Zaintzari buruzko topaketak, modu desberdinean
Haur zein helduentzako topaketak antolatu dituzte Eskolondon, asteburuan. Zaintza oinarri, Leire Mesa artistak zuzenduko ditu topkatetak, hausnarketak artearekin uztartuz.
Leire Mesak orain arte egindako Zaintzari buruzko tailerretako argazki bat.Leire Mesa Zaintzari buruzko topaketak antolatu dituzte Ean, asteburuan, haur zein helduentzat. Hala nola, barikuan eta zapatuan jarri dituzte hitzorduak: barikuan (urtarrilak 30) 30 eta 108 urte bitarteko helduentzat zuzendutako topaketa burutuko da, 18:00etatik aurrera; zapatuan (urtarrilak 31), berriz, 4 eta 10 urte bitarteko haurren txanda izango da, 10:30eatik aurrera.
Leire Mesa artistaren Desberdintasunaren Laztanak proiektu berrian oinarrituko dira topaketak, zehaztu dutenez. Izan ere, Cie. Leire Mesa Zirku Konpainiak aurkeztu du proiektua, eta aurreratu dute zaintzaren gaia “sakon” hausnartzen dela horretan, modu desberdinean.
Proiektua bi zatitan banatzen da. Alde batetik, haurtzaro, zahartzaro eta mendekotasun egoeretako zaintzaren gaia jorratzen du Mesak, zirku eta musika tradizionalez baliatutako ikuskizun bat sortuz. Aditzera eman duenez, “publiko guztiei zuzendutako ikuskizuna” izan ohi da. Hori oinarritzat izanik, proiektuaren bigarren zatia “publikoarentzat irekitako tailerrak” antolatzean datzala nabarmendu dute, non zaintzari buruzko elkarrizketa eta hausnarketak sortu, denbora partekatu, ideiak partekatu edota jolasak egin daitezkeen.
Gauzak horrela, Ea proiektu horren eszenatoki bihurtuko da asteburuan. “Proposamena Eskolondon biltzea eta kafe edo te une bat partekatzea da”, gaineratu dute. Ez ohiko moduan, baina: trapezioa, telak eta kulunka-aulkia izango dira nagusi hausnarketa horretan, ze, Mesaren proposamena kafe-une horretan trapezioan, aireko teletan edo topaketetarako bertaratuko duen kulunka-alkian igotzeko edo zintzilikatzeko aukera ere egongo da.
Hortik aurrera, azaldu dute, “elkarrizketak, denbora eta jarduera desberdinak” partekatuko dituztela bertaratzen direnen artean: “Eta, zelan ez, guztion istorioek ahotsa izan dezaten utziko dugu”. Bestalde, prozesua dokumentatu nahi du artistak, euren baimena ematen duten parte-hartzaileen istorio, aitorpen edo hausnarketetako batzuk azken emanaldirako off-ahots gisa baliatuz.
Topaketak doakoak izango direla gogoratu du Mesak, eta zaintza den gai garrantzitsu eta zabal baten informazioa modu desberdinean eta artistikoan partekatzera animatzeko deia ere zabaldu du, beregain.