Neguko ohituren inguruan dantzatuko dute Elai Alai dantzari taldekoek
Urtero legez, inauterietako zapatu iluntzean (otsailak 14) Euskal Herriko inauteri bat egingo dute kalerik kale, eta aurten, 'Berako Artzainak eta Iñudeak' dantzatuko dituzte, baina berezitasun handi batekin: herri deialdia egin dute gernika-lumotarrek eurekin parte hartzeko.
2002an dantzatu zuten Elai Alai dantzari taldekoek 'Artzainak eta iñudeak'.Elai Alai dantzari taldea Kandelerio, txitxiburduntzi, eguen zuri, inauteriak… asko dira neguko ohituren inguruan antolatzen diren jaiak. Eta, horietan, jai giroa bultzatzen eta dantzan aritzen dira Gernika-Lumoko Elai Alai dantzari taldeko kideak. Hala, neguko ohituren agenda aurkeztu dute, eta otsailaren 2tik 14ra bitartean lau hitzordu zehaztu dituzte: kandelerio otsailaren 2an, txitxiburduntzi otsailaren 8an, eguen zuri otsailaren 12an eta inauteriak otsailaren 14an.
Hala ere, herritarrekin aurretik ere batuko dira. Izan ere, urtero legez, inauterietako zapatu iluntzean (otsailak 14) Euskal Herriko inauteri bat egiten dute kalerik kale, eta aurten, Berako Artzainak eta Iñudeak dantzatuko dituzte, baina berezitasun handi batekin datoz aurten: herri deialdia egin dute gernika-lumotarrek eurkein parte hartzeko eta udalerriko kaleak euskal kulturaz betetzeko.
Horretarako, hiru entsegu zehaztu dituzte, hurrengo hiru barikuetan: urtarrilaren 30ean, otsailaren 6an eta 13an, 19:30etik 20:00etara bitartean, Pasealekuko frontoiko lokalean. Zehaztu dutenez, edonor anima daiteke, neska, mutil, gazte zein heldu: “Guztiek ateak zabalik izango dituzte”.
Domekan (otsailak 15), aldiz, Gernika-Lumoko marroak —koloredunak baserrikoak, alegia Lumokoak; eta, zuri beltzak urikoak, hau da Gernikakoak— aterako dira kalera, kalez kale dantza herrikoiak egitera. Eta, ekitaldi horretara gerturatzeko deia ere egin diete herritarrei, Gernika-Lumon ere badaudela herriko inauteri propioak azpimarratuta.