Lurrari lehengo moldez dei egingo diote muxikarrek
Urretxindorrako komunitateak oles kanten formatu inklusiboagoa sortu du, otsailaren 4an auzoz auzo kantuan ateratzeko. Asier Galarza Garai bertsolariak egin ditu abestuko dituzten koplen letrak. Udalak bat egin du eskolagaz.
Hurrengo eguaztenean [otsailak 4], Urretxindorrako ikasleak, lurrari neguko lozorrotik esnatzeko garaia ailegatu zaiola gogorarazteko, kantu kantari irtengo dira udalerriko auzuneetan barrena. “Lehengo ohiturak berreskuratzea” izango dute jomuga nagusi, eta, horrenbestez, ekimena Agate Deunaren tematikatik aldenduko da, Urretxindorrako zuzendaritzatik aditzera eman dutenaren arabera: “Lehengo jendearen sinesmenen gainetik, bestelakoak ezarriz joan ziren, hasierakoak ezkutatzeraino, eta elizaren ikuspegia nagusi eginez”.
Muxika “aniztasun handiko herria” dela nabarmenduta, azaldu dute elizarekiko atxikimendua “asko apaldu” dela, bestelako ohiturak edota sinesmenak dituen jendea herrira hurreratu ahala. Alde horretatik, “inklusioa arlo guztietan landu” gura dute: “Bai zentro barruan, bai kalean egiten ditugun denetariko jardueretan ere”. Ez hori bakarrik: “Interesgarria begitantzen zaigu ideia hai beste ikastetxeetara zabaltzea ere”. Usadio herrikoiari kutsu erlijiosoa kentzeko, muxikarrek beraien kopla sorta propioa baliatuko dute.
Kopla horiek, hain zuzen ere, Asier Galarza Garai herriko bertsolariak ondu ditu, eta estreinakoz kantatuko dituzte jendaurrean; Muxika Lurrari Deika izena ipini diote sortari. Kopla berriez gain, eskolako ikaslerik gaztetxoenek —Haur Hezkuntzakoek eta LH 1 zein 2koek— Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen Oles, oles kantua ere abestuko dutela aurreratu dute.
Testuei buruzkoak.
Letren egileak “oso pozarren” hartu zuen guraso elkartearen proposamena: “Batetik, muxikarra naizelako; bestetik, eskolatik igarotakoa izatearren. Pozarren hartu nuen gonbita, eskolari esker hasi bainintzen bertsotan eta, zelanbait, hari esker egin ahal izan baititut bertsook; beraz, zer edo zer bueltan emateko aukera edukitzea ederra da”. Koplak “desakralizatzea” bilatu du Galarzak: “Kutsu erlijiosoa beste itxura edo forma batengatik ordezkatu dut, baita egungo testuinguruari dagokion mezutxoren bat edo beste txertatu ere”.
Asier Galarza Garai: “Kutsu erlijiosoa beste itxura edo forma batengatik ordezkatu dut, baita egungo testuinguruari dagokion mezutxoren bat edo beste txertatu ere”
Doinuarekiko “fideltasunaz” ere mintzo da sortzailea: “Kopla zaharren hoskidetasuna, errimak eta soinua ahal bezainbeste errespetatu ditut, musika horren berezkotasunari eutsi asmoz”. Bere uztatik integraturiko mezuei dagokienez, “herriaren eta, oro har, komunitatearen esangura” plazaratu ditu muxikarrak: “Norbanakoaren gainetik, komunitatearen garrantziaz aritu naiz, mezu hori bat baitator muxikarren izaeragaz; espero dut herritarrek koplok bere egitea”.
Udalak bat egin du Urretxindorraren komunitateak eginiko proposamenagaz, eskola eta herria “eskutik joatea oinarrizko ezaugarria” den jakitun, batez ere, “herri txikietako eskola txikien” kasuan. Hala, udalak auzo batetik bestela lekualdatzeko autobusa ordainduko duela iragarri dute, eta, gainera, herritarren artean egitasmora biltzeko eta parte hartzeko deialdia luzatuko du: “Modu horretan, eskolako ikasleak auzoan agertzen direnean, herritarrak beraiekin batera kantatzera animatu daitezen”.
Herriari “emango” dizkioten kopla berriok “aurrerantzean gera daitezen” nahi dute, Galarzak eskolaren enkarguz eginagatik ere, “herriarenak” baitira. Beraz, koplen letrak auzo guztietan banatuko dituzte, herritarrak hformatu berrira moldatzen joan daitezen, doinua “ezaguna delako”: “Urtez urte otsailaren 4ko koplak kantatzeko erabili izan den berbera da”.
Ugarten ipini dute lehen kantaldirako hitzordua, 10:15ean
Eskola komunitatearen parte diren gurasoak ekimenaren partaide direla azaldu dute: “Auzo bakoitzera zein ordu ingurutan bertaratuko garen argitzeko informazioa herriko txokoetan ipiniko dute”. Ugarten ipini dute lehen hitzordua, 10:15ean. Ondoren, hurrenez hurren Gorozikara (10:45), Ibarrurira (11:15) eta Ariatzara (11:45) abiatuko dira. Azken hiru geltokiak Astelarra (12:00), Zubieta Errota (12:30) eta Kurtzero (12:45) izango dituzte.