Babesleku Klimatikoen Sarea definitzeko parte hartze prozesuaren ondorioak aurkeztuko dituzte
Babesleku Klimatikoen Sarea sortzeko parte hartze prozesua abiatu zuen Gernika-Lumoko Udalak, bero boladetan espazio fresko, seguru eta irisgarriak eskaintzeko asmoz, eta prozesuaren ondorioak aurkeztuko ditu otsailaren 3an (martitzena), Elai Alai areto txikian.
Gernika-Lumoko babesleku klimatikoen diseinua behin betiko fasean sartuko da. Udaleko ingurumen arloak otsailaren 3an (martitzena) aurkeztuko du Babesleku Klimatikoen Sarea definitzeko gauzatu duen parte hartze prozesuaren ondorioak, 18:00etan, Elai Alai areto txikian. Sare hori, aurreikuspenen arabera, gero eta ohikoagoak diren bero boladetan espazio fresko, seguru eta irisgarriak eskaintzeko pentsatutako azpiegitura da.
Zehaztu dutenez, aurkezpenean, entzute prozesutik zehaztapenetarako urratsa emango da. Izan ere, dokumentu teknikoaz gain, klima egokitzapena herri bizitzaren erdigunean jartzen duen prozesu kolektibo baten emaitza ere aurkeztuko dute. Ze, azken hilabeteetan, udalak ekarpenak bildu ditu udal teknikariekin eta tokiko eragileekin aurrez aurreko topaketak eginez, baita online gauzatu den herritarrei zabaldutako inkesta baten bidez ere. Lan horretatik ondorioztatu dituzte sarearen azken diseinua bideratuko duten lan ildoak, espazioak kokatze hutsetik harago doazen irizpideekin. Eta, horiek, hainbat gairi erantzuten diete, hala nola irisgarritasunari, erabilerari edo hrritarrentzako informazioari.
Ekimena Gernika-Lumoko klima aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko plan integratuaren barruan dago, eta Urban Klima 2025 programaren parte da. Programa hori Ihobek koordinatzen du eta Europar Batasunak babesten du, eta tokiko berrogei jarduketa bultzatzen ditu, “berotze globalaren ondorioei aurrea hartzeko”.
Izan ere, diotenez, Babesleku Klimatikoen Sareak azpiegitura puntala baino gehiago, eguneroko babes tresna bihurtu nahi du, bereziki pertsona kalteberentzat.