Urdaibai Renteriak Euskal Ligara igoera lortu du
Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea. Urdaibai Eskubaloi Taldeak txapelketaz josirik asteburu bete-betea eduki du. Emakumezko kadeteek eta emakumezko zein gizonezko gazteek Euskal Ligarako igoera jokatu dute Andoainen, Eibarren eta Bermeon. Jokatu ez ezik, kadeteen Urdaibai Renteria taldeak maila igoera ere lortu du.
Kadeteena, Andoainen jokatutakoa, igoera fase “gogorra eta landua” izan dela azaldu dute. Barikuan, 29 eta 24 gailendu ziren, Muskiz moduko arerio “lehiakorraren” kontra. Zapatuan, puntu bakarragatik, 37 eta 36, galdu zuten bigarren partidua, Bera Beraren aurkakoa. Domekan, etxeko talde Leizaran 29 eta 28 menperatu zuten. Horrenbestez, aurrerantzean Euskal Ligaren azken fasea jokatuko dute, alegia, kategoria bat gorago eta Euskal Herriko “hamabi talderik puntakoenen artean” arituko dira. “Etorkizunerako urrats oso baliagarria” izan da igoera, azaldu dutenez, eta lantaldea maila berriaren eskakizunetara “egokitu” beharko da orain.
Emakumezko gazteen taldeak, Urdaibai Lurunak, Eibarren jokatu zuten igoera kanporaketa. Bera Beraren, “Euskal Ligako talde baten”, aurka 33 eta 20 galdu zuten; Berangok aurka, aldiz, 36 eta 25 garaitu zituzten; azken lehian, 26 eta 32 irabazi zien Eibarrek. Morala altxatzeko aukera edukiko dute, edozelan ere: “Bizkaiko Kopa lehiatzen hasiko gara orain; finalera heltzea eta garaipenaren borrokan ibiltzea espero dugu”. Gazte mailako gizonezkoek, AUG Urdaibaik, Arene kiroldegian jokatu zuten igoera, baina ezin izan zuten lortu, “oso lehiakor” azalduagatik ere. Salleko 37 eta 30 menpean hartuz abiatu zuten asteburua. Zapatuan, “etenik gabeko borroka latzaren” ostean, 31 eta 30 irabazi zioten Usurbili. Domekan, baina, Eibarrek 26 eta 37 irabazi zion eskualdeko taldeari. Partiduz partidu bizi izan dute asteburua bai Urdaibai ETko kideek, bai jarraitzaileek. Era berean, “erakutsitako jarreraz oso harro” agertu dira.