1.500 lagun inguru, izen emanda
Euskal presoen aldeko VII. Etxera Trail hartuko du Gernika-Lumoko Pasealekuak, domekan [urtarrilak 25].
Domeka honetan [urtarrilak 25], Gernika-Lumoko herrigunea eta inguruko mendi zein bidezidorrak kirol eta aldarrirako bateragune bilakatuko dira. Goizetik eguerdira arteko egitarauagaz, euskal presoen aldeko Etxera Trailen VII. ekitaldia egingo dute. Urtero modura, mendizaleek solidaritaterako deialdiagaz bat egingo dute, izen ematetik hasita: ia 1.500 lagun aurretiaz izena emanda daude. Antolatzaileek “pozik” hartu dute herritarren erantzuna: “Izen ematearen zifrek bistaratzen dute Etxera Trailek errepresentatzen duen mezuak bizirik dirauela, eta kontzientzia sozial hori egon badagoela”. Iaz, eguraldi traketsak egitaraua bertan behera uztera derrigortu zuen antolakuntza, baina 2024an, hain zuzen, 1.600 lagun inguru bildu ziren Pasealekuko irteera eta helmuga gunean. Aurtengo aldiak, horrenbestez, kota hori harrapatzeko bidea hartu du.
Mendi martxa labur zein luzea eta mendi lasterketa prestatu dituzte. Azken biek ibilbide bera partekatuko dute, 16 kilometro eta 650 metroko desnibelduna. Santa Luzia auzotik Trama aldera abiatuko dira martxalari zein korrikalariak, handik Errigoitiko Madalen auzunera jotzeko; Maiaga eta Ganaga gainak harrapatuta, Amilla auzotik Lumo partera joango dira, Aixerrotara igotzeko eta Bastegietatik Gernika-Lumora heltzeko. Lasterkarien kasuan, Santa Luziarainoko tartea neutralizatuta egingo dute, “arriskuak ekiditeko”. Anoa postuei dagokienez, Madalen auzoan eta Aixerrota inguruan topatuko dituzte. Martxa laburra, “familiei edota zer edo zer errazagoa egin gura dutenei” zuzendutakoa, 6 kilometro eta 350 metroko desnibela dituen ibilbideduna izango da, eta martxalariak Aixerrota tontorreraino eroango ditu.
Lasterketarako izen ematea zarratuta dagoela aurreratu dute. 750 korrikalari bertaratuko dira Pasealekura: “Batzuk mendiaz nahiz egunaz gozatzera joango dira; beste hainbeste, egun seinalatu honek duen esanguragatik; horiez gain, erlojuari begira ziztu bizian lasterka egiteko asmoa edukiko dutenak ere badira”. Hori bai, antolatzaileek azpimarratu dute Etxera Trailen funts nagusia “ez dela lehiatzea, euskal presoen auzia plazaratzea baino”. Halaber, gaur-gaurkoz 479 lagun dira martxa luzera izena eman dutenak, eta 184, berriz, martxa laburra hautatu dutenak. Ez hori bakarrik: egunean bertan martxa bietara ala bietara izena emateko aukera egongo da, irteera orduak orduko. Orduok, hain zuzen ere, honakoak izango dira: 09:00retan abiatuko dira martxa luzeko parte hartzaileak; 10:30ean, mendi korrikalariak; 10:45ean, martxa laburreko partaideak. Gainera, lehen irteera orduko, presoei eta beren senideei “oroimen ekitaldia” egingo diete.
Egun osoko topagunea.
Pasealekuko helmuga harrapatu ondoren, egunak ez du berea egingo. Izan ere, pintxopotea egingo dute, Kittu erromeriak girotuta. Gainera, herriko zenbait tabernak egitasmoarekiko elkartasuna erakutsi dute, eta, hala, parte hartzaile bakoitzak pintxopotean baliatzeko kontsumizio txartel bana jasoko du. Zozketak ere egongo direla iragarri dute: “Herriko ostalari zein merkatariek beren produktu edota zerbitzuekin lagundu dute; oso eskertuta gaude erakutsitako prestutasunagatik”. 13:00etan, sari banaketa ekitaldiari helduko diote: lasterketako lehen hiru emakumezkoek eta gizonezkoek jasoko dute saria. Horren ostean bilduko dira aipatutako poteo giroan.
Antolatzaileek gogoratu dute parte hartzaileek dutxatzeko aukera edukiko dute, Santanape kiroldegian, eta autoz bertaratuko direnei baliatu ditzaketen aparkaleku nagusiak zeintzuk diren azaldu diete: Santanakoa, Zearretakoa eta Astrakoa.
EGITARAUA
09:00. Ekitaldia eta martxa luzearen irteera.
10:30. Mendi lasterketaren irteera.
10:45. Martxa laburraren irteera.
13:00. Sari banaketa ekitaldia.
Ondoren. Pintxopotea.