"Arrakastatsua" izan da taekwondoko Gernikako Promozio Txapelketa
TAE Gernikak antolatuta, bigarrenez, taekwondoko Gernikako Promozio Txapelketa lehiatu zuten 223 lehiakidek zapatuan (otsailak 14) Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Bigarren aldia "arrakastatsua" izan dela ondorioztatu dute, txapelketa lehiakideen artean finkatu dela nabarmenduta.
Taekwondo ITF Promozio txapelketa Gernika-Lumon. TAE Gernika Dobok zurien, kolore guztietako gerrikoen, tatamien… epizentro bilakatu zen Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia zapatuan (otsailak 14). Taekwondoa gustuko duten horien eta praktikatzen duten horien gune bilakatu zen udalerria, izan ere, TAE Gernikak antolatuta, bigarrenez, taekwondoko Gernikako Promozio Txapelketa lehiatu zuten 223 lehiakidek.
Udalerriko klubeko, TDK Barakaldoko, Santanderreko Gimnasio Seuleko, Molins de Reiko Yong-Gam klubeko, Bartzelonako Alianza Artes Marcialeseko eta Blaneseko T.A.M. Blanes klubeko kideak aritu ziren zein baino zen gehiago frontoian jarritako sei tatamitan, formak (banakaka zein taldeka) eta borroka (aurre ezarritakoa eta banakakoa) modalitateetan.

Taekwondo ITF Promozio txapelketa Gernika-Lumon.TAE Gernika
Kirolariek “maila ikusgarria” erakutsi zuten antolatzaileen berbetan, modalitate bakoitzean teknika, diziplina eta jarrera bikaina erakutsiz. Goizetik arratsaldera bitartean aritu ziren lehian, baina arratsaldeko txanda izan zen maila handienekoa: gerriko beltzdunen arteko txapelketa egin zuten. Eta, horren ostean, klub desberdinen artean eratutako talde mistoak elkarren artean lehian aritu ziren, “jarduera epikoa eta hunkigarria” eskainiz. “Egunaren amaiera bikaina” izan zela ondorioztatu dute, beraz, antolatzaileek.
Egun guztian zehar banatutako dominen rankingaren arabera, taekwondoko eskolarik onena izan zen Santanderreko Seul kluba, eta bigarren postua lortu zuen Bartzelonako Yong Gam klubak. Bestalde, hirugarrenak izan ziren udalerrikoak, 13 urre, 15 zilar eta 28 brontze eskuratuta.
Ondorioz, bigarren edizioa “arrakastatsua” izan dela ondorioztatu dute TAE Gernikako ordezkariek, Espainia mailan egiten diren txapelketetan “erabat finkatu” dela esanda. “Honen bidez, TAE Gernikak Euskadiko taekwondoaren bilakaeragaz eta bikaintasunagaz duen konpromisoari eusten dio”.

Taekwondo ITF Promozio txapelketa Gernika-Lumon.TAE Gernika