Busturialdeko eta Usurbilgo euskaltzaleek 'matx' egin dute
Bermeoko Etxalak, Gernika-Lumoko Mobidu eta Usurbilgo Aztarrika taldeetako kideek Euskal Herrian Euskarazek antolatutako TindEHEr ekimenaren azken zitaren testigu izan ziren, eskualdea euskararen arnasgune izan daitekeela frogatzeko helburuz, Bermeon "giro itzela" sortuz.
Egun guztiko egitarauaz gozatu zuten.Etxalak, Mobidu eta Aztarrika taldeak. Busturialdeko gazte euskaltzaleek eta, bereziki, Bermeoko Etxalak eta Gernika-Lumoko Mobidu taldeek, Usurbilgo Aztarrika taldea hartu zuten zapatuan, Bermeon. Euskal Herrian Euskaraz taldeak antolatutako TindEHEr ekimenaren azkenengo zita izan zuten tarteko, helburu argiagaz: hala Bermeo, nola eskualdea euskararen arnasgune dela eta izan behar dela frogatzea.
‘Matx’ egin zuten hiru taldeek, alegia. Ze, egun osoko egitaraua izan zuten aukeran, denetariko ekintzekin, eta horietako bakoitzean euskara nagusitu zen, topaketaren helburuari eutsiz. Harremantzeko tartea ere izan zuten, bestalde; 150 lagun inguru bildu ziren Bermeoko Herriko Eskolako patioan, Kabidxe gune sozialean zein Bermeoko txoko guztietan.
Antolatzaileek, beraz, Busturialdeko gazte euskaltzaleen eta Usurbilgo gazte euskaltzaleen arteko zita horrekiko “balorazio positiboa” egin dute: “Eguraldia aldeko izan ez genuen arren, ondo atera zen dena. Jende aldetik harro gaude, herriko eskolako patioa ia guztiz bete genuelako. Bazkaria ere, arazoren bat tarteko izan arren, ondo atera zitzaigun. Eta, batez ere, garrantzitsuena: jendea pozik zegoen, eta euskara nagusi izan zen herrian”.

Argazkia: Etxalak, Mobidu eta Aztarrika taldeak.
Aurreikusitako ekintza guztiek izan zuten kutsu berezia, baina C2-a lortzeko erronka jolasa nabarmendu dute, horretan “taldeak nahastu” zituzteelako, eta horrek elkar ezagutzeko aukera ahalbidetu zielako. “Mobidu eta Etxalak taldeetako kide asko aurretiaz ezagutzen ginen, baina Aztarrika Gazte Asanbladako jendea ez genuen ezagutzen, eta guztion artean giro itzela sortu zen. Harreman onak egin genituen”, gaineratu dute.
Aipatutako hiru taldeetako kideez gain, Bermeotarrak bertaratu ziren noiz edo noiz, eta hori “aintzat hartzekoa” dela azpimarratu dute antolatzaileek: “Gaueko kontzertuetara bermeotar gazte zein ez hain gazte ugari hurbildu ziren gurekin bat egitera, eta hori oso garrantzitsua da”. Horri helduta, kontzertuetara bertaratu ziren horiei eskualdeetan antolatzen diren hurrengo topaketa zein ekimenetara hurbiltzeko deia zabaldu diete antolatzaileek.