Asier Urionabarrenetxea: "Gehienbat ahoz ahoko komunikazio bidez heltzen naiz erosleengana"
Bertoko eta sasoiko denetariko produktuak eskaintzen ditu Asier Urionabarrenetxea ekoizle markina-xemeindarrak.
Asier Urionabarrenetxea markina-xemeindarra 2022az geroztik ari da lehen sektorean lanean, bere proiektu propioan murgilduta. Hala, Ereñoko hilerritik hurbil dauka ortua, eta bere gurasoen aldizkako laguntzagaz, «denetariko produktuak» eskaintzen dizkie bere erosleei urte guztian zehar. Baserritik Gernikara proiektuaren parte da ekoizlea, eta proiektuak ate asko ireki zizkiola dio. Busturialdearentzako eta inguruko herrientzako beharrezko proiektua dela nabarmendu du, eta horren parte diren ekoizleen arteko tratu ona jarri du erdigunean.
Zelan eta noiz hasi zinen lehenengo sektorean lanean?
Duela hiru urte inguru hasi nintzen proiektu honetan lanean. Hori baino arinago, tabernetan lan egin izan dut beti. Gasteizen eduki nuen taberna bat. Baina beti izan dut mundu hau gustuko, nire gurasoak baserritarrak baitira. Etxetik datorkit. Beraz, horretara salto egitea erabaki nuen. Gasteiztik bueltatu nintzen, eta proiektu honekin hasteko asmoz, Lekeitioko negutegi batean lanean hasi nintzen, ikasteko.
Bertoko produktuak eskaintzen dituzu, ezta? Sasoikoak?
Hori da, bai, bertoko produktuak eta betikoak. Ohiko produktuak eskaintzen ditut, eta ahalik eta aniztasun gehien izaten saiatzen naiz. Hau da, ez naiz hiruzpalau produktu motetara bakarrik zuzentzen, aniztasuna izatea gustatzen zait, beti ere, sasoiaren arabera.
Zein produktu, adibidez?
Denetarik. Orain, negu aldian, espinaka, porrua, zerba, azalorea, brokolia, romaneskoa, baba eta ilarra aipatuko nituzke, esate baterako.
Zuk bakarrik egiten duzu lan?
Izatez bai, neurea da proiektu hau. Baina nire gurasoen laguntza asko izaten dut, eta eskertzekoa da. Ortuko lanaz gain, banaketa ere egin behar dudanez, ondo etortzen zait edozein laguntza.
Zelan heltzen zara zure erosleengana?
Gehienbat ahoz-ahoko komunikazio bidez heltzen naiz nire erosleengana. Sare sozialak izan baditut, baina ez ditut erabiltzen, eta webgunerik ere ez daukat. Ortua Ereñon daukat, baina Markina-Xemeinen bizi naiz. Gainera, tabernari izandakoa naizenez, jende askok ezagutzen nau herrian zein inguruetan, eta horretaz baliatzen naiz erosleengana heltzeko. Gernika-Lumoko eta inguruetako denda ekologiko desberdinetan saltzen dut normalean, eta eskola publikoetan ere bai, Allende Salazar Herri Ikastetxean, adibidez. Horrez gain, norbanakoei ere saltzen dizkiet produktuak, noski, baina gehienbat denda eta eskoletara eramaten ditut nire produktuak; beraz, astero erosle ia berberak izaten ditut.
Norbanakoengana ere heltzen zarela esan duzu. Zelan eskuratu daitezke zure produktuak?
Oso erraz. Niri idatziz, edo deituz; 618 20 55 36 da nire zenbakia. Hitz egin, eta eskatu!
Erosleekin zelako harremana daukazu?
Oso hurbilekoa da harremana. Nire eguneroko erosle guztiek ezagutzen naute eta guztiak ezagutzen ditut nik. Nik neuk egiten ditut banaketak, eta horrek tratua hurbilekoa izatea ahalbidetzen eta errazten du. Konfiantza sortzen da, eta hori oso garrantzitsua da lehenengo sektoreko langilea naizen heinean, ze, erosleak dena dira, eta beraz, eurekin sortzen den harremanak asko esaten du.
Baserritik Gernikara proiektuaren parte zara. Garrantzitsua da lehen sektoreko ekoizleen arteko sare bat edukitzea?
Bada, bai. Eta niri, Busturialdekoa ez izanik, ate asko zabaldu dizkit Baserritik Gernikara proiektuak. Eskualdean ezagutzera eraman nau, eta besoak zabalik hartu naute denek, eta hori eskertzekoa da. Inguruko ekoizleen arteko sare estu bat izateak lana errazten du, gainera; tratu itzela dugu gure artean, eta edozertarako laguntzen diogu elkarri.
Zelan baloratzen duzu, beraz, proiektua?
Positiboki baloratzen dut Baserritik Gernikara proiektua, zalantzarik gabe. Uste dut eskualdeari onura handia egiten diola eta oso beharrezkoa dela ekoizleon aterki den hurbileko proiektu bat izatea.