Kultura, kirola eta gastronomia uztartuko dituzte San Polikarpo jaiek
Gautegiz Arteagako San Polikarpo jaiek "tradizioari eutsiko" diote, beste urte batez. Kirol jarduera desberdinez gain, umeek gozatzeko hainbat aukera ere eskainiko dituzte, "denen gozamenera begira".
Iazko San Polikarpo Herri Lasterketa. Gautegiz Arteagako bizilagunek jaiaz gozatzeko irrikitan daude. Izan ere, asteburuan, San Polikarpo herriko zaindariaren jaiak ospatuko dituzte. Tradizio herrikoi handiko jai egunak dira hauek, eta udalak gustu eta adin guztietarako ekintzak antolatu nahi izan ditu, “denentzako jaiak” prestatzeko asmoz. Horretarako, gainera, herriko eragileekin elkarlanean jardun da udala, beste urte batez.
“Tradizioei eusteko prest” helduko dira jai herrikoiak Gautegiz Arteagara, Patrik Saitua udalerriko alkateak esan bezala: “Aurton San Polikarporen ospakizunak hiru egun iraungo ditu, hilaren 24tik (zapatua) 26ra (astelehena) bitartean, hain zuzen, gure zaindariaren egunera arte. Tradizio herrikoi handiko data hau ospatzeko hainbat jarduera ditugu aurretik, eta Artie Dantza Taldeari eskerrak eman nahi dizkioguz San Polikarporen ospakizuna ekitaldi handi bihurtzeko izan dauen inplikazio eta ekarpenagaitik. Betiko lez, tradizioei eusten diegu, Meza Nagusiagaz eta kros herrikoiagaz. Eta, zelan ez, haurrei lehentasuna ematen diegu Xaibor-en emonaldiagaz. Gure kirola ere bultzatzen dogu, pala eta esku pelota partidekaz”.
Baina, tradizioaren artean berrikuntzarik ere izango dute aurten San Polikarpo jaiek, ze, “produktu desberdinen azoka” prestatu dute, estreinakoz, zapatu goiza girotzeko helburuagaz. “Produktu gastronomikoak, diskoak, lorak, arropa eta artisautza eskainiko ditu azokak”, gaineratu dute.
Herriko zaindariaren eguna astelehenean (urtarrilak 26) izan arren, zapatutik aurrera jai giroa nagusituko da herrian, horrela “asteburu borobila” aurreikusiz. Asteburuari azokagaz emango diote hasiera, aditzera eman dutenez; 11:00etatik 15:00etara bitartean girotuko du azokak herria, batik bat. Tartean, gainera, Artie Dantza Taldeko dantzariek eta Asturiasko dantza talde tradizionala dan La Xurbial talde konbidauak bat egingo dute, herritarrei eta hurbiltzen direnei dantza ekitaldia emateko.
Arratsaldean, aldiz, musika izango da protagonista. Lehenik, Etxeberria aita semeak arituko dira Herriko Plazan, arratsaldea girotzen. Iluntzean, berriz, Xaiborrek hartuko du lekukoa, “herriko txikienen gozamena bermatzeko”.
Herri Lasterketa.
Domeka, baina, ez da gutxiago izango, eta kirola izango da protagonista egun guztian zehar. Izan ere, azken urteetan “presentzia handiagotzea” lortu duen San Polikarpo Lasterketa Herrikoiagaz gorputzak berotuz abiatuko dute goiza. 11:00etatik aurrera, Gazteluzar txokoaren inguruan bilduko dira kirolari zein kirolzaleak, adinaren arabera kros lasterketa lehiatzeko asmoz. Izan ere, gaztetxoenek adin tartetan banatuta parte hartuko dute, euren adinera egokitutako ibilbideagaz: 2-5 urte bitartekoak irtengo dira lehenengo, 6-8 urte artekoak gero, eta 9-11 urtekoak ostean.
11:30etik aurrera, aldiz, helduen lasterketa hasiko da. 5,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, eta, antolatzaileek esan dutenaren arabera, iazko ibilbide bera izango da aurtengoa: txokoan hasiko dira, Gaztelubidetik jarraituko dute, eta Zelaiederretik parkera ailegatu eta parkeari buelta emanda txokora itzuliko dira. Zirkuitu hori bost aldiz egin beharko dute nagusienek.
Lasterketan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango dela aurreratu dute udaletik, halaber: “Izen ematea doan izango da, eta horretarako email bat bialdu daiteke kulturetxea@gautegizarteaga.eus helbidera, edo Kultur Etxean bertan ere badago aukera horretarako. Eta lasterketa egunean bertan ere, hasi aurretik Gazteluzar Txokoan egongo da izena emateko aukera”.
Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Arteagako Antolarra pilota klubak antolatutako III. Pala txapelketa jokatuko da. Pala goma eta pala motzeko modalidadeko finalak jokatuko dira, senior mailakoak biak.
San Polikarpo egunean bertan, urtarrilaren 26an, eguna Andra Mari elizako mezagaz hasiko dute, tradizioari tiraka. Ondoren, Gautegiz Arteagako Udaletik jakinarazi dute Artie Dantza taldearen dantzekin gozatzeko aukera izango dutela bertaratzen direnek, berriro ere. Hamaiketako herrikoiagaz jarraituko dute, Elizpean. Etxeberria aita semeak ere izango dira herrian zehar, jaia musikatzen. Arratsaldean, jaiei amaiera emateko, 18:00etatik aurrera, pilotaren txanda izango da. Doako pilota jaialdia izango da frontoian, oro har. Lehen norgehiagoka, Lea Ibarra Motrollo Pelota Alkarteak antolatua, haur mailako binakako partida izango da, eta ondoren, Binakako B Serieko Txapelketako partida bat jokatuko dabe Zubizarreta III. ak eta Arangurenek Rekalde eta Bikuñaren aurka.