Jolasaren bidez Korrikaren balioak ezagutzeko familia tailerrak eskainiko ditu Berbalagunek
'Ziztu bizian, euskaraz! - Korrikaren erritmoan' tailerra antolatu du Berbalagunek: Bermeon urtarrilaren 29an [eguena] jarri dute hitzordua eta Busturian, urtarrilaren 30ean [barikua]. Izena eman beharko da.
Martxoaren 26an [eguena] iritsiko da 24. Korrika Busturialdera, baina eskualdeko udalerriak oinak eta eztarriak berotzen hasteko prest daude. Aldarria eta kirola uztartzen dituen egitasmoa da Korrika, eta Bermeon eta Busturian, esaterako, horren balioak Berbalagunek gurasolaguntzeko antolatutako Ziztu bizian, euskaraz! – Korrikaren erritmoan tailerrarekin ezagutuko dituzte. Izan ere, familientzako euskaraz bizitzeko “espazio atsegin eta erakargarriak” eskaintzea da programaren xedea, haur eta helduek euskaraz jolasteko, parte hartzeko eta elkarrekin gozatzeko aukera izatea, alegia. Bermeotarrek urtarrilaren 29an [eguena] dute ipinita hitzordua, 18:00etan, Euskal Gunean; busturiarrek, ostera, urtarrilaren 30ean [barikua], 17:30ean, Altamiran.
Urtxintxa Eskolak dinamizatutako tailerrak euskarazko harremanak indartzea du bere helburuen artean, familia barruan zein familien artean “hizkuntza erabilera erreal, natural eta presiorik gabeko testuinguruak” sortuz. Gainera, euskararen transmizioari lagunduko dioten “jarduera eta jolas koherenteen” bidez, egitasmoak mintzapraktika eta hizkuntza gaitasuna modu ludiko eta emozionalean jorratzeko aukera eskainiko du.
Korrikaren esentzia.
Hala, Ziztu bizian, euskaraz! – Korrikaren erritmoan tailerrarekin bat egiten dutenek Korrikaren balio eta emozioak jolasaren bidez ezagutuko dituzte, familia giroan: “Herriz herriko ibilbide sinboliko batean, erronka txikiak gaindituko ditugu elkarrekin, euskaraz eta elkarlanean, Korrikaren espiritua eta ilusioa auzoetara ekarriz”. Azaldu dutenez, tailer dinamikoaren bidez “elkarlana, transmizioa eta euskararekiko konpromisoa” jorratuko dira, Korrikaren esentzia irudikatuz: lekukoa hartu, elkarri eman eta erronka ezberdinak gaindituz.
Hala, Bermeo edo Busturiara bertaratzen direnek Urtxintxako hezitzailearen eskutik Korrikaren testuingurua ezagutuko dute. Jarraian, mugimenduari ekiteko lehen jolasa egingo dute: “Talde bakoitzak bere lekukoa eskuratuko du, eta hortik aurrera, abentura martxan jarriko da”. Zehaztu dutenez, kartulinez sortutako mapa baten bidez familiek herriz herriko ibilbidea egingo dute, geldialdi bakoitzean joko edo proba bat eginez: euskaraz kantatu, dantzatu, asmakizunak ebatzi… “Erronka guztiak dinamikoak eta kooperatiboak izango dira, partaide guztien ekarpena beharrezkoa izanik”, zehaztu dute sustatzaileek.
Metodologiari dagokionez, parte-hartzailea eta dinamikoa izango dela nabarmendu dute, feminismoan eta elkarlanean oinarrituta egongo dela zehaztuz: “Ulerkorra, arrazionala eta aktiboa izango da, une guztietan hezten eeta motibatzen duena, zehatza, esanguratsua eta praktikoa”.
Ekimenaren bultzatzaileek nabarmendu dutenez, tailerrek euskara erabiltzeaz haratago, familiei euskaraz bizi, jolastu eta harremanak sendotzeko aukera ere eskaintzen die, “giro atsegin eta parte hartzailea” sortzen delako: “Korrikan bezala, denok batera eta euskaraz, emozioa, mugimendua eta jolasa uztartuko dituen esperientzia izango da”.
Izen ematea. Tailerra 6 eta 14 urte arteko haurrei eta horien gurasoei zuzenduta dago. Lekuak mugatuak direla azpimarratu dte, ordubeteko iraupena izango duten saio bakoitzean gehienez 18 lagunek parte hartu ahalko baitute, gutxi gorabehera bederatzi familiak. Izena emateko, interesdunek 607 60 95 80 telefono zenbakira deitu edota bermeoberba@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute.