'A ze marroia' kanpaina Ibarragelura iritsi da
Hondakin organikoen birziklapenaren inguruko kontzientziazioa ardatz duen karabana Ibarrangeluko udal pilotalekura ailegatu da gaur [urtarrilak 30]. Aurrerantzean, Gernika-Lumotik nahiz Eatik ere pasatuko da.
Hondakin organikoen birziklapenaren esangura herritartzea eta haren inguruko kontzientziazioa piztea jomuga duen A ze marroia kanpainak Bizkaiko 30 udalerri bisitatuko ditu, eta gaur horietako hirugarrenaren txanda da: Ibarrangelu. Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbiker sozietate publikoaren bitartez, set ibiltaria prestatu du, lurraldeko ahalik eta herri gehienetara iritsi asmoz. Gaurkoan, karabanaren gidariak udal pilotalekuan egon dira egun osoan zehar, herritarrei birziklapena eta aisialdia bateragarriak direla erakutsiz.
Arduradunek aditzera eman dutenaren arabera, edukiontzi marroiaren erabileran ipini gura dute fokua: “Horrez gain, bestelako hondakinak botatzeko edukiontzia ere badugu —kortxoak edota zikindutako kutxak—, eta horren erabilerari buruzkoak ere azaltzen ditugu”. Jakintza dinamikoago egiteko, joko eta lehiaketak dituzte baliabide, batik bat, errealitate birtualdun betaurrekoak baliatuz: “Herritarrek, bereziki, gaztetxoenek modu ludikoan eta dibertigarrian ikastea gura dugu; horregaz batera, baita beren herrietako kaleetan edo kanpoaldean denbora bizi soziala bultzatzea ere”.
Bestalde, bai ostalariekin, bai hezkuntza zentroekin lan egitea aurreikusten dute: “Lehenengoei urrats edo informazio praktikoa ematea da xedea; bigarrenak ostera, aipatutako joko birtulekin hezi nahi ditugu”. Hilaren 23an eta 24an ekin zioten kanpainari, hurrenez hurren, Barakaldon eta Urduñan: “Lehenengoan ekimenak jarraipen handia eduki zuen, eta barakaldoztarrek interesa agertu zuten egitasmoarekiko. Urduñaren kasuan, jende gutxiago bertaratu zen, alde batetik, biztanleria apalagoa baitu eta, bestetik, sakabanatuago bizi baita”. Ildo horretatik, udalerri handi eta txikienen artean sumatzen dute “alderik”, Ibarrangeluri dagokionez, kasurako: “Tankerako herrietan, jende pila bat auzoetan bizi ohi da, sarritan herrigunetik bereizita; horrek zaildu egiten du herritarrak elkartzea”.
Aurrerantzean, bestalde, Busturialdera itzultzeko asmoa du A ze marroia karabanak: otsailaren 7an, Gernika-Lumon egongo da; maiatzaren 16an, aldiz, Ean. Horrenbestez, herritarrei parte hartzera animatzeko deialdia luzatu diete: “2030. urterako ezarritako gaikako bilketaren helburuei begira, hondakin organikoen bereizketa eta kudeaketa giltzarrietako bat izango da. Beraz, herritarren inplikazioa ezinbestekoa da”.