Gazteek emakume zientzialariak erreferente izan ditzaten
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna emakume zientzialariekin mahainguruan batzeko baliatu zuen Leartibai Fundazioak eta Maite Telletxea gernika-lumotarra izan zen hizlarietako bat. Barrutialde BHI eta Bermeo BHI institutuek ere parte hartu zuten topaketan.
Argazkia: Leartibai Fundazioa Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna baliatuta, Leartibai Fundazioak eskualdean bizi diren edo bertan lan egiten duten emakume zientzialariak Talentatu programaren baitan kokatzen den mahainguruan parte hartzera gonbidatu zituen atzo [otsailak 11]. Kooperatiben Mahaoa Elkarteak eta Leartibai Fundazioak elkarlanean martxan jarritako proiektua da Talentatu, eta bere helburu nagusien artean ditu bokazioa sustatzea eta emakume erreferenteak gazteei gerturatzea.
Lau izan ziren atzo Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean ospatu zen ekitaldian parte hartu zuten emakumeak, denak “profil profesional ezberdinetakoak”: Maite Telletxea gernika-lumotarra Service-eko teknikaria da Burginolan; Yoana Armaolea markina-xemeindarra, berriz, produktuen garapenerako ingeniaria, Maier Technology Centre-n. Cikatekeko (Cikautxo), materialen teknikaria den Nerea Aldazabal berriatuarrak eta Leartikerren modelizazio termomekanikoko arduraduna den Aizeti Burgoa ondarrutarrak osatu zuten mahaingurua.
Horrez gain, Lea-Artibai eskualdeko hezkuntza zentroetako ikasleek ere topaketarekin bat egin zuten: Zubi Zahar Herri Ikastolak, Lekeito BHIk eta BeraKruz Ikastolak hiruzpalau ordezkari izan zituzten mahainguruan, eta gainerakoek saioa Internet bidez jarraitu ahal izan zuten. Eskualdetik haratago, Arratzuko Barrutialde BHIk, Bermeo BHIk eta Zornotzako Urritxe BHIk ere parte hartu zuten.
“Hizketaldi ederra”. Hala, emakume zientzialariek beraien eguneroko jarduna eta ibilbide akademiko eta profesionalez mintzatu ostean, ikasleek aurretiaz prestatutako zein hitzaldian zehar sortu zitzaizkien galderak egin eta zalantzak argitzeko aukera eduki zuten. Galdera-erantzunekin “hizketaldi ederra” sortu zela nabarmendu dute antolatzaileek. Hizlariek zientziaren munduan sartzeko “bide bat baino gehiago” dagoela azaldu zien ikasleei, batzuek bokazioa gaztetatik argi izan badute ere, beste batzuk ibilbide ezberdinak eginda iritsi direlako arlo zientifiko eta teknologikoan beraien tokia aurkitzera. Era berean, zientzia eta teknologiaren inguruko “aurreiritziak apurtzearen garrantzia” nabarmendu zien.
Zientzialariek “benetan gustuko” dituzten ikasketak egitera animatu zituzten ikasleak, etorkizuneko erronkoei aurre egin ahal izateko jarrera, ahalegina eta norberarenganako konfiantza “funtsezko balioak” direla azpimarratzeagaz batera.
Talentatu programako ekimen honen bitartez, Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Lea Artibai Fundazioak emakumeek zientzian duen “presentzia eta ekarpena ikusarazteko eta belaunaldi berrien artean bokazio zientifikoak sustatzeko konpromisoa berretsi” nahi izan du.