Hezeguneen garrantzia balioan jartzeko mundu eguna ospatuko dute
Hezeguneen Mundu Egunean batuko dira Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren domekan (otsailak 1), hegaztiei eraztunak jarri eta hezeguneek duten garrantzian sakontzeko.
Domekan [otsailak 1] ospatzen da Hezeguneen Mundu Eguna, eta hegaztien migrazio ibilbideko naturguneetan egiten den legez, Urdaibai Bird Centerrek ere bat egingo du hitzorduagaz. Hala, hegaztien zentroko sarrera doakoa izango da 11:00etatik 17:00etara bitartean, eta eraztunketa zientifikoaren jardunaldi bat ere egingo dute, 10:00etatik 12:00etara, eguraldiak lagunduz gero. Ez da beharrezkoa erreserba egitea, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Izan ere, nazioarteko egun hori hezeguneen ezagutza eta kontserbazioa maila lokaletik nazioartekorenera zabaltzeko momentua izaten da, eta, aurten, hezeguneen eta komunitateen kultura praktiken arteko loturan jarriko dute arreta, tradizioen eta ezagutza-sistemen arteko loturan sakonduz. Ze, hezeguneetako ekosistemak mantentzeko eta kultura nortasuna zaintzeko ezagutza-tradizionalek denboraz kanpo duten zeregina nabarmendu nahi dute aurten, munduko hezeguneen ia %90 degradatu egin delako 18. mendetik aurrera, eta basoak baino hiru aldiz azkarrago galtzen ari direlako. “Hala, elkarregaz bat eginez gero, hezeguneak kontserbatu eta lehengoratzeko ekintzak sustatu ditzakegu”, esan dute, etorkizuneko belaunaldiek habitat zoragarri horez eta bertan bizi den faunaz gozatzeko aukera izan dezaten. Hegaztien zentrokoek gogoratu dutenez, historian zein egungo kultura askotan, padurak bizi emaile gisa gurtu izan dituzte herritarrek.
Gaur egun, hezeguneak dira hegaztientzako aterpe segurua, eta Urdabaiko hezeguneak babes hori eskaintzen die neguan. Hala, milaka hegazti bertaratu dira. Zortzi flamingoek lasai jarraitzen dute Oruetan, eta beraiekin negua apsatzen ari dira, besteren artean, ahate txistulariak, zertzetak eta ahate buztanluzeak. Arratsaldero, 2oo koartza itzain baino gehiago itzultzen dira padurara, “gogokoen duten zugaitzean atseden hartzera”. Zentroko kideek esan dutenez, ubarroiak ere arrantzara ateratzen dira eta hegaberak beraien koloreekin paisaia zipriztintzen dute: “Neguko paradisu honetan bizi diren altxorren zerrenda luzea da benetan”.
Hala ere, hegaztiei eta basafaunari ez ezik, gizakiek ere hezeguneetako habitat horien onurak jasotzen dituztela adierazi dute hegaztien zentrokoek, eta hori zaindu behar dela nabarmendu dute: “Gazteak edo helduak izan, hezegune batean egoteak naturarekin lotzen gaitu. Pertenentzia zentzua ematen digu eta iraganarekin lotzen gaitu. Biosfera Erreserbaren bihotzean, Urdabaiko hezegunea euskal kulturaren eta nortasunaren parte da”.