Gautegiz Arteagak 1.333.988 euroko aurrekontua onartu du, iazkoa baino %8,7 handiagoa
Gautegiz Arteagak 2026ko udal aurrekontua “behin betiko” onartu duela jakinarazi du. Izan ere, urtarrilaren 27an egin zuten azken osoko bilkura, eta horretan onartu zuten 1.333.988 euroko aurrekontua; iazko aurrekontuekiko %8,7ko igoera izan du. Gainera, nabarmendu dute udal-eraikinetako garbiketa-zerbitzuaren lizitazio-baldintzen agiri berria ere onartu zutela osoko bilkura horretan.
Hasiera batean aurrekontua abenduaren 16an onartu zen arren, behin betiko onarpena bozkatu aurretik erreklamazio bat ez onartzea ebatzi zuela eman dute udal ordezkariek aditzera: “Erreklamazioa aurkeztu zuen pertsona ez zen interesduna, eta beraz, erreklamazioa aurkezteko legitimitaterik ere ez zuen. Izapide horren ondoren onartu genuen behin betiko aurrekontua, eta era berean, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ere eman dugu”.
Aurrekontuen baitan, garatzen ari diren hiruzpalau proiektu nabarmendu ditu Gautegiz Arteagako Udalak. Horien artean daude Mendialdua eta Muniategiko espaloiak: “Herritik ateratzeko eta Laida eta Laga hondartzetarantz joateko iparraldeko errotondearen biondaren atzean espaloiak eraikitzea aurreikusi dugu”. Horretarako, gainera, aurreratu dute dirulaguntza bat izapidetu dutela Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailean. “Bide segurtasuna” ardatz izan du udalak proiektu honekin, eta esan dute kokapen onena zein izan litekeen baloratzeko, azterketa bat eskatu diotela kanpoko ingeniaritza-enpresa bati.
Bestalde, amaitzear dauden Andrabide harrobiaren ingurumen-egokitze lanak aipatu dituzte, eta gogoratu dute obrak amaitu ondoren, “ideia-lehiaketa baterako deia” egingo dela, “ondare-balio natural eta historiko hori dinamizatzeko modurik onena bilatzeko”. Horrekin batera, udalerriko trafikoa berrantolatzea ere kontutan hartu dituzte. Biak ala biak “positiboki” baloratu ditu udalak, esan dutenez.