HAPO berria lantzeko saio parte hartzaileak deitu ditu udalak
'Zer da HAPOa? Zertarako eta norentzat egiten da?' formakuntza eta informazio hitzaldiagaz hasiko dute lehen fasea, bihar [urtarrilak 20], 19:00etan, Altamirako Kultur Etxean.
Busturiko Udalak udalerriaren etorkizuneko hirigintza-garapena planteatu ahal izateko Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berri eta “ahalik eta zehatzena” idaztea onartu zuen abenduko osoko bilkuran. Bilera berean, dokumentu estrategikoa herritarren parte hartze aktiboarekin aurrera eramatea ere onartu zuten, talde politiko, teknikari eta herritar banako zein antolatuen ahotsa jasotzeko. Orain, herritarren parte hartze saioen egutegia kaleratu dute, eta busturiarrei “udalerriko etorkizunean” parte hartzeko deia luzatu die.
HAPO berriaren lehen fasea den diagnostikoaren parte hartzea lanketan herritarrekin lau hitzordu finkatu ditu udalak, bihar [urtarrilak 20] hasi eta otsailera bitartean luzatuko direnak. Parte hartze prozesua Zer da HAPOa? Zertarako eta norentzat egiten da? deitu dute formakuntza eta informazio hitzaldiagaz hasiko dute bihar eta 19:00etan jarri dute hitzordua, Altamirako Kultur Etxean.
Lehenengo saioan oinarrizko informazioa jasota, hilaren 29an [eguena] Altamirako Elizako arkupean kokatuko den parte hartze karpa irekian batuko dira herritarrak, 16:30etik 19:00etara arteko ordutegian. Otsailaren 4an [eguaztena], ostera, Espazio publikoa, ingurumana, mugikortasuna, etxebizitza eta ekipamendu publikoak deitu duten parte hartze jardunaldia izango dute, 18:30etik aurrera, kultur etxean.
Lehen zikloa amaitzeko, Hirigintza barneratzailea tailer parte hartzailea izango dute herritarrek, otsailaren 11n [eguaztena], 18:30ean, kultur etxean.
Udaletik “bertaratzera, informatzera eta norbere ideiak ekartzera” animatu dituzte busturiarrak: “Zure ahotsa funtsezkoa da gura dugun Busturia eraikitzeko”.