Hondakin organikoak behar bezala bereiztea bultzatzen duen kanpaina Ibarrangelura ailegatuko da
Hondakin organikoak behar bezala bereiztea eta horiek edukiontzi marroian biltzea bultzatzen duen A ze marroia kanpainaren baitan kontzientziak piztea bilatzen duen karabana Ibarrangelura ailegatuko da barikuan (urtarrilak 30). 11:00etatik 18:00etara arte herriko pilotalekuan egongo da Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbiker sozietate publikoaren bitartez, prestatu duen set ibiltaria, eta, bertaratzen direnek hondakin organikoaren bereizketari eta kudeaketari buruz dituzten ezagutzak probatzeko aukera izango dute, horretarako lehiaketak bultzatuko baitituzte.
A ze marroia karabanak Bizkaiko 28 udalerri zeharkatuko ditu, izan ere, Ibarrangeluz aparte, Gernika-Lumo eta Ea ere zeharkatuko ditu, otsailaren 7an eta maiatzaren 16an, hurrenez hurren. Eta, herritarren ezagutza bultzatzeaz gain, edukiontzi marroia identifikatzeko eta ixteko udal asko ezartzen ari diren sistemei buruzko informazioa ere eskainiko dute, atxikitzeko prozesua erraztuz.
Kanpainaren baitan gazteak ere protagonista izango dira, 20 ikastetxe bisitatuko baitituzte, horietan errealitate birtualaren bidez jarduera dinamikoak aurrera eroanez eta txikitatik bereizketa egokia sustatzeko diseinatatutako prestakuntza lehiaketak eginez.
Bestalde, ostalaritza sektoreak sentsibilizazio ekintza espezifikoak ere izango ditu aukeran, eta establezimendu zein bezeroei zuzentzen zaien dibulgazio materiala banatuko dute. Gainera, kanpainaren osagarri izango dira sare sozialetako edukiak eta ekintzak.
Hori guztia hondakin organikoak errefusaren zati nabarmena izaten jarraitzen duelako prestatu dute, behar bezala bereiztea funtsezkoa dela iritzita. Izan ere, 2030erako ezarritako gaikako bilketaren helburuetarantz aurrera egiten jarraitzea bilatu gura dute antolatzaileek, baita lurraldeko hondakinak kudeatzeko sistemaren eraginkortasuna eta iraunkortasuna hobetzea ere.