Solabarrietaren ondare musikala omenduko dute
‘Gregorio Solabarrieta musikari bermeotarra’ erakusketa inauguratuko dute bihar (urtarrilak 23), 19:00etan, Nestor Basterretxean, eta otsailaren 1era arte egongo da ikusgai.
Udalerriko ondare kulturala eta identitatea balioan jarri asmoz, Kankinkabara Txistu Taldeak, Bermeoko Udalarekin lankidetzan, Gregorio Solabarrieta musikari bermeotarra erakusketa prestatu du, lanari izena ematen dion musikariaren figura eta lana zabaldu eta balioan jartzeko asmoz. Bihar (urtarrilak 23) bertan inauguratuko dute, Nestor Basterretxea Aretoan, 19:00etan, eta bertan egongo da ikusgai otsailaren 1a bitartean, 19:00etatik 21:00etara arteko ordutegian.
Bermeoko txistu taldeak herriko musikariek utzitako ondare kulturala batu eta nabarmentzeko helburuarekin lan egiten du, eta oraingoan, Gregorio Solabarrietaren ekarpenean jarri nahi izan dute fokua. Horretarako, bere loba Txutxi Solabarrietak 2019an Miranda Ebron estreinatu zuten erakusketa Bermeora ekartzea erabaki dute. Izan ere, Miranda Ebroko Udal Musika Bandaren zuzendaria izan zen, eta bertan garatu zuen bere ibilbide musikalaren zatirik handiena.
Horregatik, bi udalerrien “lotura berezia” azpimarratzeko, inaugurazio ekitaldiak bi herrietako ordezkariak batuko ditu: Bermeoko udal ordezkariekin batera egongo dira Ainara Hernando eta Carlos Diez, Miranda Ebroko alkate eta kultur zinegotzia.
Ekitaldia Kankinkabara Txistu Taldeak zabalduko du, bertaratutakoei erakusketaren testuingurua eta helburu nagusiak azaltzeko aurkezpen txikia egingo baitute. Horrekin batera, txistulari taldekoek Solabarrietaren lau abesti interpretatuko dituzte. Gainera, erakusketarekin lotutako bideoa ere proiektatuko dutela aurreratu dute. Ostean bai, interesa dutenek erakusketa bisitatzeko aukera izango dute.
Txikitatik musikari lotua. Solabarrietak 6 urterekin hasi zituen musika ikasketak, Santa Eufemia elizako koruan, Enrique Larrea maisuaren gidaritzapean. Hurrengo urteetan musika-tresna ezberdinetan ere trebatu zen: piccolo, pianoa, klarinetea… Klarinete jole gisa Bermeoko Udal Musika Bandatik ere igaro zen.
16 urte besterik ez zituen bermeotarra Bilboko Musika Akademian —egungo Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan— sartu zen, organo-ikasle legez. Ikasketak amaituta, Arrasateko Udal Musika Bandaren zuzendaritza hartu zuen.
1928an, 28 urte zituela izendatu zuten Miranda Ebroko bandako zuzendari, eta «arrasto kultural sakona» utzi zuen Solabarrietak bertan, hiriko musika eta kultura sustatzen lagundu baitzuen. Izan ere, bere gidaritzapean sortutakoak dira, esaterako, Mirandes futbol taldearen ereserkia eta A orillas del Ebro jota ezaguna. Halere, bermeotarren lanik ospetsuena Kresaletan zarzuela da, Txomin Agirreren Kresala eleberrian oinarritua eta Augustin Zubikarai idazle ondarrutarrak egokitua.
65 urterekin hartu zuen erretiroa musikariak, eta orduan, Miranda Ebroko Orfeoiaren eta udal musika bandaren omenaldia eta udalaren Hiriaren Zilarrezko Domina jaso zituen. 1978an zendu zen, baina bere oroimenak bizirik dirau, besteren artean Gregorio Solabarrieta Ganbera Orkestra Gazteak bere ondare musikala omentzen jarraitzen duelako.