Ibarrangeluarrei ere heldu zaie mozorrotzeko ordua
Neguaren amaiera eta udaberriaren hasiera geroz eta hurbilago sentitzen da Euskal Herrian, ze, inauteriak izan ohi dira horren adierazle. Busturialdeko herri gehienek iragan asteburuan ekin zioten aratusteak ospatzeko egitarau anitzari. Batzuetan egun bat iraun du jaiak; besteetan, ordea, aste bete. Baina badira oraindik mozorroak etxean eskegita dituztenak ere. Esaterako, Ibarrangelun gaur izan dute mozorroak janzteko eta irudimena aske uzteko hitzordua.
Hala nola, herritarrak inauteriak ospatzen ari dira gaur, eta mozorroak apain jantzirik, kalera jo dute. 80. hamarkada izan dute mozorro-gai, baina denetarikoak gerturatu dira gaur udalerrira: kirolariek, rocklariek, animaliek eta marrazki bizidunek alaitu dituzte, oro har, Ibarrangeluko kaleak. Izan ere, Ibarrangeluko Udalak egun osoko egitaraua atondu du, helduei nahiz gaztetxoenei zuzendurik. 12:30ean ipini dute abian aratuste zapatua, urtero bezala. Herriko pilotaleku inguruan hitzordua jarrita, ibarrangeluarrak apurka-apurka elkartzen joan dira, kalejira egiteko. Hain zuzen ere, Lorea dantza taldeko umeak izan dira kalejira horretako protagonista nagusiak; beraien dantzekin eta musikagaz girotu dute frontoi ingurutik Elizalderainoko ibilbidea.

Baina hori ez da guztia izan: gun guztiko egitaraua dute ibarrangeluarrek herriko kaleak mozorroz eta kolorez janzten jarraitzeko, eta zelan ez, udaberriari etorrera emateko. Eguraldia ere aldeko dute gaur, eta hortaz baliatuz jendetza hurbildu da kalejirara. Jaiak ez du eteneik izango, ordea. Horregatik, 15:00etatik 18:00etara bitartean umeentzako tailerrak egingo dituzte herriko kultur etxean, gaztetxoenen gozamena bermatuz.
Eta, zer da jaia musikarik barik? Diskofestan bilduko dira arratsaldean herritarrak, eta hori, iluntzeko 80s party-rekin uztartu dute, begirada atzera bota eta kolore guztietako arropaz Ibarrangeluko iskinak betetzeaz gain, gaua koloretuz. Eta, zelan ez, hasi duten moduan esango diete agur ibarrangeluarrek aurtengo aratusteei: musikaz blaituta, giro herrikoi eta ederrean.
EGITARAUA:
12:30. Kalejira Lorea Dantza Taldeagaz, frontoitik Elixaldera.
15:30-18:00. Umeentzako tailerrak kultur etxean.
Ostean. Diskofesta.
20:00. 80’s party.
Egunean zehar. Foodtruck-a, jan-edanagaz.