Loria eta odola: moreak, finalera; Barandika, ebakuntza gelara
Xabier Barandika eta Thibault Basque Eusko Label Winter Seriesen final handian egongo dira. Finalaurrekoen ligaxkan Alex Goitia eta Unai Lekerika garaitu dituzte, kostada bada ere: Barandikak min hartu du, eta olekranona apurtu.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Eusko Label Winter Seriesen finalerako autobideak bidesari handia du. Izerdia eta, maiz, odola dira finalak ordainetan eskatzen dituenak. Hori sobera daki Xabier Barandika gernika-lumotarrak. Thibault Basque bidartarragaz batera, bere sorterriko eta hazten ikusi duen frontoiko txapelketa nagusiaren finalera sailkatu zen atzo [urtarrilak 26], baina ospitalean bukatuta: bere herrikide eta lagun Unai Lekerikaren bikotekide Alex Goitia markina-xemeindarraren pilotakada bortitza jaso zuen ukondoan. Gaur [urtarrilak 27] adierazi dute aurrelariak ezker olekranon edo ukondo punta apurtua duela, eta ebakuntza gelatik pasatu beharko dela.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarren finala izango du Barandikak; estreinakoa, Basquek. Asteleheneko lehen setean jaun eta jabe izan ziren moreak, hasi eta buka. Bikote berdeari asko kostatu zitzaion jokoari neurria hartzea: Goitiak eta Lekerikak aurkarien material aldaketak pairatu zituzten, besteak beste. Izan ere, Barandikak eta Basquek behin eta berriro aldatu zituzten pilotak, hala, berotu ez zitezen. Lapurtarrak erabateko dominantzia kantxaratu zuen defentsan, baina gai izan zen errebeskadekin aurkariak behartzeko eta, era berean, Barandikari erremateetarako abagune egokiak sortzeko. Esan eta egin. Gernika-lumotarrak zazpi jokaldi biribildu zituen lehen jokoan: horma bitara, dejadaz, errebotez, txapa gainean maisuki moztutako bi edota arerio bien artean doi-doi jarritako pilotadaka bat. Hutsegiteak, ostera, oso gutxi izan zituen. Berdeak, aldiz, erritmoz eta jokoz kanpo aritu ziren uneoro, kantxan beren espazioa topatu ezinik. 15 eta 6ko markagailuagaz burutu zituzten lanak.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Espazio hura bigarren setean iritsi zitzaien. Goitiak eta Lekerikak tantoak egiteko bidea aurkitu zuten. Aurrelariaren esplosibotasunak eta atzelariaren eskumakadek ezin hobeto uztartu zuten bikote berdeari gehien interesatzen zitzaion jokoa, egoera iraultzeko beharrezkoa. Goitia bizkor aritu zen, eta errestoan zein erreboteetan eraginkor. Hala, atsedenaldira 6 eta 8 aurrea hartuta iritsi ziren. Orduan berreskuratu zituzten moreek lehen seteko sentsazioak, eta lau tanto erreskadan egin; hamarna berdindu ondoren, 12 eta 10 aurreratu ziren markagailuan. Lekerika arduratu zen berriro hamabina berdintzeaz.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Une hartan heldu zen ezbeharra. Goitiaren pilotakada jaso ostean, Barandika aldageletara erretiratu behar izan zen, baina, minutu batzuen buruan, kantxara bueltatzeko eta finalaurrekoa amaitzeko gai izan zen. Elastikoa odolez zikinduta eta ohorea xisteran, gernika-lumotarra bera izan zen partidua seta eta partida biribiltzeko tantoa egin zuena. Ez zuen ospatu 15 eta 14koa, pilotakadetako bakoitza kolpea izan baitzen aurrelariarentzat. Finalera erabateko merezimenduz sailkatu dira hura eta Basque, baina ikusteko dago finalerdiko kolpeak utziko dion fakturaren zenbatekoa izan izango ote den. Eraman Jai Alaitik argitu dute oraindik ez daukatela errekuperaziorako denbora tarterik zehazterik, eta Barandika mediku zein espezialistekin “lanean” ari dela. Era berean, ez dute aurreratu finala dataz aldatuko litzatekeen ala ez, Barandika otsailaren 15eko hitzordura sasoiz iritsiko ez balitz.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Sailkapenari dagokionez, gainontzeko hiru bikoteek oraindik bizirik diraute, finalaurrekoen ligaxka amaitzeko partidu biren faltan. Barandik eta Basque lidergo postuan daude, zazpi puntugaz. Beraien atzetik, Johan eta Gorka Sorozabal anaia miarriztarrek lau puntu dituzte; Goitiak eta Lekerikak, hiru puntu; azkenik, Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Imanol Lopez zumairrak, puntu bi. Datorren astelehenean [otsailak 2], atzoko galtzailee sorozabaldarrak izango dituzte aurrez aurre. 2 eta 1ekoagaz amaituz gero, Urreisti eta Lopez oraindik aukerekin egongo lirateke; berdinketa kasuan, bikote berdeak tantoen batez bestekoa ez du alde.
Thibault Basque: “Barandikaren ezustekoak partiduaren azken txanpa baldintzatu duenez, ardura hartzea eta hutsik ez egitea izan da nire jomuga”
Partiduaren ondoren, Basquek bikote modura “hazten” dabiltzala azpimarratu zuen. Barandikaren ezustekoak partiduaren azken txanpa “baldintzatu” zuenez, bidartarraren jomuga azken tantoetan “ardura hartzea eta hutsik ez egitea” izan zen. Alde horretatik, kantxan “geroz eta hobeto” sentitzen ari da Basque: “Defentsa lana, pilota gaitzak eroatea, ondo ateratzen ari zait; horixe da neure bertutea. Modu horretan, Barandikari errematatzeko egoerak sorrarazten dizkiot. Finalari begira, joko horregaz min handia egin dezakegu”.