Liztor asiarrari aurre egiten ikasteko hitzaldi informatiboak eskainiko dituzte
Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Bizkaiko Erlezainen Elkarteak antolatu duten hitzaldi zikloak Morgan, Gautegiz Arteagan, Ajangizen eta Sukarrietan egingo ditu geldialdiak, otsaila eta martxoa bitartean.
Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Bizkaiko Erlezainen Elkarteak hitzaldi informatibo berriak antolatu dituzte, eskualdeko herritarrak liztor asiarra (Vespa velutina) espezie inbaditzaileari buruz kontzientziatu, informazioa helarazi eta tresna praktikoak eskaintzeko helburuagaz. Ereñon hasi zuten hitzaldi zikloak Morgan izango du jarraipena, otsailaren 27an [barikua], 18:30ean, udaletxean. Martxoan, ostera, Gautegiz-Arteagan, Ajangizen eta Sukarrietan egongo dira.
Liztor asiarra biodibertsitatearentzat, ekosistemen orekarentzat eta, bereziki, elezaintzaren sektorearentzat “mehatxu zuzena” dela azpimarratu dute deitzaileek. Izan ere, erleen populazioari eta, horrenbestez, polinizazioari eta natura-ingurunearen iraunkortasunari “modu larrian” eragiten die. Horregatik, antzemandako beharrizanari erantzunez, Urremendik eta Bizkaiko Erlezain Elkarteak herritarrei —batez ere baratze edo lorategiak dituztenei—, tokiko elkarteei eta udal-agenteei zuzendutako prebentzio saiok prestatu dituzte.
Aitziber Ansotegi Urremendiko gerentearentzat, liztor asiarraren kontrako borrokak “informazioa, koordinazioa eta herritar aktiboak” behar ditu: “Hitzaldi hauen helbura jendeak identifikatzen jakitea, segurtasunez jardueta gure ingurumena babesten laguntzea da”, azaldu du.
Hala, otsailean eta martxoan zehar egingo dituzten hitzaldiak “doakoak eta irekiak” izango direla azpimarratu du, urreratzeko gonbitea luzatuz.
Hitzaldiak
- Morga: otsailaren 27an, 18:30ean, udaletxean.
- Gautegiz Arteaga: martxoaren 18an, 19:00etan, udaletxean.
- Ajangiz: martxoaren 20an, 19:00etan, kultur etxean.
- Sukarrieta: martxoaren 27an, 19:00etan, Sukarrietako yoga aretoan (Sukarrietako eta Mundakako herritarrentzat).