Juan Kaltzada kalea eraberrituko dute, irisgarritasuna hobetzeko
Obrak 2026an egingo direla aurreikusi dute, baita horiek gutxi gorabehera hiru hilabetez irautea ere. 507.881,73 euroko esku hartzeko aurrekontuarekin, Gurutze Gorria zenaren eraikinaren eta Barandiaran dendaren arteko 235,39 metroko luzeran saneamendu eta hornidura sare guztiak ordezkatzea aurreikusi dute.
Gernika-Lumoko kale nagusietakoa den Juan Kaltzada kalearen zati bat eraldatuko du udalak. Zehatz esateko, Gurutze Gorria zenaren eraikinaren eta Barandiaran establezimenduaren arteko 235,39 metroko luzera duen tarteari eragingo dion erabateko eraldaketa egitea aurreikusi dute: kalearen irudia berritzeaz gain, ibilgailuen eta oinezkoen arteko bizikidetza birdefinituko dute.
507.881,73 euroko esku hartzeko aurrekontuarekin, gune horretako saneamendu eta hornidura sare guztiak ordezkatzea aurreikusi dute udal arduradunek. Eta, gehitu dute, jarduketa horrek aukera emango duela lurpeko azpiegiturak modernizatzeko eta epe luzerako funtzionamendua hobetzeko. Izan ere, zoladurari dagokionez, esku hartzeak irisgarritasunean eta segurtasunean jarriko du arreta, “herritarrentzat atseginagoa izango den hiri ingurunea sortzeko”.
Obrak 2026an egingo direla aurreikusi dute, baita horiek gutxi gorabehera hiru hilabete irautea ere.
Jose Mari Gorroño alkateak berretsi du lanon helburua “oinezkoentzako kale irisgarriago eta seguruagoa” egitea dela, eta hiri eredu orekatuago baterantz aurrera egitearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, jarduketa horiekin jarraipena eman gura diote Pasealekuaren eta Gurutze Gorria zenaren eraikinera artean dagoeneko berrituta dagoen tarteari, “udalerriko ardatz jendetsuenetako baten hobekuntza osatzeko”. Jakinarazi dute esku hartzea espazio publikoa hobetzeko udal estrategiaren barruan kokatzen dela, eta udalerriko oinezkoen mugikortausna eta hiri kalitatea bultzatzea helburu dituela.