Herri ondare garaikideari aitortza
Gorka Perez de la Peña Oleaga idazleak Bermeoko bilakaera garaikidea aztertzen duen liburua argitaratu du, Bermeoko Udalaren babesarekin: ‘Bermeo, 1860.1975. Hirigintza eta Arkitektura’. Arkitektura garaikidearen arloan «egiteko lan handia» badute ere, ikerketa-dokumentu zabal eta sakonaren argitalpenarekin emandako lehen pausoa "oso garrantzitsutzat" jo du udalak.
Asko dira egunero-egunero Bermeoko kaleak zeharkatzen dituzten herritar zein bisitariak. Herrian denek izango dituzte txoko, istorio, etxe edota kale gustukoenak, baina ziur, askok eta askok ez dituztela egunerokotasunean gurutzatzen dituzten errepide edo eraikinen nondik norakoak ezagutuko. Historian bidaiatu, hutsune hori bete eta bermeotarrei udalerriko ondare garaikidea ezagutzen, aitortzen eta maitatzen laguntzeko asmoz, Bermeo, 1860-1975. Hirigintza eta Arkitektura ikerketa-dokumentu sakona argitaratu du Gorka Perez de La Peña Oleagak, liburu gisa.
Bermeoko Udalaren babesarekin egindako ikerketak hiri berri baten artikulazioa eta Bermeoren arkitektura “aparta” jorratzen ditu, orain arte ezezagunak zituzten horiek herriaren historia garaikidearekin konektatzeko. Izan ere, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak azaldu legez, askotan aurrean izan ohi den ondarea “aberatsa” izaten da, baina askorentzat, “ezezaguna”. Hala, liburuaren sorrera “ez da kasualitatea” izan.
Lehenengo hazia 2014ko urrian erein zen, Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldien barruan kokatutako Etxez etxe izenpeko bisita gidatuekin. Irteera horrek Kikunbera etxea Perez de la Peñaren eskutik ezagutzeko aukera eskaini zuen, eta 80 lagunek parte hartu zuten. Gerora luzea izango zen bideko lehen harria izan zen.
Geroztik, Bermeoko Turismo Bulegoa idazlearekin elkarlanean aritu da, urtez urte udazkenetan bisita gidatuak antolatzen, “herriko altxor ezezagunak jendeari hurbiltzeko” asmoz. Bisitok ikerketa akademiko eta historikoarekin uztartu izan ditu Perez de la Peñak, eta ondorioz, “arrakasta handia” izan duten bisiten bitartez, herritarrek Bermeoko ondarea gero eta sakonago ezagutu ahal izan dute. “Gorkak Bermeoko ondarea ezagutarazi digu, eta, aldi berean, bera ere herri honen ondarearekin maitemindu da”, nabarmendu du alkateak. Asko izan dira idazleak herritarrei eta jakingura dutenei erakutsi dizkien eraikin eta espazio esanguratsuak, besteren artean, Kofradia Zaharra, Batzokia, Kasinoa, Goizeko Izarra Kofradia, Bermeoko ospitalea, Casa del Niño eta hilerria. Azken horretara egindako bisitak “benetako deskubrimendu gisa” definitu dituzte.
Obra eta egilea.
Idazlearen eskutik, herriko ondareaz haratago, ondare horren sortzaileak izan diren arkitektoak ere ezagutu izan dituzte bermeotar zein interesdunek, esaterako, askorentzat ezezagunak badira ere, “lehen mailako profesionalak” izan ziren Pedro Ispizua, Teodoro Anasagasti eta Fernando Arzadun: “Euren lanak nazioarteko mailakoak dira”. Horiek Bermeon egindako lanek “nazioarteko balioa” dutela nabarmendu du Nemehk: “Hori guztia geureganatu behar dugu; izan ere, Bermeo arkitektura garaikidean ere, lehen mailako herria da”.
Balioa emanez gain, ondare garaikidearen inguruan dauden erronkak ere aztertu ditu Perez de la Peñak liburuan; izan ere, horri zabalkundea ematea ez da erraza, eta “mantentzea eta birgaitzea are zailagoa” da, sarri, jabe asko dituzten eraikinak direlako, kostu handiko esku hartzea behar dutelako eta kasu askotan, ulertzen ez den ondare mota delako. Birgaitze-lanetan, gainera, ondarearen zati garrantzitsuak galdu izan dira, eraikinei arima propioa ematen dieten xehetasun txikiak sarri kontuan hartzen ez direlako; horrek, “ondorio larriak” ditu ondarearen osotasunean.
Hala, arkitektura garaikidearen inguruan oraindik egiteko “lan handia” dagoela aitortu, eta Bermeo, 1860-1075. Hirigintza eta Arkitektura liburua mugarri gisa kokatu du: “Lan handia dugu aurretik, baina liburu hau argitaratzea lehen pausoa izan da, eta ez da pauso txikia, oso garrantzitsua baizik”. Urte luzez “ilusio handiz” egindako lan horretan, Bitor Uriarte Anasagasti zinegotzi eta historialaria izan du bidelagun idazleak, eta Nemehk adierazi duenez, bere ekarpena “ezinbestekoa” izan da.
Zinegotziak aitortu bezala, benetako hasierako hazia Bego Gangoiti Canga turismo bulegoko arduradunak jarri zuen, hark esan baitzion udaletik herriko hirigintza eta arkitekturari buruzko argitalpena kaleratzea “interes handikoa” izango zela: “Gauza sinpleagoa izan zitekeen, baina ahalik eta sendoena egitea erabaki genuen; Bermeok duen aberastasunaren, ondare urbanistiko eta arkitektonikoaren garrantzia aitortzea”.
“Udalerri garrantzitsua”,
Bermeo, 1860-1975. Hirigintza eta Arkitektura liburu “berria” dela azaldu du Perez de La Peña idazleak, gai horri buruz idazten den lehenengo aldia dela azpimarratuta: “Beti ezagutu dugu hiribildua istorio berezi gisa, baina aro garaikidea ez. Hori Euskadiko arkitekturaren eta hirigintzaren historiografia garaikidearen eraikuntzarekin lotuta dago, non zati garrantzitsu bat eraikuntza horretako udalerrien monografiak aztertzean datzan. Herri batek historia eta aro garaikidea eraikitzeko aukera izateak herri garrantzitsua dela dio, eta hori ez da udalerri guztietan ematen”.
281 orrialdetan zehar, Bermeon, 1860 eta 1975 bitartean, “hiri garaikide berria” sortu zela jakitera ematen du. Erdi Aroko hiriaren eraldaketan zuen jatorria, eta arrain-fabrikak sakonenean, gaur egungo kaleak eraikitzeko ezinbestekoa izan zen: “Arresi kalea jatorrizko Erronda Bidearen gainean egindako eraikuntza garaikidea da, eta Lamera, berriz, Portu Nagusiko betelana”.
Idazlanaren azalak transmititu gura duen mezuan jarri du fokua Perez de La Peñak; izan ere, Bermeoko mapa irudikatu dute, atzean Ormaza fabrika zaharraren arkitektura antzeman daitekeelarik: “Garai garaikidean eratzen den hiria da, baina hiri horrek arkitektura berri baten beharra sortzen du. Arkitektura berri hori beharrezkoa da, adibidez, etxebizitza berrietarako, zuzkidura publikoetarako, eskoletarako… Kasinoa eta ospitale psikiatrikoa Bermeo berritik datozen azpiegiturak dira, eta XIX. mendean sortu ziren”. Horrekin, liburuak Bizkaia Bilbotik haratago doala azaltzen du: “Badirudi Bizkaia Bilbo baino ez dela, baina Bermeok, bere ereduarekin, hiri berri bat eraiki du”.
“Bisuala eta erakargarria”. Idazlearen helburua Bermeok dituen berezitasunak azpimarratzea izan da, eta horretarako, “liburu oso ikusgarria eta publiko zabalarentzat erakargarria” prestatu du, udalagaz batera. Argitalpen berezia izatea nahi zuela aitortu du, eta horregatik, xehetasun guztiak zaindu ditu: Bermeo. 1860-1975. Hirigintza eta Arkitektura 157 elementu grafikok osatu dute. Bermeotarrei ondarea zaintzea, maitatzea eta mantentzea dagokiela esan du alkateak: “Ez dena ezagutzen, ez da maitatzen; eta ez dena maitatzen, ez da zaintzen”.