272 eguzki-plaka instalatuko dituzte Santanapen, energia-kontsumoa murrizteko
Jarduketari esker, aurten, energiaren % 25 aurreztuko da, eta indartu egingo da udalak jasangarritasunaren alde egiten duen apustua, instalazioaren erabilerari eragin gabe.
Santanape kiroldegiaren eraikinaren estalkian 272 eguzki plaka instalatuko dituzte aurten, udalerriko kirol ekipamendu erabilienetako baten energia-efizientzian aurrera pausoak ematea ahalbidetzeko helburuz. Izan ere, azpiegitura berri horrek 122kilowatt puntako potentzia izango du, eta teilatuaren 650 metro karratuko azalera hartuko du, gutxi gorabehera. Eta, horrek, urteko energia aurrezpena %25 izatea eragingo duela aurreikusi dute. “Horrenbeste energia aurrezteak eragina izango du Gernika-Lumoko Udal Kirol Patronatuak kudeatzen duen zentroaren funtzionamendu kostuetan”, jakinarazi dute.
Eguzki plakak jartzeko inbertsioa 159.090,52 eurokoa izango da, eta udal arduradunek “estrategikotzat” jotzen dute kopuru hori, bai epe ertainean izango duen itzulera ekonomikoagatik, bai tokiko jasangarritasun helburuei zein emisioen murrizketari egiten dien ekarpenagatik.
Obrek gutxi gorabehera hiru hilabeteko iraupena izango dutela jakinarazi dute, eta, gehitu dute, aurreikustakoaren arabera, ez dutela eraginik izango kiroldegiaren ohiko erabileran: “Beraz, kirol jarduera normaltasunez mantenduko da esku hartzeak irauten duen bitartean”.
Jose Mari Gorroño alkateak azpimarratu du jarduera hori udalak iraunkortasunarekin eta energia efizientziarekin duen konpromisoarekiko “beste pauso bat” dela: “Ekipamendu publikoei dagokienean, energia berriztagarrietan inbertitzea funtsezkoa da kostuak murrizteko, baina baita ingurunearekin arduratsuagoa den udalerri eredu baterantz aurrera egiteko ere”.
Jarduketa hori eraikin publikoetan energia trantsizioa bultzatzeko eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko udal estrategiaren barruan sartzen da, iturri tradizionalekiko mendekotasuna murriztuz eta ingurumena errespetatzen duen eredu eraginkorrago baterantz aurrera eginez.