Txakurrak aske ibiltzeak hegazti migratzaileak arriskuan jartzen dituela ohartarazi dute
Urdaibai Bird Centerrek ohartarazi du Urdaibaiko hondartza eta paduretan txakurrak aske ibiltzeak arriskuan jartzen dituela hegazti migratzaileak, eta gogoratu du EAEko Ondare Naturala Babesteko Legeak debekatu egiten duela hori.
Txakurra hegaztien atzetik. Urdaibai Bird Center Busturialdean, asko dira paduretan eta hondartzetan aske ibiltzen diren txakurrak. Baina, herritar askorentzat keinu inuxentea den horrek ondorio larriak izaten ditu itsasadarrean bizi edo atseden hartzen duen faunarentzat, Urdaibai Bird Center interpretazio zentroak salatu duenez. Izan ere, askotan, txakurrentzat olgeta baino ez diren lasterketek ikaratu egiten dituzte hegaztiak, eta uxatu. Ondorioz, egokiagoak ez diren lekuetara joaten dira babes bila, edo, zuzenean, alde egiten dute paduretatik. Hori dela eta, txakurrak aske ibiltzeak arriskuak eragin ditzakeela ohartarazi du zentroak, eta gogoratu du hori debekatzen duela EAEko Ondare Naturala Babesteko Legeak.
“Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Itsasadarraren Eremua ingurune naturala baino askoz gehiago da; bertan bizi diren eta migratzen duten hegaztientzako santutegia da, eta horietako asko desagertzeko arriskuan daude. Milaka hegazti migratzailerentzako atseden-gune horrek gero eta mehatxu handiagoari egin behar dio aurre; gero eta txakur solte gehiago daude paduretan eta hondartzetan”, adierazi dute. Eta, 2000 Natura sareko espazioetan EAEko Ondare Naturala Babesteko Legeak betetzea bermatzeko eskatu dute, bereziki Urdaibaiko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan. Izan ere, lotuta egon behar dute eremu horretan, eta gogoratu dute araudi hori “nahitaez bete” behar dela, urte osoan, neguan edo udako hondartza denboraldian, eguneko edo gaueko orduetan, “hegaztiek ez dituztelako pertsonen ordutegiak edo aisialdiak ulertzen”.
Hegaztien zentroko kideek “beharrezkoa” ikusi dute biztanleei indarrean dagoen araudiari buruzko informazioa ematea, itsasadarraren eremura sartzeko guneetan kartelak eta seinaleztapen argi eta zehatzak jarriz. Ze, diotenez, aldundiak aurretik jarritako seinalean “bandalizatu” egin ziren. Hala, legea betetzeko “zaintza aktiboa” egitea ere eskatu dute.
Izan ere, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba hegaztien migrazio gunea da. Urte osoan 300 espezie baino gehiago pasatzen dira bertatik. Eta, debekua ez errespetatzeak 200 eta 3.000 euro arteko isuna ekar lezakeela gogoratu du Urdaibai Bird Centerrek. Gainera, debekua bete ez eta aske ibili den txakurrak kaltea eragiten badie beste animalia batzuei, 3.000 eta 200.000 eurora artekoa izan daiteke isuna.
Zentrokoek azaldu dutenez, Afrikatik Europa iparralderako bidean, milaka kilometro egiten dituzte hegazkiek: “Hezegunea atseden hartzeko, elikatzeko edo habiak egiteko gune gisa erabiltzen dute. Nekatuta eginda ailegatzen dira, eta egoera horretan txakur batek jarraitzeak falta duten energia ere gastatzea dakar, eta hilgarria izan daiteke”.
“Txakurrak bai, baina lotuta”.
Laida, San Antonio edo Kanala bezalako hondartzetan, San Kristobal bezalako dunetan edo estuario osoa Gernikaraino zeharkatzen duten paduretan txakurren eszena ugari mokozabal, limikola edo arrano arrantzalearen atzetik korrika erregistratu dituztela jakinarazi dute.
Hori bai, zentroak “argi” utzi nahi izan du bere jarrera “ez dagoela inola ere txakurren aurka”, ez eta pertsonekin ezartzen duten harreman afektibo eta sozialaren aurka ere: “Familia askoren eguneroko bizitzaren zati garrantzitsu gisa duten balioa aitortzen dugu, baita haien aisialdirako espazio egokien garrantzia ere. Hala ere, balio ekologiko handiko ingurune batean, Urdaibaiko Biosfera Erreserban, ezinbestekoa da muga argiak ezartzea. Paduretan eta hondartzetan txakur solteak egotea mehatxu zuzena da habitat horiek atseden hartzeko, elikatzeko edo ugaltzeko erabiltzen dituen hegaztientzat. Txakurrek beti egon behar dute lotuta babes bereziko eremu horietan, indarrean dagoen araudia betez eta nazioartean aitortutako natura-ondare bakarra kontserbatzeko erantzukizun partekatuarekin bat etorriz”.
Konponbide gisa, txakurrak arduraz zaindu behar direla esan dute, eta bi interesak bateragarri egiteko aukera ematen duten arauak errespetatu behar direla ere bai.