aurretik egin beharko dituzte erreserbak. Horretarako edo informazio gehiago eskuratzeko, zenbait bide zehaztu dituzte: 94 625 58 92 eta 646 34 75 53 telefono zenbakiak, turismo@gernika-lumo.eus helbide elektronikoa edota www.gernikainfo.eus webgunea.