Korrika Gazte Batzordeak sortzeko bilduko dira gazte euskaltzaleak, gaur
Korrika Gazte Batzordeak sortzeko bilduko dira bihar (otsailak 20 )Bermeon eta Gernika-Lumon; Bermeoko Kabidxen 19:30ean eta Gernikako Astran 18:30ean biltzeko deia egin dute.
Martxoaren 19an Atharratzen hasi eta martxoaren 29an Bilbon amaituko da 24. Korrika, eta era aktiboan parte hartu gura dute gazteek euskararen aldeko ekimen erraldoian. Izan ere, Gazte Euskaltzaleen Sareak egindako deiari erantzunez eta gazte bultzada «ezinbestekoa» dela sinetsita, Korrika Gazte Batzordeak sortzeko bilduko dira Bermeon eta Gernika-Lumon, bihar; 19:30ean Kabidxen eta 18:30ean Astran jarri dituzten biltzeko hitzorduak, hurrenez hurren.
Egungo euskararen errealitateari erreparatuta, gazteek uste dute inoiz baino “garrantzitsuagoa” dela euskararen aldeko bulkada berri bat eragitea, eta Korrikak gazteentzako pizkunde berri bat eragiteko testuinguru aproposa eskaintzen duela uste du Gazte Euskaltzaleen Sareak, «euskararen aldeko gazte olatua» sortzeko. Hala, Korrika Gazte Batzordeen bitartez, Busturialdeko gazteria euskararekin mugitzea eta gazteek konpromisoak hartzeko erronkak bultzatzea bilatuko dute.
“Euskarak bizi duen testuinguruak aurrera urrats bat ematea exijitzen digu gazteoi”, esan dute Gernika-Lumoko Mobidu euskara taldeko kideek, gazteak beti izan direla “motor aktibo” azpimarratuta: “Gazteok beti izan gara motor aktibo, eta euskaraz saretzeko espazio anitzak sortzea ezinbestekotzat jotzen dugu”. Beraz, martxa arindu eta hilabeteko esprint kolektibo batean batzeko deia egin diete herritarrei, “aurtengo edizioa berezia» izan dadin: «Irrintzi zahar bat entzuteko aho gaztetan, euskarak behar zaitu”.
Bermeoko Etxalak euskara taldekoek ere bilerara batzeko deia egin dute, biharko saioan Korrikaren garrantziaz, euskararen egoeraz eta gazteek hori bultzatzeko duten zeresanaz berba egingo dutela jakinarazita.
Eta, Gazte Euskaltzaleen Sareak Korrikarekin adostutako elkarlanerako akordioan jaso bezala, gazte olatua ikusarazteko bereizgarria sortuko dute: gazte zapia. Hori Korrikak iraun bitartean jantzita eroateko deia egin dute, batzordez batzorde egindako bidea lasterketa erraldoian ere ikusarazteko. Ekintza horren berri ere emango dute herrietako saio parte hartzaileetan.