Eragile eta herri mugimenduek atxikimendua eman diote martxoaren 17ko greba-orokorrari
ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko martxoaren 17rako [martitzena] deituta duten greba orokorreko batzordeetan parte hartzeko konpromisoa berretsi dute eragileek. Herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu die.
Argazkia: LAB Sindikatua
Euskal Herriko hamaika eragile eta mugimendu sozialek bat egin dute gaur [otsailak 18], 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzea exijitzeko martxoaren 17rako [martitzena] sindikatuek deituta duten greba orokorragaz bat egiten dutela jakinarazteko. ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuetatik nabarmendu dutenez, egungo gutxieneko soldatak “ez du bermatzen bizitza duinik”, etxebizitzaren, elikagaien eta zerbitzuen presioak garestitzen doazelako eta horrekin batera, prekarietatea handitzen. Hala, eragileek “egoerari erantzuteko garaia” dela aldarrikatu eta langile, ikasle, pentsiodun eta herritar guztiei luzatu die greban parte hartu eta mobilizazioetara batzeko deia.
Eragile eta herri mugimenduetako ordezkariek irakurri dute gaur greba manifestua, eta ozen aldarrikatu dute “ez direla garai errezak” ez langileentzat, ez herri sektoreentzat. Izan ere, “sistema kapitalista, patriarkal , ekozida eta arrazistak” mundua hankaz gora ipinita duela salatu dute, joera autoritario eta faxistak hedatzea, gerra inperialistak eragitea eta pobrezian eta prekarietatean sakontzea leporatzeagaz batera: “Aberatsak aberatsago, boterea geroz eta esku gutxiagotan eta langilea sektorea geroz eta gehiago bazterrean”.
Zehaztu dutenez, Euskal Herria ez dago errealitate horretatik salbu, patronatu eta agintariak aberastasunak modu justuan banatzeko “edozein neurri blokeatzeko prest” baitaude. Gutxieneko soldatarekin berdina gertatzen dela salatu dute: “Bertan bizi garenon oinarrizko beharrak asetzeko diru sarrera nahikoa izatea ekidin nahi dute, eta dagoeneko pairatzen ditugun arrakala sozialetan sakondu. Aldarrikapen zilegi, justu eta egingarri bati bide guztiak itxi dizkiete”. Bitartean gainera, prekarietateak eta pobreziak hedatzen jarraitzen dutela azpimarratu dute, horren ondorioak herritarren gorputzetan, osasunean, harreman sozial zein laboraletan eta eskubideetan antzeman daitezkeela zehazteagaz batera.
Egoera horren aurrean, egunerokotasunean beste hamaika borrokatan egiten duten legez, herri eta auzoetan antolatzen diren eragile sozial eta herri mugimenduak bat egingo direla zehaztu dute: “Forma eta modu desberdinak ditugu. Ez gaude ados hainbat gauzatan, baina guztiok bat egiten dugu oinarrizko ideia batekin: Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa izatea bertan lan egiten dugun eta bizi garen pertsona guztientzako onura dakarren aldarrikapena da”. Halaber, lan harreman justuak sustatu eta zaintza sistemak bizi duen “egitura klasista, arrazista eta patriarkala” normalizatu gura ez dutela zehaztu dute: “Lan harreman justuak sustatu nahi ditugu, baita etxeko lanaren eta zaintza lanaren esparruan ere, zeinetan, askotan, gaur egun dagozkien soldatak ere ez dizkieten ordaintzen eta dagozkienak baino askoz ordu gehiago sartzen dituzten”.
Greba batzordeak. Horregatik, herri eta auzoetako greba batzordeetan parte hartzeko eta herritarrei martxoaren 17ko grebaren arrazoiak azaltzeko “pedagogia eta politizazio-lana” egingo dituztela nabarmentzeagaz batera.
Gaur gaurkoz, hiru dira sindikatuek Busturialdean deitutako greba batzordeak: Busturian gaur egingo dute, 17:00etan, Altamirako plazan; Bermeon, ostera, hilaren 23ean [astelehena] batuko dira, 18:00etan, kultur etxean. Gernika-lumotarrek, berriz, otsailaren 25ean [eguztena] dute ipinita hitzordua, 18:30ean, Astran.