Kandelaria jaietako tostada onenak, Rosa Mari Ortuzarrenak
Ohiko ahizko tostada txapelketagaz agurtu dituzte Demiku auzoko jaiak bermeotarrek. Rosa Mari Ortuzarren tostadak izan ziren gozoenak, eta Arantza Otazuak eta Unai Cimavillak osatu dute podiuma.
Argazkia: Bermeoko Udala Aurreko domekan [otsailak 2] egin bezala, atzo ere [otsailak 8] Demiku auzoan elkartu ziren bermeotarrak, Kandelaria jaiak biribiltzeko. Demiku Auzoko Bizilagunak eta Bermeoko udalak elkarlanean antolatutako jaiak kultur jarduerak eta umeentzako ekintzak uztartu ditu, eta ez da ohiko ahizko tostaden txapelketa ere falta izan. Zazpi izan dira aurten lehiaketara aurkeztutako tostadak, eta epaimahaiarentzat Rosa Mari Ortuzarrenak izan ziren gozoenak.
Goizetik ekin zioten egitarauari atzo, 10:00etan hasi baitzuten Demiku eta Katillotxu arteko mendi irteera. Umeek ostera, askotariko jolas eta tailerrak izan zituzten aukeran. Josepa Kale Kale taldeak arduratu zen meza aurretik zein ostean auzoa girotzeaz. San Blas zintak bedeinkatuta, bertaratutakoak luntxean batu ziren, errotutako ahizko tostadarako giroa berotu asmoz.
Aurten zazpi izan dira ahizko tostada txapelketara aurkeztutako platerak. Epaimahaiak guztiak dastatu ostean ekin zioten sari banaketari: Rosa Mari Ortuzarrek eraman zuen lehen saria, berarenak izan baitziren tostadarik onena. Bigarren saria Arantza Otazuarentzat izan zen, podiumeko hirugarren lekua, Unai Cimavillarentzat. Demikuko auzotarreri zuzendutako saria, berriz, Egoitzentzat izan zen. Bermeoko Udalak irabazleak zoriondu ditu, parte hartzaile guztiei eskerrak emateagaz batera.