'Zerbait sartu zait begian' obra estreinatuko du Imanol Epeldek Ajangizen
Geuretik Sortuak proiektuaren baitan ondu du Imanol Epelde sortzaile zarauztarrak 'Zerbait sartu zait begian' lana, Ajangizen eta Muxikan egindako egonaldietan oinarrituta, eta hori aurkeztuko du Ajangizko elizan, etzi (urtarrilak 23), 19:00etan.
Bagara, baina nor? Bagaude, baina non? Geuretik Sortuak proiektuaren baitan galdera horiei buruz hausnartzen aritu da Imanol Epelde sortzaile zarauztarra Ajangizen eta Muxikan egindako hiru egonaldietan zein hortik kanpo, bere sorkuntza lan berria osatzeko: Zerbait sartu zait begian. Baina, zer sartu zaio begian sortzaileari? Galdera existentzialak, emotikonoak, algoritmoak… denetarik. Egonezin batetik sortu du obra, gaur egungo garaiak bizitzen asmatzetik abiatuta, izan ere, gizartea identitate krisi baten erdian dagoela uste du. “Uste dut ez dakigula oso ondo nor garen, ez dakigula oso ondo non gauden, eta bagoazela, bai, baina askotan oso garbi jakin gabe nora goazen”. Orduan, euskaldun baten ikuspegitik, horri buruzko hausnarketa sortu du, ahalik eta modu umoretsuenean, eta barikuan (urtarrilak 23) aurkeztuko du sorkuntza, Ajangizko elizan, 19:00etan.
Euskalbiltzaren proiektuak euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzen ditu, eta deialdi horretan parte hartu du lehenengoz. Hala, poesia eta ikus-entzunezkoak uzartuko dituen lana ontzen ibili da Epelde. Hiru egonalditan, hamabost egun igaro ditu Busturialdean sortzaileak, eta egun horiek sorkuntza eta bulego lanak egiteko baliatu zituen, obra idazteko eta definitzeko. Hortik kanpo ere, lan dezente egin behar izan du.
Jakinarazi duenez, hitza da etzi aurkeztuko duen obraren osagai nagusia, eta Epelderen hausnarketez gain, Muxika eta Ajangizko herritarren berba ere agertuko dira ikuskizunean, hainbat bizilagun elkarrizketatu baititu sortzaileak. Hala ere, oholtza gainean bera bakarrik ariko da, spoken word erara aurkeztuko baititu testuak, horiek errezitatuz eta kantatuz; errimak indar handia izango duela aitortu du, baina batez ere mezuek izango dute protagonismoa. “Euskaraz gero eta gehiago ari dira hitz esana edo Spoken word esaten zaiona lantzen dutenak, eta hortik bideratuko dut nik ere, baina horri dramatizazio edo antzerki puntu bat emanda igoko naiz eszenatokira”, azaldu zuen Ajangizen ari zela.
Hitzak errezitatzeaz gain, irudiek eta musikak ere leku nabarmena izango dute ikuskizunean, nahiz eta musika ez den zuzenekoa izango. Bakarrik igoko da oholtzara, bakarrik idatzi du lana, baina talde bat egon da atzean laguntzen: “Ikus-entzunezkoetan Merina Griseko Julen Idigorasek sortuko duen musika dauka obrak, eta antzerki zuzendaritzan Iraia Elias eta Ainhoa Alberdi aritu dira”.
Ikuskizunean bere gogoetak plazaratuko ditu Epeldek, bost ataletan banatuta: nola bizi dugun denbora egun; naturarekiko deskonexioa; zoriona non eta nola bizi; maskulinitatea; eta hizkuntza. “Obra honekin erreibindikatu nahi dut euskadun bezala garai zailak bizitzen ari garen arren, bagarela. Badagoelako premia gure herri gogoari kantatzeko, badagoelako garena mugitzeko nahia eta beharra, sentitzen dudalako gogoa. Umorez, garenari autokritika umoretsua eginez”.