Bikotekidea hiltzea egotzita atxilotutako emakumea behin-behinean aske utzi du epaileak
Atzo atxilotu zuten, Gernika-Lumon, 2025eko azaroan senarra hiltzea leporatuta. Emakumea epaitegian agertu beharko da.
Ertzaintzak atzo [otsailak 11] bikotekidea hiltzea egotzita atxilotutako emakumea behin-behinean aske utzi du epaileak, EITBk jakinarazi duenez. Behin-behineko askatasunerako baldintza gisa, 54 urteko emakumea epaitegian agertu beharko da.
2025eko azaroaren 22an zendu zen gizona, emakumearen esanetan, ohetik erorita. Emakumearen laguntza oihuei erantzunez, auzokide bat izan zen Larrialdi Zerbitzuetara abisua eman zuena, baina polizia eta osasun profesionalak heldu zirenerako, ezin izan zuten haren bizitza salbatzeko ezer egin. Hala, gorpua Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutura eraman zuten, autopsia egiteko.
Autopsia azterketa izan da, hain zuzen, biktimaren heriotzak “jatorri bortitza eta etiologia hiltzailea” duela egiaztatu duena. 62 urteko gizonaren buruan zein gorputzean “hainbat kontusio eta haustura” antzeman zituzten forensek, ustez gizonak jasandako kolpe batzuei erantzuten dienak. Hala, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen eta erasotzailea hildakoaren emaztea zela ondorioztatu zuten.
Ertzaintzako Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko agenteek tzo atxilotu zuten emakumea, Gernika-Lumon. Izapideak amaituta, epailearen aurrera eraman zuten, eta hori izan da behin-behian aske uztea erabaki duena.