Tabernen Mozorro Txapelketan izena eman daiteke
Aratuste martitzenerako [otsailak 17] Tabernen Mozorro Txapelketa antolatu du Bermeoko Udalak, eta establezimenduek otsailaren 13ra arte [barikua] dute izena emateko aukera, Kultura eta Hezkuntza Sailaren bitartez.
Inauterietako herriko ohiturari eutsiz eta aratusteen testuinguruan udalerriko ostalaritzaren parte hartze aktiboa sustatu asmoz, aurten ere aratuste martitzenerako [otsailak 17] Tabernen Mozorro Txapelketa antolatu du Bermeoko Udalak. Iaz hamalau izan ziren lehiaketan parte hartu zuten tabernak, eta nabarmendu dutenez, zifra hori, ekimenaren sendotasunaren isla izateaz gain, ostalarien aldetik izandako harrera onaren adierazle ere bada. Horregatik, aurten bide beretik jarraitu gura dute. Hala, parte hartu gura dutenek dagoeneko zabalik dute izena emateko aukera, Kultura eta Hezkuntza Sailaren bitartez: telefonoz egin gura dutenek 94-617 91 57 telefono zenbakira deitu beharko dute eta posta elektronikoz egin nahi dutenek, kultura@bermeo.eus helbide elektronikora idatziz. Otsailaren 13a [barikua] izango da horretarako azken eguna.
Txapelketaren bidez Bermeoko tabernen “inplikazioa handitu” nahi du udalak, establezimenduen apainduraren eta tabernarien mozorroen bitartez “jai giroa sendotuz eta herrigunea modu sortzailean girotuz”. Horretarako, parte hartu gura dutenek baldintza batzuk bete beharko dituzte, hala nola behar bezala apainduta egotea eta tabernariak aukeratutako gaiarekin bat datorren mozorroa jantzita eramatea, otsailaren 17ko goizeko 11:00etatik aurrera. Modu berean, izena ematean jasoko duten txapelketako parte hartzailearen kartela establezimenduetan ikusgai jarri beharko da. Hala eta guztiz ere, izena emateko epea amaitzen denean udalak sare sozialen bidez jakinaraziko du parte hartzaileen zerrenda.
Epaimahaia. Txapelketako irabazlea aukeratzea Jai Batzordeko ordezkariek osatutako epaimahaiaren esku geratuko da. Epaileak aratuste martitzen goizean zehar tabernak bisitatzen ibiliko dira, eta erabakia hartzeko hanbat irizpideak hartuko dituzte kontuan: apainketaren originaltasuna, erabilitako materialen jasangarritasuna, mozorroaren eta apainduraren arteko koherentzia eta euskararen erabilera.
Erabakia otsailaren 17an bertan jakinaraziko dute, eguerdi bueltan: taberna irabazlearen izen-abizenak udalaren webgunean argitaratuko dira.
Hori horrela, Bermeoko Udaletik nabarmendu dutenez, tabernen ekarpena “funtsezkoa” da herriko jai-egutegian aratusteek duten garrantzia bizirik mantentzeko eta, horregatik, udalerriko taberna guztiak animatu ditu txapelketan parte hartzera, “aratusteen ospakizuna aberatu eta Bermeoko jai giroa indartzen laguntzeko”.