Aratusteak kolore, mozorro eta algara artean
Gautegiz Arteagako Artie Dantza Taldearen eskutik, Euskal Inauterien Jaia ospatu zuten.Artie Dantza Taldea Euria eta haizea aratusteetako protagonista bilakatu nahian dabiltzala badirudi ere, Busturialdeko bizilagunen artean dantzarako, mozorrotzeko eta jai giroan murgiltzeko gogoak bizirik dirau. Izan ere, Inauterietan bete-betean sartuta daude herritarrak; asteburuan mozorroak jantzi eta jairik jai aritu ondoren, horrela jarraitzeko asmoa dute. Askotariko ekintzak eduki dituzte egunotan han eta hemen: desfileak, dantzak, mozorro txapelketak, musika, diskofestak… eta biharko egitaraua ere ez da atzean geldituko. Horren testigu izango dira Bermeo, Ajangiz, Gernika-Lumo eta Mundaka. Ajangiztarrak inauteriak oinarritzat hartu, eta ludotekan bilduko dira.
Bermeon, urteroko ikasleen kalejira erraldoia bertan behera geldituko dela aurreratu dute, eguraldia dela eta. Hala ere, jai giroa “bermatuta” egongo da udalerrian, azaldu dutenez: “Haur Hezkuntzako ikasle guztiak Artza frontoian elkartuko dira Zapotxin pailazoaren ikuskizunarekin primeran pasatzeko. Eleizalde Ikastolako ikasleek, berriz, Eidabe taldearen Gora Bihotzak ikuskizunaz gozatzeko, eta azkenik, Sagrado Corazon Ikastetxean eta Bermeoko Herri Eskolan Jaikide diskofesta izango dute aurretik”. Kalejira bertan behera geratu den arren, arratsaldean Lameran antolatuta dagoen Disko Txiki Festa mantendu egingo da printzipioz, udal ordezkarien berbetan: erabakia egunean zehar hartuko dute, halaber.
Mundakan ere ikasleak izango dira nagusi Aratuste Martitzenean, eta goizeko kalejiraren ostean Isla Kale Kiroldegian bilduko dira, ohi modura, ekitaldia bertaratzen direnei eskaintzeko. Arratsaldean ere musika eta jai giroa aurreikusi dituzte mundakarrek, euriari aurre egiten jarraitzeko.
Gernika-Lumon umeentzako tailerrak nagusituko dira gaur, egun guztian zehar: goizean, umeentzako tailerrean bilduko dira, eta arratsaldean, ume eta gazteentzako tailerra antolatu du Ure taldeak. Jakinarazi dutenez, nahiz eta hitzordua Pasealekuan jarri duten, euria eginez gero, ekitaldiak Merkatu Plazara mugituko dira.
Gaurkoaz gain, zenbait lekutan datorren asteburura arte luzatuko dituzte inauteriak. Ibarrangelun, esaterako, zapatuan [otsailak 21] jarri dute mozorroak albokoei erakusteko hitzordua, Lorea Dantza Taldearen eskutiko kalejiran. Bermeon, ostera, Spookypheria Productions elkarteak hartuko du protagonismoa, Vade Retro Party jaialdiagaz gozatuz eta gozaraziz.
Eta, egingo duten bezala, iragan asteburuan ere izan da gozamenerako tarterik: egunotan inauteriak goi-goitik ospatu dituzte eskualdean, mozorro eta kolore artean. Musika, gastronomia, kultura eta irudimena uztartzeko ariketaren baitan bildu ziren, hala, han eta hango herritarrak. Besteak beste, Gernika-Lumok II. Playback lehiaketa hartu zuen, eta antolatzaileak “pozik” geratu dira horrekin, hurrengo aldi baterako ateak zabalik utzik. Asteburu guztian denetariko mozorroak nagusitu ziren arren, Stranger Things izan zuten mozorrogai gernika-lumotarrek.
Bermeon, Lantzeko Inauteriek koloreztatu zuten zapatu goiz goibela. Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrenaren baitan, gainera, egun guztirako egitaraua aurreikusi zuten dantzariek, musika, dantza eta batez ere, giro ona uztartuz.
Gautegiz Arteagan, Artie Dantza Taldearen eskutik, Euskal Inauterien Jaiaz gozatu zuten bertaratutakoek, atzo. Herri txikiekin jarraituz, Ean, Foruan eta Busturian ere txikitasunaren xarma erakutsi zuten.
Eta Mundakarrek, amaitzeko, haientzat egun hoberik ez dagoela erakutsi zuten, beste urte batez. Eguraldia aldeko zutelarik hasi zuten eguna, baina arratsaldean euritan dantzatu behar izan zuten Atorrek eta Lamiek, tradizioari eutsiz antolatutako eta eskualde guztiaren abagune bihurtutako aratuste egunean.
BUSTURIALDEKO ARGAZKIAK: