Katu tabernak irabazi du inauterietako tabernen mozorro lehiaketa
Strainger Things telesailean oinarrituta jantzi zuten Katu taberna, eta lehiaketako txapela irabazi du. Bestalde, Musutruk eta Azules tabernak ere saritu dituzte.
Denetariko mozorroek betetzen dituzte kaleak inauterietan, baina badira barrualdeak apaintzen dituzten tabernak ere, eta horien lana azpimarratu dute, beste urte batez, Gernika-Lumoko Udalak eta Gernikako Merkatari Elkarteak. Hala, guztien artean, Katu tabernak jantzi du irabazlearen txapela oraingoan; inauterietako gaia jarraitu eta, Stranger Things telesailean oinarrituta, Upside Down izeneko dimentsio ilun eta arriskutsua irudikatu zuten, demogorgon bezalako pertsonaiak irudikatuz edota teilatutik edariak, jatekoak eta denetarikoak zintzilikatuz.
Bestalde, Musutruk taberna gelditu da bigarren postuan, eta Azules izan da hirugarren saria jaso duena; 75 euroko eta 50 euroko sariak jaso dituzte, hurrenez hurren. Dekorazio lana, edertasuna, giroa eta elkarrekintza izan dira epaimahaiak kontuan izan dituen ezaugarriak, eta parte hartzaileen lana azpimarratu dute antolatzaileek.
Bestalde, aurtengo inauterietan, mozorrotu diren norbanakoen maila kontuan hartuta, horien lan ona saritzea erabaki dute, eta bi hirukotek jasoko dute saria, zeintzuk telesai ezagunaz edo 80.hamarkadako pertsonaiez mozorrotu ziren: bi taldeetako bat demogorgon munstroaz jantzi zen; bestean, denetarikoak izan ziren mozorroak, izan ere, Stranger Things telesaileko Max pertsonaiak, Kate Bush abeslariak eta Los Cazafantasmas filmeko pertsonaia batek osatu zuten hirukotea.
