Udaleko eta udal zerbitzuetako langileen lan-baldintzen "okertze larria" salatu dute
ELA, LAB eta P.L.E.S. sindikatuek deituta elkarretaratzean batu dira langileak gaur goizean, udaletxe aurrean, beraien barne egoerak zerbitzu publikoetan duen eragina gernika-lumotarrei helarazi asmoz.
ELA, LAB eta P.L.E.S. sindikatuek deituta, Gernika-Lumoko Udaleko eta udal zerbitzuetako —Euskaltegia, kiroldegia, kultur etxea eta Ekimen Profesionalen Zentroa— langileak beraien “lan baldintzen okertze larria” salatzeko elkarretaratzean batu dira gaur goizean [otsailak 9], udaletxe aurrean. Langileek bizi duten barne egoerak zerbitzu publikoetan duen eragina gernika-lumotarrei helarazi nahi izan diete, “langileentzako lan-baldintza duinak defendatzea kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzea delako”. Mobilizatzeko borondate “argia” dutela nabarmendu dute sindikatuek, ez baitiote uko egingo “irtenbide erreal eta adostuak” eskatzeari.
Sindikatuek “aspalditik” datozen alde bakarreko erabakiak, elkarrizketa falta eta negoziazio-esparruen gabezia salatu dituzte. Zehaztu dutenez, bizi duten egoerak langileen artean ziurgabetasuna, nekea eta beldurra pizten ditu, eta gainera, zuzenean eragiten die gaur egun herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean: “Ez dago zerbitzuak behar bezala antolatzea bermatzen duen oinarrizko akordiorik, eta lan-giroa okertzen ari da”.
Halaber, presiopean, eguneroko lana bere gain hartu gabe eta inolako plangintzarik gabe lan egitea “normalizatuta” dagoela salatu dute: “Horrek kalte egiten die langileen arteko harremanei eta herritarrei ematen diegun zerbitzuaren kalitateari”.
Era berean, langileak seinalatzea, zalantzan jartzea edo mehatxatzea “onartezina” dela azpimarratu dute. Jarrera horiek onargarriak ez izateaz harago, errespetuan oinarritutako lan-harreman osasuntsuak lortzera bidean lagungarriak ere ez direla ere gehitu dute.
Hala, hiru sindikatuetatik eskari argiak helarazi dizkiote udalari: negoziazio-mahaia benetan aktibatzea, lanpostuen zerrenda eguneratu eta adostua, langile guztiekiko errespetuzko tratua eta “funtsezko gaiak jorratzea”, esaterako, plazak betetzea, balorazioa, barne-sustapena, lan eskaintza publikoa, erretiroak edota zerbitzuen antolaketa. “Egiturazko arazo horiei aurre egiten ez bazaie, egoerak okerrera egiten jarraituko du, eta zerbitzu publikoen kalitatean are eragin handiagoa izango du”, nabarmendu dute.