Geratzeko etorri den erronkaren lehen kimua
Paul Goitisolo Otazua gernika-lumotarrak Gernikatik Oiz mendiaren tontorrera joan-etorriko lehen errekorra ezarri du. Kronoa ia bi ordu eta erditan geldituta osatu du 30 kilometroko ibilbidea. "Pasio hutsez" aritu da, aurrekaria sortu asmoz, eta inguruko mendizale zein korrikalariak erronkari heltzera eta "nork bere errekorra" egitera deitu ditu.
Argazkia: Arrolape Mendi Kluba. Paul Goitisolo Otazua gernika-lumotarrak sobera ezagutzen ditu mendian korrika egitearen inguruko argi-ilun denak. Han-hemen lasterka egindakoak ondo daki lorpenen uriolarik handienak sarritan ez direla lasterketen aterkipean ezkutatzen, senak agintzen duenaren atezuan baino. Halaxe, barne grinari jaramon eginez, otu zitzaion zerbait berezia egin behar zuela: ohiko proben ekosistematik aldenduko litzatekeen zer edo zer, baina ez horregatik egiten erraza, eta karga emozionalez betea.
Duela urtebete baino gehiagotik zeukan buruan FKT formatuko erronka egitea, eta Asturiasko Sobrescobio Redes Trail lasterketa egin ostean bururatu zitzaion bere azterketa propioa gorpuztea. FKT laburduraren atzean Fastest Known Time dago ostenduta: puntu batetik bestera joan-etorririk bizkorrena egiteko esamina. Munduko gailurrik entzutetsuenetako askotan egin izan da proba hori, esaterako, Monte Perdidon. Bada, gernika-lumotarrak beretzat esangura “berezia” duen tontorra hautatu zuen: Oiz.
“Aspalditik Oizera begira” ibili izan da arrolapetarra, faktore “emozionala” tarteko: “Entrenamenduetan zein lasterketetan, bertatik pasatzea beti oso polita izan da; horrexegatik, hasieratik argi izan dut erronka Oizera egingo nuela”. Gernika-Lumoko Andra Mari elizaren atarian hasi eta amaituta, 02.28.13an gelditu zuen erlojua lehen markaren egileak, 30 kilometro eta 1.220 metro metatuko desnibela egin ondoren; bost minututik beherako denboran egin zuen kilometro bakoitza.
Paul Goitisolo Otazua: “Entrenamenduetan zein lasterketetan, bertatik pasatzea beti oso polita izan da; horrexegatik, hasieratik argi izan dut erronka Oizera egingo nuela”

Argazkia: Arrolape Mendi Kluba.
Ekimenaren jomuga “ez da konpetizio hutsa“. Herrian nahiz eskualdean mendiarekiko “benetako pasioa” dagoela aditzera eman asmoz egin zuen korrika Goitisolok: “Lehendabiziko marka ezarrita, jende gehiagori animatzeko eta bere erronka propioa egiteko deia luzatzea zen helburu nagusia; izan korrika, izan oinez, nork bere esperientzia bizitzea”.
Irteera eta helmuga gunea ia itsas mailan dago; tontorra aldiz, 1.000 metrotik gorako garaieran. Edozelan ere, lasterka egiteko ibilbide “aproposa” topatu zuen. Kanpantxutik ekin zion lehen maldei. Eperlandatik, Berroiara jo zuen, eta handik Urrutxura. Urrutxutik gora abiatu zuen zatirik gogorrena, Astoagana ingurutik San Kristobal baselizaraino doana, eta handik Oiz gailurrera. Guztia “ahalik eta hoberen” prestatuta ere, ibilbidearen puntu jakin batzuetan “larri samar” ibili zen: “Trenbideko hesia jaitsita topatuko ote nuen beldur nintzen, batez ere, itzuleran; igoera eta jaitsiera toki berberetik egin gura nituen, eta trenagatik gelditzeak minututik gorako galera suposatuko zidakeen”.
Eta orain zer?
Goitisolo Oizko erronkaren aitzindaria da, baina argi du ezarritako langa “gainditzeko modukoa” dela: “Ibilbide bera errepikatzeko prest nago, are bizkorrago ere egin dezakedala uste baitut. Hori bai, niretzat garrantzitsuena da korrikalari gehiago animatzea; bost urte barru nire denbora hamargarrena baldin bada, benetan pozarren egongo naiz, jendeak abenturari erantzun diola adieraziko baitu horrek. Hain zuzen, hainbatek esan izan didate Oiz begiz jota dutela, baina ez direla sekula pareko zerbait egiten saiatu; orain, behintzat, badute horretarako motibo bat“.
Etorkizunak ekar ditzakeen tankerako erronkez galdetuta, Ogoño inguruan “pareko zerbait” egitea du buruan. Amestea, baina, libre eta eder da. Beraz, hordago handiagoagaz jokatzeko prest dago gernika-lumotarra: “Ederra litzateke eskualdeko tontorrik esanguratsuenak —Oiz, Sollube, Illuntzar eta Bizkargi— ibilbide berean lotuko lituzkeen erronka prestatzea. Kilometraje aldetik zorakeria izan ez dadin, serioago prestatu beharko litzatekeen proiektua da, baina bai Arrolapen, bai inguruan, behin baino gehiagotan komentatu izan dugun erronka da”.