"Guggenheim museoa Urdaibain handitzeari, ez; eskualdearen garapenari, bai"
Iazko urte hasieran abiatu zuen Agirre Lehendakaria Center ikerketa guneak Urdaibaiko Guggenheim museoari buruzko entzute prozesua. 949 elkarrizketa egin dituzte, eta erakundeek eskualdearen garapenerako baliatu nahi dituzte entzute prozesuaren ondorioak.
Guggenheim museoa Urdaibain handitzeko proiektua “behin betiko” geldituko zutela jakinarazi eta hilebetera aurkeztu zituen atzo (urtarrilak 26) Agirre Lehendakaria Center ikerketa zentroak iazko urte hasieran abiatu zuen Urdaibaiko Guggenheim museoari buruzko entzute prozesuaren emaitzak. Eta, 949 herritar elkarrizketatu ostean —1.002 narratiba jaso dituzte, elkarrizketatu batzuekin berriro hitzordua egin baitzuten museoaren proiektua bertan behera geratzen zela jakitean—, eskualdeari buruzko kezkek bete dute ikerketako lehen lerroa.
Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendariak eta Itziar Moreno zuzendari albokoak eman zituzten ikerketari buruzko xehetasun tekniko eta metodologikoak herenegun, eta horien balorazio politikoa egin zuten Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. “Museoa Urdaibain handitzeari, ez; baina eskualdearen garapenari, bai”. Berba horiek laburbil dezaketela ikerketaren ondorio nagusia azaldu zuen Bengoetxeak. Eta, ondorioz, eskualdean martxan duten Busturialdea-Urdaibairako plan estrategikoaren bidea jarraitu behar zela berretsi zuen.
Guztira, hamar hilabete iraun ditu Agirre Lehendakaria Centerrek gidatutako prozesuak, eta denbora horretan zazpi kontraste saio egin dituzte, emaitzak bermatzeko. Eta, ikerketari eskainitako bi eguneko nazioarteko kongresu zientifikoa ere egin zuten abenduan. Ikerlariek gogoratu dute azterketa kualitatiboa izan dela, eta ezinezkoa dela ondorio kuantitatiborik ateratzea.
Museoaren proiektuari buruzko diskurtsoen prebalentzia ikertu dute, eta bost narratiba nagusi bildu dituzte herritarrengandik jasotako erantzunetan. Museoaren proiektuaren aurkakoak dira bi, baina museoaren aldeko bat ere badago. Hala ere, badaude beste bi: informazio eza nabarmentzen dutenena, eta euren iritziak ez duela axola iruditzen zaienena. “Guggenheim museoa Urdaibaira zabaltzearen aurkakotasuna erakusten du lehen narratibak; handitzearen aurka baina eskualdearen garapenaz hitz egiteko prestutasuna islatzen du bigarrenak; museoaren aldekotasuna hirugarrenak, zerbait egin behar delako ustean; eta, informazio nahikorik eza erakusten du laugarrenak; ordea, beraien iritziak gauzak aldatuko ez dituela uste dutenen jarrera da bosgarrenak jasotzen du”, azaldu zuten ikerlariek. Hala, baina, prozesuak aurrera egin ahala, prebalentzia bigarren patroira aldatu dela azaldu zuten: “Gaur egun patroi hori da esanguratsuean. Ezetza adierazten dio museoaren proiektuari, baina eztabaidaren grabitate zentroa eskualdeko garapen eredura eramaten du”.
Laugarren narratibak islatzen duen “gardentasun” faltari buruz, Etxanobek hori “hobekuntza elementu” bezala ulertzen du: “Gardentasun eta informazio falta egon denaren pertzepzioa jasotzen du ikerketak. Ikaskuntza baliotsua da eta hobekuntza elementu bat identifikatzen du erantzukizun publikoa daukagun erakunde eta pertsonentzat. Denbora eta ahalegin gehiago eskaini behar zaio gure lurralde proposamena partekatzeari, herritarrek esaten duguna kontrastatu, interpretatu eta egiaztatu ahal izateko. Gu saiatu gara informazio hori ematen, baina txostenak jasotzen du jendeari ez zaiola nahikoa behar bestekoa iruditu. Autokritika bat baino gehiago, ikasteko aukera bat da, agian hurrengoetarako beste era batean egin daitezkeelako gauzak”.
Ahaldun nagusiak, baina, ikerketak jasotzen duen beste puntu bat nabarmendu zuen, “Busturialdean ere ordezkaritza arrakalak” daudela erakusten duen narratibarena: “Lurralde arrakala dago herri handien eta txikienen artean, baita itsasadarraren eskuin eta ezkerraldearen artean ere. Horrek desberdintasun pertzepzioak eragiten ditu enplegu aukerei, zerbitzu publikoetarako sarbideari edo kulturaz eta inguru naturalaz gozatzeari buruz”. Arrakala horiek ixtea erantzukizun kolektiboa dela esan zuen, baita bere egiten zuela hori ere.
“Desadostasunak eta adostasunak”.
Edonola ere, museoaren aldeko zein aurkako ildoek erakutsi egiten dute eskualdeak garapena behar duela. Izan ere, patroi horiek ez dutela museoari buruzko jarrera soilik erakusten gehitu zuten ikerlariek, “garapena, gorbernantza, parte hartzea eta identitatea” ulertzeko modu desberdinak ere ageri direla nabarmenduta: “Entzute prozesuak proiektu hau ikusteko modu desberdinak argitara ateratzea ahalbidetzen du. Ez dago ikusteko modu bakarra eta ñabardura asko daude. Zuri beltzeko argazki baten aurrean, koloretako argazki eta irudi asko ditugu orain, ikuspegi aberatsagoa eta konplexuagoa ematen digutenak”.
Hain zuzen ere, desberdintasunak egon arren, “adostasun handiak” ere badaudela esan zuten Agirre Lehendakaria Centerreko ordezkariek. Jaso diren narrazioen arabera, inork ez du zalantzan jartzen Busturialdea-Urdaibairen babesa eta garapen sozio-ekonomikoa uztartzeko beharra, ezta biosferaren erreserbaren testuingurua ere. “Inork ez du zalantzan jartzen ingurugiroarekiko babesa eta eskualdearen garapen sozio-ekonomikoa edo Biosferaren Erreserbaren markoa errespetatzeko beharra. Nazioarteko mintegian egiaztatu zenez, ez daude horren adostasun zabalak sortzen dituzten antzeko gatazka asko. Museoa eztabaidaren zati garrantzitsu bat da, baina entzute prozesuak begirada zabaltzera eta eskualdean giza garapen jasangarria bultzatzen jarraitzeko erornka eta aukeretan arreta jartzera gonbidatzen gaitu”.
Etorkizunari begiratzeko bide horretan, ikerlariek ondorioztatu zuten egokia litzatekeela migratutako pertsonen narratibari begiratzea, baita beste kolektibo bazuek eskualdearen garapenari eta Euskal Herri osoan landu beharreko trantsizioei buruzko eztabaidan parte hartzeko eta aitortzarako mekanismo espezifikoak aztertzea ere. Izan ere, ikerlariek uste dute entzute prozesuak aukera eman duela etorkizuneko agertoki bat ikusteko, “non eskualde osoak irabazten duen”.
Eta orain zer?
Ikerlanean jasotako narratibek egungo plan estrategikoa indartzea eskatzen dutela ondorioztatu zuten Agirre Lehendakaria Centerreko kideek, “dagoeneko konprometituta dauden azpiegituretan egin beharreko inbertsioak osatzeko ekimen berriekin. Diotenez, ekimen horiek entzute prozesuan jasotako tematikak jorratu beharko lituzkete: etxebizitza, garraoia, kultura, enplegua, turismoa, kultura eta ekologia, arlo jakin batean ahalegin guztiak jarri beharrean: “Plan estrategikoa ezartzeko eskualdeko eragileen arteko elkarrizketa prozesuak zehaztuko du zeintzuk sustatu beharko diren etorkizunean eta zeintzuk baztertu”.
Hain zuen ere, ikerketan jasotakoek dagoen plan estrategikoa “indartu, osatu eta aurreratzeko ikuspegi kualitatiboa” eskaintzen duela nabarmendu zuen Bengoetxeak, hiru maila nabarmenduta: “Txostenak ez du ibilbide orri berririk edo berrikuntza nabarmenik proposatzen. Baina zer egin beharreko horiei buruzko egokitzapena hiru mailatan zehazten ditu: alde batetik, jada martxan dauden lan ildoak berresten ditu, bereziki garapen sozioekonomikoa, kalitatezko enplegua eta Lanbide Heziketa oinarri dituztenak; bestetik, kezka berriak azaleratzen ditu, turismoaren inpaktuei lotutakoak bereziki, eta tartean daude etxebizitza lortzeko aukera edo gizarte kohesioa; eta, azkenik, gobernantza koleboratiboa eta lurraldeko eragileen parte hartze jarraitua azpimarratzen ditu, garapen agentzia bat sortzeko idea aurreikusiz”. Izan ere, aztertu beharreko “elementu berriak” ekartzen dizkiela adierazi zuen, “plan estrategikoaren gobernantza kolaboratiboaren aldeko apustuarekin bat datorrena”.
Etxanobek plana “bizia” dela eta “elkarlanean garatzen” dela gogoratu zuen, azterketa horretan jasotakoa plan estrategikoaren talde motorrari jakinaraziko diotela esanda, “horiek ikerketan jasotakoa ebaluatzeko eta planean jasotzen diren 13 ildo estrategikoak hobetzeko”. Izan ere, prozesuak ikaskuntza argiak utzi dizkiela uste du: “Informazio garden eta partekatuago baten garrantzia edota desafekzioa sortzen duten lurralde eta gizarte arrakalei erantzuteko premia. Prozesuak gako baliotsuak ematen dizkigu aurrera egiten jarratzeko, eskualdea bultzatzeko eta lurralde kohesioa indartzeko. Txostenean jaso diren iritzi guztiak baliozkoak dira eta instituzioei kontu hartzea eskatzen digu. Kritikak aberasgarriak dira eta uste dut ahalbidetzen gaituela etorkizunean gauzak hobetzeko. Orain, honek patxadazko hausnaketa bat eskatzen du”.
Bengoetxeak gehitu du prozesu honen bidez “gauzak egiteko era desberdin” bat lortu dutela, “ekarpenez betetakoa: “Informazio zehatza eta kualitatiboa jaso dugu, normalean izaten ez duguna erabakiak hartzerkoan. Erronka orain da zelan ekin eskualdeak egin behar duen erronka sozioekonomikoaren alde, eta ze rol edo ze modutan bakoitzak jokatu dezakeen etorkizun bateratu bat sortzen”.