Zientzia eta kontzientziazioa, zaborrak ozeanoetara iritsi ez daitezen
Ingurumen Hezkuntzaren Munduko Egunez [urtarrilak 26], Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josu Bilbao Begoñak BBK Klimaren instalazioak bisitatu ditu, itsasoko eta ibaiertzetako zaborren arazoari irtenbidea bilatzea helburu duen Ulysses Experience dibulgazio proposamena bertatik bertara ezagutzeko.
Ingurumen Hezkuntzaren Munduko Egunarekin bat eginda, Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak Busturiko BBK Klimaren instalazioak bisitatu ditu, Bizkaiko Golkoko itsas hondakinen mugimenduak monitorizatzeko eta arazo horri konponbideak bilatzea helburu duen Ulysses Data for Science proiektu zientifikoaren barneko Ulysses Experience dibulgazio proposamena bertatik bertara ezagutzeko. Proiektuak itsasoko eta ibaiertzetako zaborren arazoari irtenbidea bilatzea du helburu, eta horretarako, beharrezko datu guztiak jaso eta biltzen ditu, hondakinak itsasora heldu eta bertan agertzea eragozteko estrategia globala diseinatu asmoz. Sailburuordeak instalazioetatik ibilbidea egin du, eta berarekin batera izan dira Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzako zuzendaria, Jorge Ballester Data For Science Fundazioko zuzendaria, Manu San Felix itsas biologo eta National Geographiceko argazkilaria eta gizarte eta hezkuntza arloetako erakundeetako 50 ordezkari inguru.
Sarasola izan da hitza hartzen lehena, eta proiektua aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzarekin eta Data For Science Fundazioarekin egindako elkarlana eskertu ditu. Nabarmendu du BBKk 100 urte daramatzala Urdaibai Biosfera Erreserbaren erdigunean lanean, “garai bakoitzean ezberdinak izan diren Bizkaiaren beharrizanei” erantzuna emateko helburuarekin: “Gune honen xedea aldatuz joan da, eta badira urte batzuk, batez ere klimarengatik lan egiten dugula”. Ohiturak jasangarritasunerantz aldatzeko hezkuntzak duen garrantziaz kontzientzia pizteko egunez, BBK Klimak bere oinarrian dituen hiru ardatzak azpimarratu ditu: hezkuntza, esperientzia eta komunitatea. “Estrategiak oso helburu argia du: familiei espazio esperientzial eta ludikoa eskaintzea, bertan, jokoaren bidez, ohiturak bizimodu jasangarriagoetara aldatzea sustatzeko. Ulysses esperientziak bereziki indartzen du bide hori, modu erakargarrian uztartzen baititu itsas jasangarritasunari buruzko zientzia, teknologia eta dibulgazioa”, zehaztu du Sarasolak.

2022az geroztik BBK Klima “etengabeko eboluzioa duen espazio bizi eta dinamiko” gisa sendotu dela nabarmendu du Gizarte Ekintzako zuzendariak, programazioa “urtez urte handituz” doalako: “10.000 pertsona baino gehiagok parte hartzen dute proiektuan, uda sasoian instalazioak bisitatuz, Horrez gain, 2.000 ikasletik gora dira zentro honetan astebete igarotzen dutenak, ingurumen hezkuntza, elkarbizitza eta beraien konpromisoa eraldatuko duen esperientzia biziz. Milaka pertsona dira ere, Klima Eguneroko bideoak ikusten dituztenak”. Data For Science Fundazioarekin elkarlanean jarduteak familia eta hezkuntza zentroei “konpromiso dibulgatzaile handia” duen eskaintza zabala eskaintzea ahalbidetu duela berretsi du, jasangarritasuneranzko erronkari modu bateratuan aurre eginda.
Ballesterrek, proiektua aurrera eramateko izandako zenbait zailtasunez haratago, programaren lehen etapan familia eta hezkuntza zentroen bisitetatik ateratako “balorazio positiboa” nabarmendu du. Data For Science-eko presidentearen hitzetan, zientzia da plastikoaren arazoa zehaztasunez ulertzeko eta konponbide eraginkorrak aurreikusteko aukera ematen duen tresna nagusia: “Ulysses bezalako proiektuek erakusten dutenez, ikertzeaz gain, ezinbestekoa da ezagutza hori gizarteari zabaltzea eta transferitzea. Ez dago BBK Klima baino espazio hoberik ebidentzia zientifikoa herritarrengana hurbildu eta kontzientzia kolektibo eta aldaketarako gaitasun erreal bihurtzen duen esperientzia zientifiko, interaktibo eta digital hau bizitzeko”.
Ozeanoak babestearen garrantzia izan du hizpide San Felixek: “Umea nintzela, asko gustatzen zitzaidan atunontziak Lekeitioko portura ontziak hustera etortzen zireneko une hori; gaur egun ez da ezer geratzen, Lekeitiora bagoaz ez da atunontzi bat bera ere geratzen. Uste dut zer gertatzen ari den ikertzeko eta hausnartzeko momentua da, nola ekin zehazteko gogoeta egiteko unea”. Biologoarentzat Ulysses proiektua nola jardun hori ezagutzeko adibidea da, eta zehaztu du, bidea enpresa eta instituzioek batera egin beharko luketela. Era berean, proiektuak helarazi gura duen mezua “oso positiboa” dela nabarmendu du, bisitariei “irtenbidea dagoela” azaltzen baitie: “Mezu positiboak garrantzitsuak dira, errealismotik Kantauri itsasoaren egungo eta lehengo egoera oso tristea delako. Halere, ozeanoak duten errekuperaziorako gaitasunari erreparatu behar diogu, izugarria baita. Zer egin dezakegu errekuperazioan laguntzeko? 186 herrialdek —Europar Batasuneko herrialde guztiak barne— 2022an Nazio Batuen Erakundearen aurrean sinatutako akordioa bete: %30a babestuko dugu, ozeanoak berreskuratzeko”.

Bilbao sailburuordeak itxi du goizeko agerraldia, eta bere hizketaldian Eusko Jaurlaritzarentzat natura ondarea kontserbatzea “lehentasun estrategikoa” dela nabarmendu du: “Lurralde txiki eta hauskor batean bizi gara eta gure ibai, estuario eta itsasoen osasuna gure gaurko eta etorriko diren gizarteen ongizatearekin lotuta dago. Ezin dugu beste albo batera begiratu tokiko inpaktu oso zehatzak dituzten ingurumen erronken aurrean”.
Negazionismoaren garaian, datuetan eta zientzian oinarritutako erabakien garrantzia azpimarratzea “funtsezkoa” dela zehaztu du, itsaso eta ibaietako zaborrak desagerrarazi edo murrizteko estrategia onena diseinatzeko bidea baita: “Ulysses proiektua gure kostaldean zabaltzen ari den mila gailu inguruk, itsas hondakinak korronteen arabera zelan mugitzen diren jakiteko datu baliotsuak ematen dizkigute, eta horrek arazoa teknologiaren eta kontzientziazioaren bidez arintzeko konponbiderik onenak aurkitzen lagunduko digu”, berretsi du.
Ulysses proiektua. Ekosistema urtarretan plastikoek eragindako kutsadurari aurre egitea bilatzen duen diziplina arteko ekimena da Ulysses, eta teknologia, hezkuntza eta herritarren zientzia ditu bere oinarrian. Proiektuak lau ardatz nagusitu ditu, horietako bat gaur bisitatu duten Ulysses Experience izanik. Busturiko instalazioetan iaz ezarri zuten ekimenak eskaintzen duen “bidaia interaktiboa” bertatik bertara ezagutu dute goizean. Bisita Domo Esperientzian hasi da; proiektuaren sorrera, egungo klima estatusa, ingurumen arazoari buruzko kontzientziazioa eta Ulysses Data For Science proiektuaren helburuak laburbiltzen dituen filma ikusi dute bertan, 360 graduko formatu murgiltzaile batean eta “planetaren etorkizuneko ikuspegi baikorretik planteatuta”.

Ostean, hiru gune nagusietan —proiektua, datu zientifikoak eta gune gamifikatua—zehar ibilbide interaktiboa egin dute. Lehen etapan, ukipen-pantaila baten eta informazio areagotua duen panel binilatu baten bidez, ekimenaren gakoak helarazi zaizkie bisitariei. Pantailaren leku ezberdinak ukitzean datu eta informazio zehatz ezberdinak jasotzeko aukera izan dute.
Datu zientifikoei zuzendutako atalean, ostera, bisitariek bai Bizkaiko Golkoan, bai inguruko ibaietan korronteek nola funtzionatzen duten ezagutu ahal izan dute, denbora errealean jasotako datuak ikusiz. Hala, gailuek biltzen dituzten datuek itsasoan amaitzen diren zaborren jatorria, garraioa eta metaketa ezagutzeko aukera ematen dutela ikasi dute. Gainera, proiektuaren flota osatzen duten itsasontzien tipologia ezberdinak ere erakutsi dizkiete.
Azkenik, gune gamifikatuan den “esperientziaren alderdirik ludikoenean” murgildu dira. Ulysses Misioa jokoan bi laguneko taldeetan banatu behar izan dira, bata Rangerraren eta bestea biltzailearen lekuan jartzeko. Lehenengoak zaborra identifikatu eta GPSan haren kokapena zehaztuko du; besteak, arrantza ontzia hartu eta zaborra batu beharko du, karga gehiegizkoa den kasuetan portura hustera joanda. Birzikla nazazu ahal baduzu jolasean, berriz, pantailan zehar mugitzen ari den zaborra dagokion ontzira bota beharko dute, pantaila erraldoira gomazko pilotak jaurtita.