46 aterpe klimatiko aurreikusi dituzte Gernika-Lumon, herritarrak muturreko berotik babesteko
Gernika-Lumoko Udalak Babesleku Klimatikoaren sarea definitzeko parte-hartze prozesuaren ondorioak aurkeztu zituen Elai Alai aretoan, espazio irisgarri, fresko eta hurbilekoak definituz. Hain zuzen, kanpoko 36 babesleku eta barruko sei babesleku proposatu ditu, lau espazio potentzialez gain.
Tenperaturen igoera eta bero-boladen maiztasuna ez dira hipotesiak bakarrik, hiri-bizitza baldintzatzen hasi diren errealitatea dira. Adierazitako hori kontuan izanda, Gernika-Lumoko Udaleko Ingurumen Sailak Babesleku Klimatikoaren sarea definitzeko partaidetza-prozesua jarri zuten martxan, eta prozesu horren ondorioak aurkeztu ditu dagoeneko, udalerrian banatutako 46 espazioz osatutako sarea sortzea helburu hartuta: kanpoko 36 babesleku proposatu ditu, itzal, landaredi eta aireztapen naturaleko parke eta plazak; barruko sei babesleku, baldintza termiko erosoak dituzten eraikinetan kokatuak; eta lau espazio potentzial, etorkizunean hobekuntzen edo akordioen bidez sarean sar daitezkeenak. Diotenez, sare hori “muturreko beroak herritarrengan dituen ondorioak murrizteko” pentsatutako prebentzio-azpiegitura da, “bereziki kolektibo kalteberenena”.
Sarea lau eremu geografiko handitan antolatzen da –Santa Luzia (hegoaldea), Erdigunea (erdigunea), Errenteria-Lorategieta (ipar-ekialdea) eta Santa Ana (ipar- mendebaldea)–, eta espazio enblematikoak barne hartzen ditu, hala nola Europako Herrien Parkea, Merkatu Plaza edo Jai-Alai frontoia. Beste leku batzuk, hala nola Errekazarrako parkea edo Industria kalea, kanpoan geratu dira oraingoz itzalik ez dagoelako edo irisgarritasun-arazoak daudelako, nahiz eta dokumentuak hobetzeko potentziala identifikatzen duen.
Barne-babeslekuetarako honako hauek izango dira: Santa Luzia ermita eta gizarte-zentroa, Merkatu Plaza, Jai Alai frontoia edo Hirugarren Adinekoen Elkartea. Protokolo espezifikoak ezarri behar direla planteatzen da, bero-boladaren ondoriozko alertak aktibatzen diren egunetan bero handieneko orduetan irekitzen direla bermatzeko. Santanape kiroldegiaren kasuan, dokumentuak proposatzen du aztertzea ea bideragarria den 14:00etatik 17:00etara irekita mantentzea gertakari horietan, udan itxita egoten bada ere.
Proposatutako babesleku guztiak banakako fitxa teknikoen bidez definituko dituzte orain, seinaleen bidez identifikatzeaz eta informazio liburuxka batean jasotzeaz gain; liburuxka horretan, kokapen planoak eta bero boladei buruzko gomendioak jasoko dituzte.
Baina sare hori ez dela larrialdiko irtenbidea dio Jon Lejarraga Ingurumeneko zinegotziak, prebentzio eta zaintzako eguneroko tresna dela esanda: “Herritarrek exetik hamar minutu baino gutxiagora berotik babesteko espazioa dutela jakitea nahi dugu, baldintza duin eta seguruetan dagoena”. Izan ere, sarearen diseinuak Ihobek ezarritako jarraibideak betetzen ditu eta horiek funtsezko zazpi baldintza zehazten dituzte espazio bat babesleku klimatikotzat hartzeko: irisgarritasun unibertsala, sarrera librea eta doakoa, hurbiltasuna, erosotasun termikoa –26 gradutik beherako barne-tenperaturarekin–, ordutegi egokiak bero- hilabeteetan, oinarrizko zerbitzuen eskuragarritasuna eta seinaleztapen argia. Kanpoko babeslekuen kasuan, itzala, landaredia eta aireztapen naturala duten espazioak lehenesten dira, baina, salbuespen gisa, lurralde-estaldura indartzeko iturririk edo komunik ez duten batzuk ere sartu dituzte.
Jakinarazi dutenez, sarea aurtengo maiatza eta urria biartean egongo da martxan, eta arreta berezia jarriko da eguneko ordu nagusietan, arrisku termikoa handiagoa denean.
Beroarekiko kaltebera.
Proiektua LIFE Urban Klima 2050 europar programaren barruan kokatzen da, Ihobek koordinatuta eta Europar Batasunak babestuta, eta udalerriarentzat bereziki kezkagarriak diren klima-proiekzioei erantzuten die. Ikerketen arabera, mendearen amaieran, udako batez besteko tenperatura 4,1 graduraino igo liteke, eta gehieneko absolutuak 40,5 gradukoak izan litezke. Horrez gain, biztanleriaren zahartze-tasa handia eta hiriko bero-uhartearen efektua daude, eta horrek ingurune eraikia berez hoztea zailtzen du.
Etorkizunari begira, udalak sarea beste erakunde batzuekin hitzarmenak eginez zabaltzea aurreikusten du, eta horrek aukera emango luke eraikin estrategikoak sartzeko, hala nola Bakearen Museoa, Batzarretxea, Euskal Herria Museoa edo gaur egun babesleku potentzial gisa katalogatuta dauden udalerriko hainbat eliza.
“Proiektu honek ez du osasun-arreta ordezten”, gogorarazi zuen Lejarragak, baina arrisku-egoerak saihestu ditzakeela dio, muturreko bero-gertakarietan lehen arintze-espazioa eskainiz. Aurkezpenaren ondoren, herritarrak entzutetik klima-egokitzapena hiri-plangintzaren erdigunean jartzen duen sare baten zehaztapen teknikora igaro da.