Oasi bat, balazko basamortuaren erdian
Jon Urutxurtuk ‘Manuel de Ynchausti Lurdes Euzko Aur-Etxea Kolonia (Jatsu, 1937-1939). 34 euskal gerrako haurren babes etxea’ liburua ondu du. Bertan, gerra aldian Jatsun sortutako umeen etxearen nondik norakoak azaldu ditu egile zeanuriztarrak.
Sarri esan ohi da gatazka armatuetako galtzailerik funtsezkoenak haurrak direla. Baita kaparik gabeko superheroiak badirela ere. Biok bete egiten dira Jatsuk (Lapurdi) eta Manuel Intxaustik esaldi berean bat egiten dutenean. Manilan jaioagatik ere, lorratz sakona utzi zuen Intxaustik Euskal Herriaren luze-zabalean. Gerra aldian, 48 orduko tarte sinestezinean, 6 eta 15 urte arteko 500 umeren harrera antolatu zuen Senperen. Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariaren ebakuazioaren atzean ere egon zen. Dena isilean. Dena apaltasunez.
Horiekin, bada historia liburuek hain zabal bildu ez duten beste ekarpen bat: Jatsuko Euzko Aur-Etxea izeneko babes etxearena. Orain arte. Jon Urutxurtu Bengoetxeak ahotsa eman dio Intxaustik ere bere emazte Ana Belen Larraurik boluntario egindako beharrari, eta Manuel de Ynchausti Lurdes Euzko Aur-Etxea Kolonia (Jatsu, 1937-1939). 34 euskal gerrako haurren babes etxea liburuan kontatu du. Familiarteko “eskakizunetatik” sortu zitzaion adituari obra ontzen hasteko grina. Babes etxean egondako hainbat haurren senideak izan ziren gerora liburu itxuran zuztartuko zen haziaren ernamuina.
Haur horietako zenbait, hain zuzen ere, Busturialdekoak ziren: Bermeoko Arketatarrak zein Olondotarrak, Muxikako Lopategitarrak edota Mundakako Maria Barandika. Haien eta beste hainbesteren senideek idazlearen argipenak bertatik bertara aditzeko aukera eduki zuten, liburua Mundakako udal liburutegian aurkeztu baitzuten. Hunkidurarako agerraldia izan zen Mundakakoa: liburuko pasarteak ezagutzeaz harago, beren sendien zati bati gertatutakoak zuzenean ikusi zituzten herritarrek, alegia, beren orainaren eta iraganaren orrialde artean igeri egin.
Jon Urutxurtu Bengoetxea: “Ebakuazioei buruz asko dago jasota, Euskal Herrian oso ondo antolatutakoak egon baitziren”
Aldundiak babestuta dagoen lanaren dokumentazio lanaren iturri nagusia Euskadiko Artxibo Historikoa izan da. “Asko” dago jasota, gerra sasoian, Euskal Herrian “ondo antolatutako herritar ebakuazioak” egon baitziren. Lehendabizikoak SESB, Erresuma Batu, Belgika eta, batez ere, Frantziara egin zituzten. Historiak ondo gorde ditu ebakuazio haietako hainbatetan olatu gaineako gotorleku izandako itsasontzien izenak: “Adibidez, Habana edota Manuel de la Sotaren ontzi partikularra”. Eusko Jaurlaritzaz gain, alderdi politikoak ere mobilizatu ziren, nork bere ebakuazio propioak antolatzeko. Alde horretatik, Intxausti EAJren korronteetatik hurre mugitu izan zen beti, baina “ez zen jeltzale afiliatua”.

Jatsuko haurren babes etxea aurretiaz egondako etxalde handi baten orubean oinarritu zuten: Denizenia. Intxaustik modu desinteresatuan behar egin zuen ume haiek guztiek etorkizun baten aukera eduki zezaten, baina ez, ostera, modu merkean. Urutxurturen azterketaren arabera, “hilabeteko 10.000 eta 15.000 franko arteko kostua” zuen proiektuaren mantenuak. Gudak familiak errotik hausteko duen boterearen jakitun, Intxaustik ezarritako baldintzeko bat zen Jatsura mobilizaturiko haurrak, “ahal zela”, senideak izatea. 21 neska eta 13 mutil joan ziren; 11 gipuzkoar eta 23 bizkaitar.
Mundu txiki eta handi bat.
Koloniaren araudia xehetzeagaz batera, haren helburu nagusia zehaztu zuten: haurren eskolaratzeagaz aurrera egitea. Izan ere, lehen hezkuntzako ikasketa programazioari heldu zioten Jatsun, eta, gainera, langai gehigarriak erantsi zizkioten. Musika, joskintza, mekanografia, frantses, ortugintza, marrazketa, inprenta edota argazkilaritza kontuetan doitu ziren umeak. Hori bai, generoaren araberako prozedura bereizia zen hura: banatuta jaten nahiz lo egiten zuten; beste hainbeste, zenbait ikasgairen kasuan.
Ikasleen lanak fruituak eman zitzakeela ikusaraztea zen zortzi emakumezkok eta zazpi gizonezkok —denak soldatapean— osaturiko lantaldearen xedea. Horren isla, Intxaustik esandakoa: “Ume hauek Euzkadiko edo munduko edozein tokitan ofizioa eduki dezatela”.
Bokazioaren eta diziplinaren bilaketa haren emari izan zen, besteren artean, Itxartu aldizkaria. Babes etxeko haurrek propio sortutako aldizkaria izan zen. Hain zuzen, Jatsuko kolonian egondako Iñaki Naberan ondarrutarra gerora imprimategi batean lanean ibili izan zen: “Oinarriak, beraz, ondo eraiki zituzten”.
Hala paperean, nola ahoz ahozkoan, Jatsu euskararen zein euskalgintzaren aterpe izan zen. Transmisio hizkuntza izateaz harago, umeek euskaraz eta euskaltzaletasun kutsuz ikasten zuten. Horren erakusle folkloreagaz edota musikagaz lotuta sortu zituzten egitasmoak: dantza taldeak inguruko udalerrietan saioak ematen zituen; abesbatzak, beste hainbeste.
Sasoi hartako eta gerra testuinguruko erronka handienetakoa, bestalde, osasun eta higiene baldintzei zegozkien bermeak ziurtatzea zen. “Eusko Jaurlaritzak ikuskatze erregularrak egin zituen, hilero-hilero, eta Uztaritzeko medikua ere bertaratu ohi zen; guztiek osasun egoera bikaina zela jaso zuten”. Hain zuzen, Urutxurtuk haurren mediku fitxak ere bildu ditu lanean. Arazo nagusienak, funtsean, bi ziren: alde batetik, arratoiak uxatu beharra; bestetik, ur hornidura finkorik eza. Hain zuzen, putzu sistemagaz ziurtatzen zuten eguneroko kontsumorako ura.
Higiene egoki haren arrazoi potoloenetako bat elikadura izan zen. Jatsuko haurrek beren garaikide izandako beste ume askok eduki ez zuten zortea izan zuten babes etxe hartan: “Lau otordu egiten zituzten eguneko, eta bakoitzaren kontrol parteak apuntatzen zituzten, jarraipena egin ahal izateko. Menua anitza eta energetikoa zen, batzuetan ia larregi ere ematen zitzaiela irakur daiteke toki batzuetan”. Halaber, autogestio maila zinez aipagarria zen kolonian: “Beraien baratzea lantzen zuten, eta hark emandako ortuariekin elikatzen ziren; kontserbak ere egiten zituzten, eta abereak ere bazeuden”.
“Memoria historikoa eta haren balioa belaunaldirik gazteenei transmititzea ezinbestekoa da”
Hasiera batean, Jatsuko haurren babes etxearekiko “mesfidati samar” azaldu ziren asko eta asko. Erlijio kutsu nabarmena izan zen mesfidantza haiek aldendu zituen faktorea: “Gelasio Aranburu, babes etxearen zuzendari eta burua, berez kapilaua zen; horrek urak asko mantsotu zizkion bat baino gehiagori”. Apurka-apurka, bisitak jasotzen ere hasi ziren: izan erakundeenak, izan alderdienak. Eta, zelan ez, senideenak ere bai. Koloniaren izena inguruan zabaldu egin zen: “La Petit Gironde egunkariko Pierre Dumas kazetariak talde askoren bisitak jaso zituen, eta babes etxearen inguruko artikuluak idatzi”.
Olondotarren “bisita”.
Bermeoko Olondotarrak “espero ez zuten” bisita bat ere jaso zuten, egileak aurkepenean azaldu zuenez. Adi-adi entzun zioten aipatutakoen senideek. “Gizon batzuk azaldu ziren kolonian, hiru olondotar etxetik atera behar zituztela eta. Baina eurak lau ziren, hiru barik. Iruzurrari usaina hartuta, Intxaustik umeengana hurreratzea galarazi zien”. Gizon haiek Olondotarren etxetik eskutitz bat ostu zuten zenbait falangista ziren: “Izenik aipatu gabe, umeak euren adinen arabera erreklamatu zituzten, baina ez zekiten haietako bi bikiak zirela, alegia, mahai gainean hiru adin baina lau haur zeudela. Hori ikusita, ikusten ere ez zieten utzi”.
Espainiako gerra amaituta, bazen Intxaustiri loa kentzen zion faktore bat: ordurako ate joka sumatzen zuen Bigarren Mundu Gerraren presentzia. “Intxaustik, Frantzia gerran sartzeko beldurrez, bazuen dilema moral bat: hark AEBra alde egingo zuen, baina ezin zituen umeak Jatsun utzi”. Hala, haurrak gerra gune bihur zitekeen hartatik ateratzeko, “aberriratze prozesuari” ekin zioten. Taldeka egin zuten, era ordenatuan. 1939ko abuztuan atera ziren Jatsutik azken haurrak.
Babes etxetik urrun egonagatik ere, urteek aurrera egin ahala, haurrek saretzen eta elkarren arteko hariei eusten jarraitu zuten. Hain estimu handitan zuten Intxaustigaz ere hartu-emana mantendu gura zuten: “Lehenengo, Aranburu zuzendariari idazten zioten, hark beraien gutunak Intxaustiri helarazteko; gerora, zuzenean Intxaustiri berari idazten hasi ziren”.
“Atzoko eta gaurko desplazamendu behartuak plazaratzeko jomuga dute ikerketak eta obrak”
Gogoratzea itzultzea delako.
1952. urtean, hamahiru urteren hondarrean, kolonian ibilitakoak Uztaritzera eta urte bitan beren aberri partikular izandako Jatsura bueltatu ziren. Irteeraren 40. urtemugaren harira, 1979an, beste topaketa hunkigarri bi egin zituzten. Gerora, “erregularragoak” izan ziren Jatsuko haurren arteko bateratzeak; beren bideak 2013an txirikordatu ziren azkenekoz.
Gogoratzeko eta “sekula ez ahazteko” hautu horri tiraka idatzi du liburua zeanuriztarrak, bere helburuak zeintzuk diren hasieratik oso argi izanda: “Memoria historikoa eta haren balioa belaunaldirik gazteenei transmititzea ezinbestekoa da. Horregaz batera, atzoko eta gaurko desplazamendu behartuak plazaratzeko jomuga ere badu ikerketa eta obra honek”.