Eskualdeko bertsolari komunitate sendoa erakutsiko duen txapelketa, hastear
18 bertsolariz osatuko da Busturialdeko Bertsolari Txapelketa, eta bihar [otsailak 20] abiatuko dute, Belendizen. Martxoaren 14ean Astran lehiatuko duten finalaren aurretik, Belendizkoaz gain, beste bi kanporaketa saio egongo dira Muruetan eta Errigoitin.
Busturialdeko Bertsolari Txapelketa bihar [otsailak 20] hasiko da, Belendizen, eta beste behin, eskualdeko bertsolaritza mugimenduaren indarra eta bizitasuna agerian uzteko asmoz dator. Printzipioz, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa antolatzen ez den urteetan jartzen dute hitzordua Lilibertsokoek; bi urterik behin jokatzen denez lurralde mailako txapelketa, tarteko urtean eskualde mailakoari heltzen diote.
Egia da antolatzaileek nahiago izaten dutela txapelketa negu sasoian antolatu, baina aurtengo neguan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa jokatuko denez, egutegia moldatu behar izan dute. Izan ere, Aitor Etxebarriazarraga eta Onintza Enbeita Euskal Herrikoan ariko dira, eta Lilibertsotik argi dute biak Busturialdeko txapelketan parte hartzea nahi dutela.
Helburua argia da: euren arteko txapelketa bat antolatzea, eskualdean bertsolari mugimendu sendoa dagoela laguntasunetik erakusteko, eta “pike osasuntsu” horrekin aurrera egiteko, denak hobetu bitartean.
Txapelketak herri txikietan presentzia izatea berebizikoa da Lilibertsokoentzat. “Gure eskualdea herri txikiek egiten dutenari esker da den bezalakoa”, nabarmendu dute. Horregatik, kanporaketak herri txikietan antolatzea horiei ikusgarritasuna emateko modu gisa ulertzen dute: “Historikoki bertso zirkuituetan herri txikiek beti izan dute garrantzi handia, eta gaur egun ere bertsoa txoko horietara bueltatu nahi dugu”.
Aurtengo txapelketak “betiko” funtzionamendua izango du: hiru kanporaketa jokatuko dira, Belendizen, Muruetan eta Errigoitin. Saio bakoitzean adin desberdinetako sei bertsolarik hartuko dute parte; guztira, beraz, 18 bertsolari izango dira lehian. Lilibertsotik azpimarratu dutenez, aurten bi bertsolari gaztek egingo dute debuta: Bermeoko Eider Fernandezek eta Helene Yergak. Antolatzaileak “harro” agertu dira horrekiko: “Azken urteotan Bermeon harrobi indartsua sortzen ari gara, lan asko eginez, eta Bermeoko Udalak bertsoaren alde egin duen apustuari eutsiz. Hala Fernandezek, nola Yergak hainbat sariketetan parte hartu izan dute orain arte. Busturialdeko Txapelketan aritzeko proposamena egin genien eta biek baiezkoa eman ziguten; nahiz eta urduri dauden, gogotsu hartu dute erronka. Oso pozgarria da belaunaldi arteko erreleboa bermatzen ari garela ikustea”.
Belendiz eta Errigoiti historikoki bertso afarien tenplu izan direla nabarmendu dute, eta tradizio horri berriro eusteko asmoz eraman nahi izan dute txapelketa bertara. Muruetaren kasuan, azken urteetan hainbat saio egin izan dituzte, eta izan duten harrera ona ikusita, bigarrenez tokia ematea erabaki dute. Parte hartzaileek kanporaketa horietan ahalik eta puntu gehien lortzen saiatuko dira, Astrak martxoaren 14ean hartuko duen final handirako txartelak eskuratzen saiatzeko.
Egin beharrekoak.
Kanporaketetan ohiko ariketak egin beharko dituzte bertsolariek, baina “gai informalagoekin”, antolatzaileen berbetan. Lehenik, zortziko handian ariko dira; ondoren, ofiziotan jardungo dute, zortziko txikian zein handian. Gero, bi punturi erantzun beharko diete, eta amaitzeko, irudi bati erreparatuta bakarkako bertsoa osatu beharko dute.
Txapelketa orotan bezala, ezinbestekoak izango dira gai-jartzaileak eta epaileak. Antolatzaileek azaldu dutenez, eskualdean bertsozale, gai-jartzaile eta epaileen komunitate sendoa dago, eta hortik tiraka aukeratu dituzte aurtengo txapelketan ariko direnak.
Oraindik ez dute jakinarazi nork jantziko dion txapela irabazleari; aurrerago emango dute horren berri. Aurreratu dutenez, hala ere, eskualdeko bertsozaleen artean ohikoa den norbait izango da saria emango duena.
Ildo horretatik, “oso pozik” agertu dira antolatzaileak, euren ustez eskualdeko bertsozaletasunaren egoera “oso osasuntsua” delako. “Urteetan lan handia egin da, eta orain arte landutako uzta jasotzen ari garela uste dugu. Komunitate handi eta sendo bat sortu dugu: bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta zaletuak biltzen dituena. Ez da erraza txapelketa baterako eskualde bereko 18 bertsolari elkartzea, eta guk urtez urte lortzen dugu. Bai eskoletan, bai eskolaz kanpo, lan handia egiten da bertsoaren etorkizuna bermatzeko, eta gaur egungo eskualdeko egoera horren guztiaren emaitza dela uste dugu”.
Bertso eskolek eta horretan jarduten dutenek, gainera, bertsoa gazteentzat eremu seguru eta atsegina izatea nahi dute: gozatzeko, dibertitzeko eta euskaratik euskarara gure kulturari tokia egiteko espazioa. Eta, antolatzaileen ustez, bide horretan ari dira. Eta bide horretan jarraitu nahi dute.
Horrez gain, Etxebarriazarraga eta Enbeita nabarmendu dituzte, Euskal Herri mailan ezagunak diren bertsolariak izanik, Busturialdeko bertsolaritzaren maila eta egoera handik eta hemendik ezagutarazten dutelako, eta eskualdearentzat “erreferente ezin hobeak” direlako.
“Formatu erakargarriagoa”.
Azken txapelketarekin alderatuta, berrikuntza bat ere izango da aurten, jakinarazi dutenez: orain arte lehenik afaria egiten zen, eta ondoren hasten ziren bertsotan; aurtengoan, ordea, lehenik saioa egingo da, eta amaieran pintxoak izango dituzte aukeran, giro lagunkoi eta herrikoia mantentzeko asmoz. Antolatzaileen ustez, “formatu erakargarriagoa” izan daiteke, bai bertsolarientzat, bai ikusleentzat.
Gauzak horrela, kanporaketetara bertaratzeko deia egin dute antolatzaileek, eskualdeko bertsozaletasunaren indarra bertatik bertara bizitzeko gonbita luzatuz. Alegia, bihar [otsailak 20] 20:00etan bilduko dira Belendizen; datorren barikuan [otsailak 27], ordu berean, Muruetako Eliza atzeko txokoan, eta martxoaren 6an, azkenik, Errigoitiko Ikuilu Txokoan.
Kanporaketak:
Belendiz.
Otsailak 20. 20:00etan, Belendizko txokoan.
Bertsolariak: Onintza Enbeita, Eider Fernandez, Beñat Bilbao, Nagore Beitia, Janire Arrizabalaga eta Xabier Enbeita.
Murueta.
Otsailak 27. 20:00etan, Muruetako txokoan.
Bertsolariak: Aitor Etxebarriazarraga, Helene Yerga, Koldo Muñiz, Mikel Retolaza, Asier Galarza eta Julen Ibarguengoitia.
Errigoiti.
Martxoak 6. 20:00etan, Ikuilu Txokoan.
Bertsolariak: Lurdes Ondaro, Iker Uriarte, Ibai Amillategi, Ander Elortegi, Koldo Gezuraga eta Enare Muniategi.