Eneritz Artetxe: "Lan ironikoa da, umore keinuak ditu, nahiz eta oinarrian tragedia historiko bat izan"
Shakespeareren 'Richard III' oinarri hartuta, Horman Poster eta Dxusturi Teatroaren 'Ricardo III eta ni' lan berriak boterearen, anbizioaren eta moralaren mugak aztertzen ditu. Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian eskainiko dute obra bihar (otsailak 21), 19:00etan.
'Ricardo III eta ni' ikuskizuna. Ainhoa Resano “Eta gizon orok, ondo nahi badu bizi, hobe du bere buruarengan konfiantza izan eta kontzientziarik gabe bizitzen ikasi”. Ricardo III eta ni antzezlaneko lehenengo ekitaldiko laugarren eszenan entzuten den esaldia da hori, eta horrek kolpean jartzen du ikuslea obraren muinean: boterearen eta moralaren arteko talkan. William Shakespeareren Richard III tragedia historikoa oinarri hartuta, Ricardo III eta ni obra sortu dute Horman Poster eta Dxusturi Teatroak, galdera desorosoak mahai gainean jarriz: zer da zilegi boterera iristeko? Ba al dago mugarik anbizioarentzat? Non hasten da, eta amaitzen da, kontzientziaren pisua?
Eneritz Artetxe aktore gernika-lumotarra da obraren idazketa dramatikoa egin eta oholtzara igoko den aktoreetako bat, eta jakinarazi du proposamenak ez duela Shakespearek idatzitako istorioa bere horretan kontatzen: harekin jolastu, deseraiki eta gaurkotzen du. Umorea, ironia eta hausnarketa nahastuta, ikusleari pentsarazten dio, eta, horretarako aukera izango dute bihar, 19:00etan, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokira bertaratzen direnek, bertan erakutsiko baitute antzerkia.
Non du jatorria obrak?
Antzerkiaren oinarrian William Shakesperareren Richard III obra dago, baina ikusleei abisatu nahi diet antzezlanean ez dutela obra hori ikusiko, hori tragedia historiko bat delako, zeinetan 50 pertsonaia baino gehiago agertzen diren, eta ezinezkoa zen guretzat horrelako zerbait egitea. Baina guk testu horrekin jolastu eta hausnartu dugu. Horretarako, Shakespeareren literatur obrako eszena batzuetako laginak hartu ditugu, eta Xabi Payak ederto itzuli ditu. Ze, Shakespeare itzultzea beti da erronka bat; hainbat gauza menperatu ebhar dira: literaturaren aberastasuna, bertso egitura, antzerki izaera… Eta Xabik bertsoen erritmoa menperatzen du, antzerkiarekin ere badu lotura, eta ingelesetik itzultzeko gai izan da, eszenak modu oso politean egokituz.
50 dira literatur obran agertzen diren pertsonaiak, baina zuek hiru. Oinarria Shakespeareren lana da, baina harago joan zarete.
Hiru pertsonaia nagusi gara. Hiru Shakespearen zale, hiru zoro. Eta bere laneko eszenak erabili ditugu berak idatzitako mundu hori egungo errealitateagaz konektatzeko eta hori euskal kulturagaz ere lotzeko. Baina, hausnarketa horiez guztiez gain, gure eszena propioak ere eraiki ditugu. Eta hori apustu bat izan da. Ez dugu esango komendia denik, ez dakit nola sailka daitekeen obra, baina jendeak barre egiten du. Ze, lan ironikoa da, umore keinuak ditu, eta publikoak gozatu egiten du, nahiz eta oinarrian tragedia historiko bat izan.
Politikaz eta botere goseaz hitz egiten duena lana da. Asko dira ikuskizunak mahaigainean jartzen dituen galderak. Horiei buruz hausnartzera gonbidatu nahi dituzue ikusleak?
Bai, obrak berak ere horri buruz hitz egiten du. Sekulakoa da. Shakespeare asko zentratzen da manipulazio politikoan. Obra guztian ikus daiteke protagonistak zelako manipulazioak, krimenak eta hilketak egiten dituen boterera iristeko. Publikoari argi adierazten dio bere asmoa, eta ikus-entzuleek bereizi egiten dituzte haren trikimailuak. Ikusi egiten da nola garatzen duen bere helburua. Eta, hori, gaur egun ere ikusten dugu, egunero egunkarietan. Baina hemen argi eta garbi azaltzen da.
Manipulazio politikoa bakarrik lanzen du?
Ez. Manipulazio intimoa ere lantzen du obrak. Feminismoak dioen bezala, intimoa politikoa da. Obran argi ikusten da: bai gobernatzeko jendea manipulatzen duelako, bai bere bizitza pertsonalean gauza bera egiten duelako, emazte bat behar baitu boterera ailegatzeko.
Moralaren auzia ere mahai gainean dago.
Bai. Moralik ez daukan protagonistaren bidea erakusten du. Eta zalantzan bat helarazten die ikusleei: moralik ez duenak edozer egin lezake? Edozer da zilegi boterera ailegatzeko? Eta behin horrelako jarrera izanda, ez al dago ordainik? Galdera horiek mahaigaineratzen ditu, eta guk hori hartu eta gure hausnarketa egiten dugu, umoretik.
Obra idatzi zenetik gaur egunera arteko ibilbidea eta denbora luzea da. Baina gaur egun pil-pilean dauden kontuak lantzen ditu, beraz.
Sekulako gaurkotasuna dauka, ze jantziak bakarrik aldatuz gero, egungo egoera ikus dezakegu. Ez duzu ezer aldatu behar. Izan ere, Shakespeare idazle bikaina zen, eta jakin zuen harrapatzen eta erakusten gizakiongan betidanik egon diren gatazkak, arketipoak, psikologia motak, funtzionatzeko erak… irakurleak harrapatzeko gaitasuna zuen, eta lan honetan Shakespearek gizakiaren betiko gatazkak harrapatu zituen: botere gosea, manipulazioa, inpunitatea… Historiak erakusten digu historia ziklikoa dela, gai horiek beti egon direla hor, eta gauzak errepikatu egiten direla. Horregatik dira klasikoak klasiko: humanitatean intrinsikoa den zerbait lantzen dutelako.
Nola jaio zen proiektua?
Uda zen, eta Igor de Cuadrak —obraren zuzendariak— proposatu zidan Shakespeare irakurtzen hastea, gero zerbait egiteko. Ni zalea naizenez, bere bere obrak irakurtzen hasi nintzen. Baina ez nuen Richard III ezagutzen. Esaldi bat bakarrik ezagutzen nuen: ‘zaldi bat, zaldi bat nire erreinuaren truke’. Besterik ez. Nire ingurukoek ere ez zuten ezagutzen; bai, ordea, Romeo eta Julieta, Hamlet edo Macbeth. Eta liburu honek inpaktatu egin ninduen, pertsonaiek inpaktatu egin ninduten, ze hori zela egun gertatzen ari zena pentsatu nuen, eta hortik abiatu ginen.
Eta zelakoa izan da ikusleen erantzuna?
Harrigarria. Nik ez nekien komedia izan zitekeenik. Estreinatu genuenean konturatu ginen jendeak barre egiten zuela eszena askotan, batez ere euskal kulturagaz eta gure errealitateagaz egiten ziren loturetan. Jendeak oso ondo hartu du, eta, esango nuke, istorioa modu arinean kontatzen dugulako gustatu zaiola jendeari, batez ere gazteei. Erreakzioak oso onak izan dira, eta antzerkia ez zaie pisutsua egin; alderantziz, arina eta dibertigarria iruditu zaie.
Klasikoetara hurbiltzeko zubi lana ere egiten du obrak.
Bai. Gero eta gutxiagok ezagutzen dituzte klasikoak; sortzaileak bai, baina testuak ez. Horrelako lanek hurbilketa modura balio dezaketela uste dut. Lotura horiek errazten ditu, ze hizkuntza barrokoa denez, zaila da egungo errealitateagaz konektatzea. Gainera, azaletik Ingalaterran gertatutako zerbait dela ematen badu ere, azken finean egungo gauzez hitz egiten duen obra da. Eta zubi lan hori egitea positiboa izan dela esan digu jende askok, lan hori ez zutela ezagutzen, eta gehiu antzerkiak eskaini dielako obra hori egungo errealitateagaz lotzen.