Euskararen jatorria eta erabilera, hizpide
Javier Goitia eta Jon Goitia ikerlari bermeotarrek 'Euskararen Jatorria' berbaldia eskainiko dute etzi [otsailak 5], 19:00etan, Gizarte eta Kultura Etxean.
Bizitza osoan zehar bizkaiera, euskara eta gaztelania izan dituzte beraien ikerketaren ardatz Jon Goitia eta Javier Goitia anaiek. Aita Juanen lana jarraituz, jatorria gaztelaniari lotuta dutela esan ohi den eguneroko hitzetan sakondu dute, baita euskal zein kanpoko toponimian ere. Orain, Euskaren Jatorria elkarteak antolatuta, ikerlari bermeotarrek herritarrekin berbaldia egingo dute etzi [otsailak 5], 19:00etan, Gizarte eta Kultura Etxean. Javier Goitiak Euskerea erramintxa bezala: silaben balioa hitzaldia eskainiko du, eta Jon Goitiak, berriz, Euskerearen jatorria, anditasuna eta zabaltasuna jorratuko ditu.
Goitiarren ikerketaren abiapuntua beste askorena bezalakoa izan dela nabarmendu dute antolatzaileek, alegia, euskara ez dela soilik Pirinioen inguruan hitz egiten zen hizkuntza, baizik eta Europa zaharreko “antzinako substratua”: “Abeltzain-biltzaileak ginen garaitik geratzen den hizkuntza bakanetakoa da, asko aldatuta, eta beste hizkuntzetan substratu horretatik geratu diren hitzak ulertzeko giltza duena”. Adibide gisa ipini dute gaztelaniazko Hacha (aizkora) hitza , gaztelera hiztunentzat lan tresna soilik dena: “Guk badakigu atxa aitza ere badela, aizkorak egiteko lehen materiala”.
Hala, bermeotarrek euskarari eta euska kulturari egindako ekarpen nagusia euskarari, euskarazko toponimiari eta egunerokotasunean erabiltzen diren hitzei lotutakoa da, horiek ulertzeko “bestelako begirada” eskaintzen dutelako: “Euskaldunok geure buruaz jabetzeko lehendabizi gure hizkuntzak duen izugarrizko bizindarraz jabetu behar gara”,
Ikerlariek, bertoko mundu ikuskeraren mugak zabaldu nahi baldin badira euskararen mugak zabaldu behar direla uste dute, eta horretan ekinean aritu dira beraien ibilbidean zehar. Horretarako, bi anaiek hamaika liburu argitaratu dituzte, urte luzez egindako lanaren bilduma gisa: Jonek, esaterako, bost liburuz osatutako España es palabra vasca bilduma kaleratu zuen. Javierrek, ostera, El ADN del euskera en 1.500 particulas liburua eta 20 liburuxkaz osatutako Diccionario etimologico critico del castellano lanak argitaratu ditu. Horiez gain, hizkuntzaren arkeologiari lotutako Eukele bloga ere kudeatzen du.