"Bakardadean"
Leire Lekuona Elizondo idazle bermeotarrak bere ‘Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa’ ipuin liburua oparitu digu Hitzan plazaratzeko. Kapituluka eta barikuro, gure orrialdeetan irakurriko duzue. Gozatu!
Gauean gertatu zen. Katuak zebiltzan teilatuetan, eta haize hotzak gogor jotzen zuen karriken artetik. Gorputza ere hotzildu zitzaidan kanpai-hotsen osteko isiltasunak ekarri zuen danbatekoa sentitzean: Nestor lurrean aurkitu nuen, geldirik, begiak lo.
Heriotza ez zen arrotza niretzat, askotan ikusi izan ditut hilik itsas otsoak, baleak, olagarroak eta izurdeak. Gogoan dut gizakiek baleak arrantzatzen zituztenekoak. Haien deia entzutean hegatsaren indar guztiaz joaten nintzaien laguntzera. Baina gizakien bortizkeriak beti zuen irabaztekoa, eta noizbait gezi mortalaren
soka apurtu ahal izan banu ere, gehienetan sarraskiaren lekuko besterik ez nintzen izaten. Begietara hurbildu eta doinu politak abesten nizkien, ixten zituzten arte. Eta gorriz jantzitako urak arnasten nituen bitartean, partitzen ikusten nituen gizakiaren mundu ezezagunera.
Zer nekien nik, ordea, gizakien heriotzaz? Nestorrek hiltzat hartu izan banindu arroken artean topatu nindutenean, agian orain ez nintzateke bizirik egongo. Ortozik eta kamisoia soinean nuela, etxetik irten nintzen laguntza eskatzeko asmoz. Ipurtargirik ere atera ez zen gau hartan, Nestorren portuko tabernara abiatu nintzen,
arrantzale zaharrek, garagardoa zintzurrean eta tabakoa esku artean zutela, gazteenei aspaldiko kondaira eta istorioak kontatzen zieten tabernara.
Oinak minduta, ia ez nituen sentitzen. Zu ere ez zintudan sentitu atetik sartu nintzenean, izkinan baitzeuden leihotik hurbil, ile xerloak ezkutatzen zizkizun artilezko txanotxo marroia buruan. Han ere, isiltasuna nagusitu zen. Nor eta ni, Zezilia, edo batek daki zein izen izandako emakume misteriotsua, gizonen santutegia zen taberna hartan zutik. Batzuentzat, itsasoak eskainitako opari zerutiarra nintzen; deabruaren ezbeharrak erakarriko zituen gizakia besteentzat. Antza denez, nik neuk baino gehiago zekiten askok nire jatorriaz!
Ez nuen ahorik ireki. Ez zen beharrezkoa izan. Etxean zerbait ondo ez zebilelako susmoarekin, tabernariak hiruko taldea egin eta gure etxera igotzen ikusi nituen. Zu ere kezkati zinen, baina nahiago izan zenuen ate ondoko txoko hartan nirekin geratu. Gerritik hartu, eta ilunpeko mahai zahar hartan eserarazi ninduzun. Hotzikarak jota nengoela ikusita, jaka erantzi eta sorbaldan jarri zenidan, une batez zure besoetan bero-bero sentitu nintzelarik. Zure begiek nireekin bat egin zuten. Zein xelebrea gizakien bizitza, Nestorren heriotza garratza bainuen bihotzean, eta baita zure besoen gozotasuna sabelean.
Taberna hartako ardo, tabako eta egur hezearen usainak zure hurbileko gorputzarenarekin nahastu ziren. Sagar errearen gozotasunak inguratu ninduen, eta pentsatu nuen ez nuela nahi inoiz alde egin zure albotik, nahiz eta bizitzak bestelako planak eginak izango zituen gu biontzat.
Tabernaria etorri zitzaigun, eta nire oin hutsak ikusita, hobe etxera eramatea esan zizun. Han aurkitu genuen medikuak Nestorrek bihotzekoa izan zuela esan zigun, eta ezin izan zela ezer egin. Bat-batekoa izan zen, eta akabo. Isabel dardari eta zotinka hurbildu zitzaion ohe gainean jarri zuten Nestorren gorpuari. Tristurak bereganatu gintuen, eta nik ere negar-zotinka egin nuen zure besoetan.
Hurrengo egunean itsasoratu zinen, urruneko uretara hegaluzea arrantzatzera. Hitza emanda zeunden, eta zure ogibidea zen. Tristura nabaritu nizun begietan, eta nireak ere busti ziren. Nestorrek umezurtz utzi ninduen, eta zure itsasoratzeak bihotza desegin zidan. Bakarrik sentitu nintzen, lehenengo aldiz nire bizitza guztian.