Hezkuntza publikoaren arteko saretzea aurkeztuko dute
Eskualdeko eta Zornotzako bederatzi herri, eta horietako eskola eta guraso elkarteak batu, eta 'Danon Eskola Publikoa' sarea sortu dute, guraso elkarteen lankidetzari esker. Busturiko Ekoetxean aurkeztuko dute, zapatuan, 12:00etan.
Zornotzatik Bermeora bitarteko bederatzi herrik, 25 eskolak eta 13 guraso elkartek bat egin dute Danon Eskola Publikoa sarea sortzeko, eta horregaz hezkuntza publikoa indartzeko. Hala nola, eskualdeko hezkuntza-komunitatearen historian abiapuntu bat da saretzea, esan dutenez, eta zapatuan [urtarrilak 31] aurkeztuko dute, Busturiko Ekoetxean, 12:00etan. Ekitaldiak “babes zabal eta instituzionala” izango du; besteak beste, guraso elkarteen ordezkariak, bederatzi udaletako udal ordezkariak eta eskualdeko hezkuntza ordezkariak han izango dira.
Izan ere, Zornotza, Muxika, Gernika-Lumo, Arratzu, Gautegiz Arteaga, Natxitua, Busturia, Mundaka eta Bermeoko eskola eta zentro publikoak hartu dute saretzean parte. “Haur eskoletatik hasi eta institutuetarainoko zentroak izango dira horren parte, Lanbide Heziketa, EPA eta musika eskolak barne”, gaineratu dute.
Proiektua guraso elkarte desberdinen lankidetzatik jaio dela nabarmendu dute: “Gurasoen borondatetik, ilusioetatik eta konpromiso solidariotik jaio da saretzea”. Publikoaz harro daude, eta harrotasun hori lau haizetara ikusarazi eta zabaldu nahi dute. Horretarako, aurkeztuko duten sare hori bost baloretan oinarritzen dela zehaztu dute: Inklusioa eta Aukera Berdintasuna, Ekitatea eta Justizia Soziala, Kalitatezko Hezkuntza Profesionala, Demokrazia eta Parte-hartzea, eta azkenik, Euskalduna eta Gertukoa.
Proiektuak “nortasun kolektibo bat” ematen diotela diote; bakoitzaren berezitasunetik abiatuta, talde bat izatearen babesa, hain zuzen. Gauzak horrela, pertenentzia sentimendua gogorarazi dute: “Eskola bakoitza bere bidetik ibili beharrean, denok proiektu handiago baten parte garela sentitu nahi dugu, eta saretze honek babesa eta indar kolektiboa ematen digu guri, zein familiei”.
Marka propioa eta irudi berria sortuko dute Danon Eskola Publikoa sarea sortzeagaz batera, “komunitatearen aniztasuna eta batasuna ordezkatzeko” helburuari eutsiz, eta esperantzadun mezua ere zabaldu dute, beregain: “Batera indartsuagoak garelako, eskola publikoa elkarlanean saretzen dugu. Gure eskolak saretuz, ez dugu soilik hezkuntza babesten; gure herrien etorkizuna eta arnasa ehuntzen ari gara”.